‘Konpromisoa’, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxagaren antzezlan berria

Data

21.02.04 - 21.06.04

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Hiru aktoreak, agertokian. (arnaitz RUBIO | FOKU)

‘Konpromisoa’ da Txalo antzerki taldearen lan berria. Agertokian hiru aktore: Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga, Philippe Claudelek idatzitako antzezlanaren protagonistak gorpuzten. Komedia giroan datoz, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Arriaga antzokian eskainiko dute ostegun honetan 19.00etatik aurrera.

Duela bi urte ikusi zen antzezlana estrainekoz eta orain euskarara ekarri du Martin Agirrek. Une komikoak eta emozionalki biziak tartekartuz, bi lagun ikusiko ditugu agertokian, aspaldiko bi lagun. Tomas (Apaolaza) idazlea da eta German (Agirre) aktorea. «Ez dute arrakasta handirik izan», nabarmendu dio Agirrek NAIZ-i.

Germanek arazo ekonomikoak ditu eta bere apartamentua saldu beharra du derrigorrez. Pisua erosi nahi duen batekin tratua egiteko geratu da eta bere lagun Tomasi etortzeko eskatu dio. Eroslearen (Gurrutxaga) zain daudela egoera lehertu egingo da. «Esan gabeko zerbait dago, tranpatxo bat, eta Tomas ez dago prest negozioan laguntzeko. Ez zaio ondo iruditzen. Eta bien arteko eztabaida sortzen da. Ezustekoak, gaizki ulertzeak sortzen dira, endredoak».

Adiskidetasunari egindako gorazarrea da, «lagunei nola barkatzen dizkiegun bekatu txikiak edo ez hain txikiak adiskidetasuna salbatzeagatik», kontatu du.

Pozik agertu da orain arte ikusleek eskainitako harrerarekin. Eibarren estreinatu zuten eta azken emanaldia joan den igandean Villabonan izan zen. «Oso ondo joan dira emanaldiak, jendeak barre asko egiten du. Antzezlana goruntz doa gainera, oraindik hazi egingo da», adierazi du.

Berotasun beharrean ikusten ditu antzerkizaleak. «Aforo erdiarekin bada ere, orain arteko emanaldi denak bete ditugu eta gertatu da ikusleak kanpoan geratzea ere. Hezur eta haragizko aktoreak ikusi nahi ditu, bertatik bertara. Hor sortzen da zerbait. Guk entzuten ditugu barreak ere, nahiz pixka bat amortiguatuta iristen zaizkigun», gaineratu du.

Berdin aktoreak eurek ere. «Horregatik gustatzen zaigu teatroa, momentuan gertatzen delako dena», dio.

Lehen aldia du Gurrutxagarekin lan egin duena. «Agertokiko animalia da. Komunikatzaile oso ona da, eta nahiz aurkezle bezala aritu den gehiago, egunetik egunera hobetzen ari da eta horri berezkoa duen sinpatia gehitzen badiozu, erraz iristen da publikoarengana. Josebarekin askotan aritu naiz, ondo konpontzen naiz eta giro ona daukagu».

Asier Sanchok diseinatu du eszenografia, Cristina Martinezek egin ditu jantziak eta Haritz Letek sortu du musika.

Hurrengo datak honakoak dira: Elgoibar (otsailak 5), Getxo (otsailak 13), Arrasate (otsailak 14), Ordizia (otsailak 19), Azkoitia (otsailak 20), Elorrio (otsailak 26), Amorebieta (martxoak 5), Lekeitio (martxoak 19), Soraluze (martxoak 26), Gasteiz (maiatzak 5) , Basauri (maiatzak 7), Tolosa (maiatzak 28) eta Andoain (ekainak 4).

Sarrerak 18 eurotatik eros daitezke (beherapenekin) Arriagako leihatilan asteartean: 11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara. Asteazken eta ostegunean: 11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik aurrera.

Eta webgunean.

Kokapena

Arriaga antzokia
Arriaga Plaza, 1
Bilbo. Bizkaia