‘Kelonia eta itsasoa’, Gorakadak familia osoarentzako sortutako ekoizpena

Data

23.01.22 - 23.05.20

Lekua

Bizkaia - Elorrio

Maider Lopez eta Nerea Ariznabarreta, eszenan.
Maider Lopez eta Nerea Ariznabarreta, eszenan. (GORAKADA)

Keloniak itsasora iritsi nahi du baina bizitzak –askotan gertatzen da– beste planak ditu berantzat. Ilargirik gabeko gau batean jaioko da dordoka txikia, hondartzan. Bere senak argi esango dio itsasora ailegatzeko izarrek ur gainean egindako islari jarraiki egin behar duela bidea. Baina zibilizazioko argiek nahastuta hirian aurkituko du bere burua. «Dortoka txikiak bere lekua bilatu beharko du, batzuei mesede egiten dienak beste batzuei kalte egin diezaiokeen mundu batean», diote taldekideek.

Familia osoari zuzendutako antzezlana –lau urtetik gorako haurrentzat– sortu du Gorakada konpainiak, ‘Kelonia eta itsasoa’. Igande honetan Elorrioko Arriolan (17.00etan) ikusiko du argia. Estreinuaren ostean, otsailean, beste hiru emanaldi etorriko dira: Donostian (otsailak 12), Basaurin (otsailak 19) eta Leioan (otsailak 26). Eta hauen atzetik, beste hainbat saio dituzte hitzartuta, martxotik maiatzera, momentuz.

Istorio samur eta dibertigarri bezala definitiu dute taldekideek. Bastidoreen artean kokatu dute kontakizuna. Nabarmentzekoa zuzeneko musika duela muntaiak. Objektuen antzerkia lantzen dute Nerea Ariznabarreta aktoreak eta Maider Lopez musikariak. Fran Lasuenek sortu du musika.

Sinbolismoz betetako obra da. «Istorio paraleloa kontatzen du, dordokaren bizipenak batetik –hiriko arriskuei aurre egin beharko die– eta nire pertsonaia erregidorea da eta banbalinetan dago. Oso gustukoa du musika eta bere lagun handia musikaria da, biola jotzen du. Miresmen handia dio orkestaren munduari», kontatu du Ariznabarretak.

Poesiatik eta umoretik edan du antzezlanak. «30. hamarkadan dago kokatuta eta chaplindar ukitua ere badute pertsonaiek eta estetikak –esan du–. Mundu hori asko gustatzen zait, zinema mutuko pertsonaia bat izango banintz bezala».

Adiskidetasuna eta biziraupena bezalako gaiak landu dituzte obran. Sentimenduek ere, noski, paper garrantzitsua jokatzen dute. Horren adibide, taldekideek lehenengo entseguan bizitakoa. «Obra osoa egin genuen lehen aldian negar batean amaitu nuen, eta berdin Maider eta Dora; emozioa ere hor dago», aitortu du aktoreak.

Abesti jantzia soinean duen istorioa da ‘Kelonia eta itsasoa’. Ipuin batean du oinarria ekoizpen berriak. Gorakadaren eta Dora Canteroren taldearen bera arduratu da dramaturgia sortzeaz eta lana zuzentzeaz. Berarekin batera taldekide dituen Paulette San Martinek –jantzien diseinua– eta Marti Doyk –eszenografia– ere parte hartu dute. Fermin Izko arduratu da argiez.

Hainbat egonaldietan ondu dute proiektua. Tolosan, Katalunian –zuzendaria eta taldekideak bertan bizi dira–, Abadiñon, Eibarren eta Elorrion egin dituzte erresidentziak. 

Sarrerak hemen eskura daitezke.

Kokapena

Arriola Antzokia
Elizburu Kalea, 3,
Elorrio. Bizkaia