«Kalean badena» erakutsiko du Eztena jaialdiak

Data

23.06.09 - 23.06.11

Lekua

- Errenteria

Eztena jaialdia ekanaren 9tik 11ra ospatuko da Errenterian.
Eztena jaialdia ekanaren 9tik 11ra ospatuko da Errenterian. (EZTENA)

Eguneroko kaleko hartu emanei eta arteak kalean duen presentziari erreparatuko dio aurten Eztena antzerki jaialdiak. ‘Kalean badena’ leloari helduta, kalean baden arren ikusten ez denari heldu nahi dio Errenteriako jaialdiak eta ekainaren 9tik 11ra bitartean ikuskizun, tailer, erakustaldi eta denetariko ekimenen eskutik bistaratuko dute «kalean baden hori».

«Eraikinek harresitutako lurrak dira hiriak eta auzoak, etengabeko performance erraldoietan dauden espazioak, ormigoizko eta asfaltozko areto biziak, eta denok gara bertako ikusle zein antzezle», azaldu dute jaialdiaren aurkezpenean, eta aurtengo edizioan arteak kalean duen presentzia aztertu nahi dutela nabarmendu dute: ‘Kalea’ kontzeptuaren iruntziarekin edo atzealdearekin jolastea da xedea, artistikoki kaleari beste dimentsio batzuk topatzea.

Aurtengo edizioak berrikuntza bat ere ekarriko du: lantalde berria. Antolakuntzatik gogora ekarri dute Eztena jaialdia orain 14 urte sortu zela «edukietan, formetan zein antolakuntza moduetan arriskuak hartzen zituztenei» plaza bat eskaintzeko. «Eta arrisku horren parte izan da aurtengo lantalde berria ere», zehaztu dute, orain arte Eztena jaialdiko antolakuntzan aritu diren eskarmentudunek lekukoa arte-eszenikoen munduan dabiltzan hainbat gazteri utzi dietela zehazteaz batera: «Beraz, Eztenako lantalde gazteak eta beteranoak, Zizt! Kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatuta, eztenakide guztien laguntzarekin osatu da aurtengo edizioa», jarri dute balioan.

Egitaraua

Ekainaren 9an, ‘Kale-garbitzaileen manifestua’-k emango dio hastapena jaialdiari (19.00, Zumardia) eta ostean Urretabizkaia Txaranga ariko da herria girotzen. ‘Ekintzak eta lekuan soinutu’ tailerraren erakustaldia ere izango da (20.00, Gaztaño).

Larunbatean, hilak 10, ‘Gorputzak pasieran’ (17.30, Txirrita parketik abiatuta) eta ‘Momentua bizi, espero ez dugun gorpuz baterantz’ (18.30, Lino Gunea) tailerraren erakustaldia, Igor x Moreno konpainiaren ‘Concerto’ emanaldia (20.00, Lekuona fabrika) eta ‘Parkineo’ performance kolektiboa (23.00, Lino Gunea) izango dira protagonistak.

Jaialdia ekainak 11ean itxiko da. ‘Durangokoa ezten azoka da!’  (12.30, Zumardia) eta ‘Familia bazkaria’ (14.30, eztenakide eta partehartzaileentzat bazkaria) performance kolektiboak, Koldo Arostegiren ‘Bobo’ emanaldia (17.30, Foru plaza) eta Tripak kolektiboaren ‘Platea’ emanaldia (19.00, Leuona fabrika) eskainiko dituzte.

Kokapena

Errenteriako Zumardia
Juan I. Gamon Zumardia Aldapa
Errenteria.