Juan Luis Goenagak kolore biziz jantzi ditu Ekain arte galeriako hormak

Data

22.12.09 - 23.01.29

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Juan Luis Goenaga, bere artelanez inguratuta.
Juan Luis Goenaga, bere artelanez inguratuta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Erakusketa bakanak egiten ditu Juan Luis Goenagak (Donostia, 1953). Urteak dira Ekain arte galerian bere lanak erakusten ez zituela. 2013an izan zen azkena, hiriko beste bi aretoetan egin zituen ondoren. 35 obraz osatutako erakusketa dauka urtarrilaren 29ra bitartean, Donostiako Alde Zaharrean.

Azken urteotan sortutako artelanak ikus ditzake bisitariak. Paisaiak jabetu dira galeriako hormez. Baita irudi abstraktuak ere. Hauen artean, hala ere, badira abstrakzioan hasi eta figurazioranzko bidea hartzen dutenak.

Aipagarria da ‘Eskulan’ izeneko papera oinarri hartuta ondutakoak. Goenagak berak egiten du papera, eskuz, eta hori erabiltzen du euskarri moduan. «Konposaketa desberdinak erabiliz gogortu egiten du papera. Olioa edo teknika nahasiak erabiltzen ditu. Ia gehienetan lurrean bertan lantzen ditu eta zapaten hatzak ere ikus daitezke», azaldu du Rita Unzurrunzaga galeristak.

Kolore bizien aldeko apustua egin du Goenagak: magentak, urdinak... ikus daitezke han-hemen. Baita horia ere, kasu batzuetan. «Hurbilduz gero abstraktuak direla ikusten duzu, baina distantzia hartzen zoazen heinean paisaiak eta figurak antzematen dituzu», zehaztu du.

Formatu txikia eta ertaina erabili ditu. Barne sentimenduak adierazteko tresna da paisaia Goenagarentzat.

Gabonetan beste hainbat sortzaileren lanak ere bildu ditu Ekain galeriak. Hamar diseinatzaileren lanak daude. Virginia Ameztoiren eta Gabriel Muñagorriren oihalak; Titty Thusbergek artilez paper gainean egindako lanak, postal itxura hartzen dutenak; Zuriñe Uriarteren ilustrazioak; Joseba Lekuonak marmolezko harri piezatik ateratako platerak; Ana Sistiagaren rafiazko brotxeak eta poltsak; Elena Cajaravilleren eta Marta Fernandez Caballeroren kasuan bitxiak, eta Aran Santamariaren pop-up artelanak. Larunbat honetan jarriko dira salgai urtarrilaren 7ra arte.

Asteartetik larunbatera 11.30etik 13.30era eta 17.00etatik 20.00etara da bisita ordutegia. Sarrera doan.

 

 

Kokapena

Ekain Arte Galeria
Iñigo, 4
Donostia. Gipuzkoa