Estreinaldiak eta kale antzerkiko eskaintza, Bilboko Aste Nagusiko opari

Data

22.08.28

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Ganso & Cíak ‘Panoli Kabareta’ lanaren zati labur bat eskaini du aurkezpenean.
Ganso & Cíak ‘Panoli Kabareta’ lanaren zati labur bat eskaini du aurkezpenean. (BILBOKO UDALA )

Abuztuaren 21etik 28ra (igandetik igandera), zirkua, magia, musika, akrobaziak eta adin guztietarako umore anitz uztartzen dituen doako programazio zabala prestatu du Bilboko udalak. Gas Plaza eta Txikigunea, Casilda Iturrizar parkeko Pergolan, izango dira lotu diren 18 emanaldien agertokiak; horietatik bi Bilboko taldeek prestatutakoak dira, beste zortzi Euskal Herriko beste puntuetakoak, sei Estatukoak eta bi nazioartekoak.

Itziar Urtasun, Udaleko Jai zinegotziak, astelehen goizean emandako prentsaurrekoan kale antzerkiarena Bilboko Aste Nagusiko atalik indartsuenetakoa dela adierazi du. Izan ere, kalitate handiko doako ikuskizunak izango dira, ikus-entzule guztiei zuzendutako musika, magia, akrobaziak, clowna eta umore asko uztartzen dituztenak, goizeko zein arratsaldeko saioetan.

Nazioartean ospe handia duten antzezpenak nabarmentzen dira, baita euskal konpainia ugari eta euskarazko lanak ere, bai eta emakumeak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak egindakoak ere, euren proposamenekin ikus-entzuleak hotz utziko ez dituzten lanak, hain zuzen ere.

Aurkezpena programazio hori hartuko duen guneetako batean egin da, Gas Plazan. Bertan, Ganso & Cíak ‘Panoli Kabareta’ lanaren zati labur bat eskaini du. Clown ikuskizun horrek jaietan izango du pase osoa, hilaren 22an, 13.15ean.

Emanaldi ugari goiz eta garratsaldez

Gas Plazan eta Txikigunean izango dira ikuskizunak abuztuaren 21etik (igandea) 28ra (igandea). Bi emanaldi egingo dira, 13.30ean eta 21.15ean, Gas Plazan. Bertan programatutako lanek 50 minutu inguruko iraupena izango dute.

Bestalde, Txikigunean, Casilda Iturrizar Parkeko Pergolako agertokian, umeei zuzendutako ikuskizunak izango dira, egunero 19.30ean, euskararen presentzia nabarmenarekin.

Aste Nagusiaren 42. edizio honetan, Estatuko sei konpainia eta nazioarteko bi iritsiko dira Bilbora, munduko hainbat lekutatik: Katalunia, Aragoi, Andaluzia, Gaztela Leon, Brasil, Alemania eta Belgika.

Gainera, Aste Nagusia euskal konpainientzako plaza bihurtu da, izan ere, egun hauetan zehar jendearengana hurbiltzeko eta sektorean ezagunagoak izateko jauzia emateko aukera dute. Edizioz edizio, Kaleko Antzerkia eta Arte Eszenikoak Aste Nagusian ondoen baloratutako jardueretako bat da. 2019an 40.000 ikus-entzule baino gehiago izan zituen.

Bi estreinaldi

2022ko Aste Nagusiko Kaleko Antzerki eta Arte Eszenikoen programazioak bi ikuskizunen estreinaldia ekarriko du Bizkaiko hiriburura: ‘Gora bihotzak!’, Eidabe (Euskadi) konpainiarena, eta ‘Nüshu’, bost emakumez osatutako Cía. Capicúa-rena (Katalunia-Aragoi). Igandean, hilak 21, taularatuko dira Txikigunean, 19.30ean, eta asteazkenean, hilak 24, Gas Plazan, 13.30ean eta 21.15ean, hurrenez hurren.

Sari gehien jaso dituzten lanen artean, Circo Social-Zirkòlika Sarien 2021eko II. Edizioan saritutako Mur konpainiaren (Katalunia) ‘De tú a tú’ azpimarratu behar da. Aniztasun funtzionala duten artista taldeak parte hartzen duen proiektua da. Larunbatean, hilak 27, taularatuko da Gas plazan 13.30ean eta 21.15ean.

Muntaia berezienen artean, Vaiven Circoren (Andaluzia) ‘Esencial’ dago, igandean, hilak 27, 21.15ean, Gas Plazan. Obraren oinarrian dagoen elementu eszeniko berezia ‘Waldorf ostadar’ jostailua da.

Beste eszenaratze harrigarrienetako bat Markeliñe euskal konpainiaren ‘Psike’ izango da, argiz, kez eta pirotekniaz betea, Gas Plazan, astelehenean, hilak 22, 21.15ean.

Double Take Cinematic Circus-en (Belgika) ‘Jump cut’ eszenografia guztiz deigarria da, emanaldia inguratzen duen eta eszenako elementu gisa erabiltzen den tren baten bidez, ostiralean, hilak 26, 21.15ean, Gas plazan.

Euskal sorkuntzaren indarra

Berriro ere, eskaintza honetan euskal ordezkaritza oso garrantzitsua izatearen aldeko apustua egin du Udalak, zinegotziak aipatu duenez. Izan ere, Kale Antzerki eta Arte Eszenikoen programazioa abuztuaren 21ean, igandean, hasiko da Txikigunean, eta 19.30ean ‘Gora bihotzak!’ lana eszenaratuko duen Eidabe euskal konpainiaren eskutik egingo du.

Casilda Iturrizar Parkean bilduko da euskal konpainia eta euskarazko ikuskizun gehien, umeei arreta berezia eskainiz. Emanaldi guztiak 19.30ean izango dira. Hilaren 24an, asteazkenean, jarraituko dute, Akelarren eskutik ‘TNT’ lanarekin; 25ean, ostegunean, Panpotx taldearen ‘Arin arin erbiaren abenturak’; 26an, ostiralean, Hutsun + Ortzi taldearen ‘Txalaparta hutsa’; eta 28an, igandean, Tippia taldearen ‘Plas & Co’.

Gas Plaza ere euskal obra eta konpainien topagune izango da: astelehenean, hilak 22, Ganso y Cíaren ‘Panoli kabareta’ 13.15ean eta Markeliñeren ‘Psike’ 21.15ean; ostegunean, hilak 25, Hutsun + Urtzi konpainiaren txanda izango da ‘Txalaparta hutsa’ lanarekin 13.30ean, eta ‘Urbasa’, 21.15ean; ostiralean, hilak 26, Hika Teatroaren ‘Gazte’ 13.15ean, eta igandean, hilak 28, 13.15ean baita ere, Zirika Zirkusen, ‘Hemendikara’.

Kokapena

Casilda Iturriza

Bilbo. Bizkaia