‘Kantu bat gara’ emanaldi berezia Bilbon NAIZen harpidedunentzat

Data

22.05.14

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Jon Maia, Bilbon urtarrilean eskaini zuen emanaldian.
Jon Maia, Bilbon urtarrilean eskaini zuen emanaldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ezaguna da Jon Maia bertsolariak letragile bezala sortutako uzta. Hogeita hamar urte joan dira Jon Maiak lehenengo kantua idatzi zuenetik. Merezi bezala ospatzea erabaki zuen zumaiar bertsolariak eta disko-liburua eman zuen argitara iaz. Denera hamahiru pieza, bertsioak. Bira prestatu zuen ondoren, musika ez baita ezer askorik zuzenekorik gabe.
 
Azken hilabeteotan Euskal Herriko makina bat txokotan geldialdia egin ondoren ‘Kantu bat gara’ emanaldi berezia iragarri du maiatzaren 14an (18.00etan) NAIZen harpidedunei bereziki zuzenduta. «Donostian estreinatu bezperan LABIk ezarritako neurrien ondorioz bertan behera utzi behar izan genuen hilabeteetan prestatutako dena. Beraz, Bilbokoa bihurtu zen lehenengo emanaldia. NAIZek, laguntzaile bezala, hainbat sarrera zituen hartuak harpidedunentzat. Han ere edukiera murrizketak zeudenez, emergentziazko egoera hartan NAIZ oso ondo portatu zen eta sarrera paketea kenduko zutela esan zidaten. Modu horretan %60ko edukieran sartu ginen. Detailea ikusita nik proposatu nuen beste emanaldi bat egitea NAIZen harpidedunentzat bakarrik», gogoratu du zumaiarrak.

Harpidedunek eta beraien lagun eta senideek Campos Eliseos antzokiko ateak zabalik izango dituzte. «Harpidedunei gonbidapen bana emango zaie, doan. Apirilaren 27an posta elektroniko bidez jasoko dute. Harpidedun bakoitzak senide eta lagunak gonbidatu ditzake –lau pertsona gehienez–, eta azken horiek 10 euroren truke eskuratu ahal izango dute sarrera», kontatu du Asier Iñigo marketin arduradunak.

Fermin Muguruza izan zuen gai jartzaile lehen letra haietan Maiak. Irundarraren etxeko sukaldean sortu zituen ‘Lehenbiziko bala’ abestiaren letrak. Negu Gorriak taldearen atzetik Euskal Herriko musika eszenan aparteko presentzia izan duten talde eta musikariak etorri ziren: Gozategi, Gari, Benito Lertxundi, Anari, Mikel Urdangarin, Ken Zazpi, Soziedad Alkoholika, Pirritx eta Porrotx, Pello Reparaz, ETS eta abar, eta abar, 170 kantu inguruko zerrenda osatuz.

Horietako asko entzungo dira Bilbon eskainiko duen saio berezian. Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa), Nacho Soto (teklak) eta Nerea Quincoces (perkusioa eta ahotsak) izango ditu ondoan. «Oso talde potentea da, maila handikoa», nabarmendu du.

Unibertsoa

Musika bakarrik ez, Maite Mutuberriaren ilustrazio eta irudiak eta Odei Barrosok kantu bakoitzerako egindako animazioa ere proiektatuko dira. Maiak eta taldekideek euren unibertso partikularrera sartzeko egindako gonbita. «Kontzertu bereziak dira, ez nuke esango kontzertuak direnik ere. Emankizun bereziak baizik. Kantuaren bueltan iraganari, etorkizunari, identitateari –eta honen eraldaketari–, sentimenduei, maitasunari, emigrazioari… eta bestelako mundu bati buruz. Kantuak aitzakia dira bidaia egiteko», azaldu du.

Joseba Sarrionandia, Anton Latxa, Mikel Urdangarin, Itziar Ituño eta Jagoba Arrasate, besteen artean, izan ditu gonbidatu Maiak aurreko hitzorduetan eta maiatzaren 14an ere izango da gonbidatu ezustekorik. «Diskoan kantu ia denetan kolaboratzaile bat dago, jatorrizko abeslariarekin edo nik nahi nuen norbaitekin, Xabier Amuriza edo Asier Etxeandia, esaterako. Baina kontzertuetan zaila da formula hori betetzea, agenda oso konplikatuak dituzte, baina saiatzen naiz ingurukoren bat eta diskoan parte hartu duenetako bat lortzen».

Une hunkigarriak bizitzen ari da Maia bai gonbidatuekin bai publikoarekin ere. «Saiatzen naiz aldiro berezia izan dadin, gonbidatu desberdinak elkartzen. Badago jendea lauzpabost aldiz etorri dena. Kolore desberdina du saio bakoitzak eta bertara datorrena ez da berdin irteten. Barre asko egiten da –badu showetik, dio irribarrez– eta negarra ere bai. Asko mugitzen dizu barrua. Denok ateratzen gara indartsu eta elkartuta bertatik. Esperientzia berezia izaten ari da eta gainera olatu berezia sortzen ari da», kontatu du.

Intimoa eta kolektiboa

Hausnarketa kolektiboak eta sentimendu intimoak elkartzen dira ikuskizunean. «Gure identitatearen, bai indibiduala bai kolektiboa, proiekziorik ederrenetakoa da kantua. Milaka urtetatik dator, beste arte adierazpen batzuk berriagoak dira, baina kantua primitiboa da. Gu zer garen erakusteko asmatua den formatua da. Superbotere asko dauzka. Kantua entzun eta segundo gutxi batzuetan negarra eragin diezazuke edo dantzan jar zaitzake, eta hori arte diziplina gutxik lor dezakete. Eta ebokazio boterea dauka, momentu, pertsona eta leku jakinetara nola eramaten zaituen».

Beste definizioen gaindi, kantua. «Nazioak ordezkatzeko ere erabiltzen da banderarekin batera. Oso bitxia da, kantu bat dute herri guztiek. Hain intimoa da eta hain kolektiboa… oso zurea egiten duzu nahiz beste norbaitek sortua izan. Aldi berean, milioika pertsonarena da eta batera kanta dezakegu eta bizi dezakegu zuzenean. Asko interesatzen zait gure burua definitzeko modu hori. Autonomia gara? Erresuma izan ginen? Bai. Borrokaren arabera eta zer nahi dugun arabera. Baina hori dena transitorioa da. Benetan gugandik sortua eta gu zer garen adieraziz milaka eta milaka urtetan bestelako definizio teknikoen gainetik ala azpitik dagoena kantua da. Kantua bizirik dagoen bitartean, berdin dio administratiboki zer forma daukagun, bizirik jarraituko dugu», adierazi du Maiak.

Bertsio berriak

Ikuskizunak badu balio erantsia ere, euskaldunok ezagun ditugun letrak jantzi berriak soinean dituztela entzungo dira, bertsionatuta. «Errazena litzateke bere horretan uztea baina dauzkagun musikariekin bigarren bizitza bat eman nahi izan diet kantuei. Dauzkagun musikariekin bigarren bizitza bat eman nahi izan diet kantuei. Horrek letren esanahiari ere ematen dio beste interpretazio bat. Esfortzu artistikoa egin dugu eta oso bertsio handiak dira, aliziente hori badu», dio zumaiarrak.

Musikari bakoitzak –Ramirezek, Hermosak eta Sotok– lauzpabost bertsio egin ditu. «Melodia mantendu dugu kantua publikoak errekonozitu dezan, baina beste sentipen batzuetara eramaten zaitu», Maiaren esanetan.

 

 


 





 

Kokapena

Campos Eliseos Antzokia
Bertendona, 3
Bilbo. Bizkaia