Naturari jarri dio arreta Kimia Kamvarik San Telmon ireki duen ‘Alef’ erakusketan

Data

22.11.25 - 23.02.05

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Kimia Kamvari, erakusketan, gaur.
Kimia Kamvari, erakusketan, gaur. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kimia Kamvari da aurten Artea Abian proiektuan artista gonbidatua. Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren elkarlanari esker sortu zen egitasmoa 2019 urtean. Sorkuntza garaikideari ematen zaio protagonismoa honen bitartez, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez, eta horrela, Kamvariren lanak ikusteko aukera izango da aurten ‘Alef’ izenburupean.

Ostiral honetan ireki ditu ateak. Erakusketa bi zatitan egituratzen da. Lehenengoan, hondoratze dolinetan oinarritutako argazki serie bat aurkezten da. Artista 2019an hasi zen argazkiak ateratzen Irango lautadan zehar. Serieak lurraren lehortasunak tamaina desberdineko zuloak eragiten dituen fenomeno geologiko honen 73 argazki biltzen ditu. «Barrunbe horiei kamera estenopeiko batekin argazkiak ateratzea erabaki izanak areagotu egiten du dolinei begiratzeko ekintza: gertakari fotografikoa gertakari geologikoari eransten zaio», adierazi dute museotik.



Erakusketaren bigarren zatia zuhaitz baten inguruan egituratzen da, zumearen inguruan. Zuhaitz horren materialtasuna 80 kilo zume-egurreko egur-ikatzaren bidez ikus daiteke aretoan, eta haren irudikapena, berriz, hainbat marrazkitan. Horien artean bat nabarmentzen da, museoko bildumako ikatz-zirizko arkatz bakarrarekin marraztu dena.

Alef persiar, arabiar eta hebreerazko alfabetoaren lehen letra da, eta ‘El Aleph’ Borgesen ipuin ezaguna da. Letra gisa eta elementu narratibo gisa, Alefek hasiera sinbolizatzen du, aukera amaigabeak biltzen dituen energia. Alef Azadi hitzaren lehen letra ere bada (Irango azken asteetako protestetan entzuten den Zan, Zendegi, Azadi –Emakumea, Bizitza, Askastasuna– leloaren parte da).

Laborategian izango da zabalik Kamvariren lana 2023ko otsailaren 5era bitartean, doako sarrerarekin. 10.00etatik 20.00etara asteartetik igandera ikus daiteke erakusketa.

Erakusketaren katalogoa laster argitaratuko da, Elena Martinez Rubio eta Aidin Keikhaee-ren testuekin.

Kimia Kamvari (Kolonia, 1986) Pinturan lizentziaduna da Teherango Arte eta Arkitektura Unibertsitatean, eta Ikerketa eta arte sorkuntza masterra egin du EHUn. 2006tik talde erakusketa askotan parte hartu du, eta azken urteotan baita bakarkako erakusketetan ere.

Egoitzak egin ditu Tabakaleran (2017) eta Sormenaren Kabian (2018). Bere azken erakusketetan, ‘Apeiron’ (Dastan Gallery, 2018), ‘Nature Change‘ (Cristina Enea Fundazioa, 2019) eta ‘Event Horizon’ (Dastan Gallery, 2019), estilo eta kontzeptu aldaketa nabari da bere obran, non naturak eta aldaketak paper nagusia jokatzen duten.

2015etik Astigarretan egonaldi luzea egin du eta eragin nabaria izan du bere sorkuntzan. Bere azken lanetan material organikoaren, instalazioaren, argazkigintzaren eta marrazkiaren erabilera nabarmentzen da.

 

Kokapena

San Telmo Museoa
Zuloaga Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa