La MODA taldeak bi kontzertu eskainiko ditu Bilbon, eta beste bat Cascanten

Data

22.05.12 - 22.05.13

Lekua

Bizkaia - Bilbo

La MODA taldeak Euskal Herrian emango du asteburua
La MODA taldeak Euskal Herrian emango du asteburua (LA MODA)

La Maravillosa Orquesta del Alcohol taldea oso maitatua da Euskal Herrian, beti mantendu ditu loturak gure musikari eta musikazaleekin, eta asteburu honetan ere bi kontzertu eskainiko dituzte Bilbon, Santana aretoan. Eta espero izatekoa da bietan aretoa leporaino betetzea. Ostegun eta ostiralean Bilbon aritu ostean, larunbatean Cascanten arituko dira, Estaciones Sonoras jaialdian. Duela hamarkada bat Burgosen sortutako taldea da La MODA. Zazpi bat musikarik osatu zuten, eta rock munduan ohikoak ez ziren instrumentuekin ekin zioten musika sortzeari: akordeoia, saxoa, banjoa edota mandolina edo klarinetearekin, hain zuzen.  Osteguneko emanaldirako oraindik geratzen dira sarrerak. Ostiralerako, berriz, amaitu dira guztiak.

Jotzen hasi eta oso gutxira sekulako arrakasta lortu zuen taldeak Estatuan ez ezik, nazioarteko leku askotan ere bai. Orain arte lau disko grabatu dituzte estudioan eta zuzeneko pare bat ere plazaratu izan ditu taldeak. Batzuk The Pogues taldearekin konparatu izan dute, Jonhy Cash edota baita Bad Religion edo Social Distortion bezalako taldeekin. Baina kontua zera da, La MODA taldeak estilo propio bat sortu du, eta gurean oihartzuna eskuratu izan du Gorka Urbizuren kolaborazioei esker, eta inoiz zuzenean ere elkarrekin jo izan dute gainera.

Gorka Urbizu ekoizle

Lan bitxia da Burgosko La MODAren azkena ere, ‘Nuevo Cancionero Burgales’ plazaratu berri dute, eta horretarako estudioan Gorka Urbizuren esanetara aritu ziren, ekoizpenaren ardura hartu zuelako lekunberritarrak, behin Berri Txarrak taldearen jarduna utzi ostean.

Bilboko bi kontzertuetan, La MODAren urteotako abestirik arrakastatsuenak garai bateko kantzioneroarekin uztartuko dira. Eta gure artean dauden zaletuek gozatzeko parada itzela izango dute.

Kokapena

Santana 27
Santana 27
Bilbo. Bizkaia

Loturak