Kalealdiak arte ikuskizunez beteko du Bilbo ekainaren 27tik uztailaren 2ra

Data

22.06.27 - 22.07.02

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Trakamatraka konpainiak parte hartu du gaurko aurkezpenean.
Trakamatraka konpainiak parte hartu du gaurko aurkezpenean. (Oskar MARTIN EDESA | FOKU)

Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak 23. edizioa beteko du aurten. Ekainaren 27an ekingo dio egitarauari eta uztailaren 2ra arte luzatuko da. Guztira 33 ikuskizun eskainiko ditu zirkuaren, dantzaren, antzerkiaren eta clownaren arlokoak.

Programazio osa iragarri dute asteazken honetan Udalean Pedro Ormazabal Kalealdiaren zuzendariak eta Gonzalo Olabarria kultur zinegotziak. Ekitaldian izan da Trakamatraka bilbotar konpainia, musika eta birziklatzea aditzeko, ulertzeko eta ezagutzeko modu berri baten alde eginez, soinuak sortuz birziklatzearen bidez. ‘Matraka Culinary Center’ izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute jaialdiaren barruan. Ekainaren 28an 17.30etik hasi eta ekainaren 29an 12.00etara arte, Kasilda Iturriza parkeko urmaelaren inguruetan ikus ahal izango da ikuskizuna.

Hamar konpainia etorriko dira Europatik. Chris Iris (Alemania); Das Arnak (frantziar Estatua); Keep Company (frantziar Estatua); Le Piano Du Lac (frantziar Estatua /Asturias); Les Malles Cie (Suitza); Les Rustines De l’ange (frantziar Estatua); Nicole & Martin (Suitza); Ó Qel Dommage Cie (Belgika); Panorama Kino Theatre (Suitza) eta Tobia Circus (Italia) eta hauekin batera, Brassas konpainia, Argentinatik.  

Euskal talderik ere ez da faltako. Dantzaz; Ertza; Hika Teatroa & Oinkari Dantza Taldea; Hortzmuga Teatroa & Deabru Beltzak; La Trapecionista Cí; Mystèriouses Coiffures; Panpotx kultur elkartea; Trakamatraka eta Zirkozaurre, hain zuzen ere.

Espainiar Estatutik iritsiko dira Amer Kabbani; Detréves Danza Vertical; Kolektiv Lapso Cirk; La Industrial Teatrera; La Macana; Los Galindos; Maduixa Cía; Manolo Alcántara; Nacho Vilar Producciones & Ylana; Nostraxladamus; Nueveuno Circo Cá; Pistacatro eta Truca Circus.

«Programazio, eremu eta decorazio gehiago» iragarri dituzte. «Ikuskizunak antzeztea baino harago doazen proposamenak dira, eta lekua eman nahi diegu, eta agerira ekari. Dekorazio eta arte instalazioak izango ditugu eta protagonistak, berriro ere, dantza, zirkua eta antzerkia izango dira. Bilboko Kalealdia, aurtengo edizioan, gertakari bakana izango da ostera ere Estatu osoan, eta Bilbo kaleko arteen eat antzerkiaren hiriburu bihurtuko da berari esker. Programazioa hobetu egin da ostera ere, zabalagotu eta askotarikoa bihurtu, bazter gehiagotara iristeko eta bilbotarrek kalitateko aisialdi eta kultura eskaintzak gozatu ahal izan ditzaten aire librean, iisgarriak, askotarikoak eta kalitate itzelekoak», adierazi du Olabarriak.

Hamar eremu

Kalealdia hamar eremutan garatuko da. Nagusiena Kasilda Iturrizar parkea izango da eta bertan zazpi agertoki atonduko dira. Nabarmentzekoa da aurten jaialdiak eremu gehiago izango dituela hirian zehar eta Bilboko itsasadarrean. Azken hau izango da aurtengo edizioaren protagonistetako bat, bertarako propio diseinatutako proposamenekin.

Batetik, Nostraxladamus aragoitarren ‘Volatineros’ lanak argia ikusiko du lehen aldiz Erripa kaiaaren parean. Bestetik, Swing an Swim franko-asturiar konpainiak ‘Le piano du lac’ eskainiko du.

Jaialdiak denera 12 estreinaldi iragarri ditu. Horietako bi jaialdi honetarako propio sortuak. ‘Volatineros’ da bat, ‘Un jardín salido de un cuento misterioso’ bestea.

Saio denak doakoak dira. Bestalde, aurten karpa itzuliko da eta Kasilda Iturrizar parkeko urmaelaren ondoan jarriko da ekainaren 27tik 29ra, 19.00etatik aurrera. Han, Nicole & Martin suitzar konpainiak ’Vasilisa’ lana eskainiko du. Sarrerak 3 euro balio du eta bildutako diru denak Ukraina-Euskadi elkarte soziokultural eta lankidetzako garapenerakoari emango zaio. Kalealdiaren webgunean daude salgai.

Horrez gain, bi konpainiak gaueko ordutegian eskainiko dituzte euren lanak, elkarlanean. Hortzmuga Teatroa eta Deabru Beltzak taldeek ‘Senta. A la deriva’ proposatuko diote ikusleari. Ekainaren 29an 22.00etan Plaza Biribiletik Arriaga Plazara egingo dute ibilbidea. Ekainaren 30ean 21.00etan Villarias kalearen eta Buenos Aires kalearen gurutzaren diren lekutik Gas plazaraino.

Del Revés Danza Vertical taldeak proposamen berezia dakar, ‘Finale’, 2019an Leioako Umore Azokan ikuskizun onenaren saria eskuratu zuena. Publikoa Bizkaia Aretora begira jarriko du. «Emanaldia honek aukera eskainiko dio publikoari dantza klasikoa gozatzeko eszena-gune beri batean, inguruabarrez gabeturik, ballet bat eroanez eraikin baten fatxadara», esan dute. Uztailaren 1ean 18.30etik 21.30era egongo da.


 

Kokapena

Kasilda Iturrizar Parkea
Kasilda Iturrizar Parkea
Bilbo. Bizkaia