John Eliot Gardiner zuzendariak irekiko du Musika Hamabostaldia

Data

22.08.02 - 22.08.27

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Jonh Eliot Gardiner musika zuzendaria Donostian izango da.
Jonh Eliot Gardiner musika zuzendaria Donostian izango da. (MUSIKA HAMABOSTALDIA)

Musika Hamabostaldiaren 83. edizioa abuztuaren 2an hasiko da, asteartearekin, eta abuztuaren 27ko larunbatean bukatuko da. Lau aste horietarako hirurogeita hamar kontzertu eta ikuskizun baino gehiago antolatu dira, baita Organo Erromantikoaren 38. Nazioarteko Ikastaroa eta beste hainbat ekintza paralelo ere. Programazioa osatzen duten zikloek nagusiki Donostia izango badute ere egoitza, Gipuzkoako beste hainbat herritan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean ere izango dira ekitaldiak.

Kursaal Auditorioko eta Victoria Eugenia Antzokiko programazioaren aurrerapena ezagutarazi da asteazken honetan.

John Eliot Gardiner zuzendariak, English Baroque Soloists ensemblearen eta Monteverdi Choir talde koralaren gidari, Kursaal Auditorioko kontzertu handiak inauguratzeko ardura izango du (abuztuak 2). Musika barrokoaren erakusgarri garrantzitsuenetakoak dira, baita jaialdiaren aspaldiko ezagun ere, laurogeita hamargarren hamarkadatik hona. 2016an Hamabostaldian egon eta sei urtetara itzuliko dira festibalera. Ganbera talde moduan, Carissimi, Scarlatti eta Schutz konpositoreen obraz osatutako programa interpretatuko dute (XVII-XVIII mendeak). Gardiner Europako jaialdirik garrantzitsuenetako zenbaitetan izango da uda honetan; izan ere, uztailaren 20an programa bera interpretatuko du Salzburgoko Festibalean, eta dagoeneko agortuta daude gaualdi horretarako sarrerak.

25. urteurrena ospatzen ari den Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) agertokia Kanariar Uharteetako Orkestra Gaztearekin (JOCAN) partekatuko du (abuztuak 5) Mahler konpositorearen 3. sinfonia interpretatzeko, obra horrek eskatzen duen interprete talde zabalari erantzunez. Víctor Pablo Perez zuzendariak gidatuko du kontzertua, kanariar orkestraren titular eta historian zehar Hamabostaldiko podiumean aldi gehienetan aritu den zuzendariak, hain zuzen. Ahotsen alderdiari dagokionez, 2021ean Francisco Viñas Nazioarteko Kantu lehiaketa irabazi zuen Carmen Artaza mezzo donostiarrak interpretatuko ditu IV eta V mugimenduetako testu trinkoak; azken horretan Donostiako Orfeoiko eta Orfeoi Gazteko ahots zuriak izango ditu lagun, «esku-hartze labur baina edertasun handikoan. Mahlerren Hirugarrena da konpositorearen sinfonietatik gehien interpretatzen denetako bat; partitura hunkigarria», jaialdiaren arduradunen hitzetan.

Aurten 125 urte betetzen dira Pablo Sorozabal (Donostia, 1897 - Madril, 1988) jaio zenetik eta, ospatzeko, Hamabostaldiak La tabernera del puerto (‘Portuko tabernako neska’) zarzuelaren kontzertu bertsioa berreskuratuko du (abuztuak 7). «1936ko apirilean estreinatu zenean arrakasta itzela izan zuen eta donostiar konpositorearen pieza garrantzitsuenetakoa da. Lan horrekin zarzuela Hamabostaldira itzuliko da 25 urteren ondoren. Unai Urrechoren zuzendaritzapean, Sorozabalen obra interpretatuko dute Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS), zeinak lehen mendea betetzen duen aurten, Landarbaso Abesbatzak nahiz Miren Urbieta-Vega eta Aneka Gorrotxategi protagonista izango dituen bakarlari taldeak. Urbieta-Vega eta Gorrotxategik eskakizun handiko paperei egin beharko diete aurre», adierazi dute.

Abuztuaren 12an eta 14an opera Hamabostaldira itzuliko da, pandemiaren eraginez bi urtez programaziotik kanpo geratu ondoren. Kursaalak ‘La Fille du Régiment’ (G. Donizetti) opera komikoaren ekoizpen berri baten estreinaldia hartuko du, Musika Hamabostaldiak Guillermo Amayari enkargatutakoa. Jordi Bernacer musika zuzendariaren gidaritzapean, rol nagusiak Elena Sancho-Pereg sopranoak eta Xabier Anduaga tenorrak interpretatuko dituzte. Azken horrek interpretatuko du ‘Ah mes amis!’ aria, bularreko bederatzi do dituena. Aria hau operako Everest menditzat jotzen dute askok, bere zailtasuna dela eta. Azken aldiko euskal ahotsik aipagarrienak diren bi donostiarrek lehen aldiz kantatuko dute elkarrekin beren jaioterrian. Euskadiko Orkestra zulogunetik aritzeaz gain, Easo Abesbatzak ere hartuko du parte.

2022an berrogei urte betetzen dituen Euskadiko Orkestra Kursaalera itzuliko da (abuztuak 20) Wayne Marshall zuzendari duela, eta Indira Mahajan sopranoak, Eric Greene baritonoak eta Andra Mari Abesbatzak lagunduta, musika amerikarrez osatutako programa eskaintzeko: Gershwin-en Rhapsody in Blue eta Porgy & Bess operako hautaketa emango dute. «Marshall errepertorio honetan aditua da eta Hamabostaldian debutatzen badu ere, aurretiaz Euskadiko Orkestra zuzendu du hainbat alditan; zuzentzeaz gain, pianoarekin interpretatuko ditu instrumentu horren pasarteak kontzertu honetan», kontatu dute.

Alemaniako orkestra aktiboenetakoa den Frankfurteko Irrati Orkestra Hamabostaldira itzuliko da (abuztuak 21) Alain Altinoglu titularrarekin, berrogei urtetan zehar jaialdiarekin izandako harremana berretsiz. «Altinoglu 21/22 denboralditik da orkestrako zuzendaria, baita Bruselako La Monnaierena ere 2015etik. Bomsori Kim biolinista izango du lagun bereziki zaila den Sibelius konpositorearen Biolinerako kontzertua interpretatzeko eta Vocalia Taldea Debussy-ren Nocturnes-en azken mugimenduari aurre egiteko. XX. mendearen lehen erdia zeharkatzen duen eskakizun handiko programa osatuko dituzte Verdi-ren La Forza del destinoko oberturak eta Weinberg-en Orkestrarako suiteak», diote.

Václav Luks-ek sortutako Collegium 1704 musika barrokoko orkestra eta ahots taldea da edizio honetako berrikuntza aipagarrienetako bat. Václav Luks klabezinista eta zuzendaria izateaz gain, John Eliot Gardiner bezalakoen oinordeko izatera deitua den garai barrokoaren aditu belaunaldi berriko ordezkari aipagarrienetako bat da. 2005ean Collegium 1704 Orkestra Barrokoa eta Collegium Vocale 1704 sortu zituenetik, konpositore barrokoen eta bereziki txekiarren ondarea berreskuratzen eta ezagutzera ematen dihardu. Ildo horretan, Haendel konpositorearen Dixit dominus eta Zelenka, garaiko konpositore txekiar garrantzitsuena izandakoaren Missa omnium aurkeztuko ditu Donostian.

Musika txekiarra Kursaaleko kontzertu handien azken txanpan ere izango da protagonista, Txekiar Orkestra Filarmonikoaren eskutik, zeinak Semyon Bychkov titularraren batutapean bi kontzertu (abuztuak 26 eta 27) emango dituen. Lehenengoan Mahler konpositorearen 7. sinfonia interpretatuko du, talde txekiarrarekin harreman estua duena, 1908ko irailean estreinatu baitzuen orkestrak sinfonia, konpositoreak berak zuzenduta; «Mahlerren sinfonia apurtzaileenetako bat da, oso konplexua eta orkestra zabalak interpretatzeko konposatutakoa».

Txekiar filarmonikoaren bigarren kontzertuak (abuztuak 27) emango dio amaiera 83. Donostiako Musika Hamabostaldiari. Itxiera horretarako, Bychkov maisuak hiru egile txekiar handiri eskainitako programa osatu du: Dvorak, Martinu eta Janacek. Kontzertua Dvoraken Inauteri obertura-rekin hasiko da; jarraian, Katia eta Marielle Labèque pianistek, orkestrarekin batera, Martinuren Bi piano eta orkestrarako kontzertu ezohikoa interpretatuko dute; emanaldia ixteko, Janaceken Meza glagolítico izugarria joko dute, Evelina Dobračeva sopranoarekin, Lucie Hilscherová mezzoarekin, Aleš Briscein tenorrarekin, Jan Martiník baxuarekin eta Donostiako Orfeoiarekin.

Aurrerapenaren informazioa webgunean irakur daiteke. Oraindik ez dira sarrerak salgai jarri.

Kokapena

Kursaal
Zurriola, 1
Donostia. Gipuzkoa