Lautan Hiru antzerki jaialdiak dramaturgiari jarriko dio fokua

Data

23.02.02 - 23.02.23

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Astearte honetan egin da egitasmoaren bosgarren edizioaren aurkezpena.
Astearte honetan egin da egitasmoaren bosgarren edizioaren aurkezpena. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Gogoberrituta eta nobedadez jantzita dator bosgarren aldia beteko duen Lautan Hiru antzerki-jaialdia antolatzaileen esanetan. Antzerkigintza ardatz hartuta, hainbat emankizun eskainiko dira: Lautan Hiruk ekoitzitako saio esperimental bat –solasaldi taularatua– eta bakarrizketa bat –Patxo Telleriaren eskutik–, Ganbila bildumaren aurkezpena... «Helburuak, baina, ez dira aldatu: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da eta antzezlan guztiak euskaraz emango dira; antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta», adierazi dute Euskaltzaindiako ordezkariek.

Otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an egingo da Lautan Hiru, eta lau ostegunez jarraian antzerkiz jantziko da hiriko Alde Zaharra. Euskaltzaindiak aurten ere elkarlanean antolatu du egitaraua, hain zuzen, Cafe Bar Bilbaorekin eta BIRA Kulturgunearekin batera. Bilboko Udalak babestu du. Eszenatokiei dagokionez, betiko laurei AEKren Kalderapeko kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.

Astearte honetan egindako aurkezpen ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu nahi izan du bosgarren aldia jarraian antolatzearen garrantzia: «Pandemiak pandemia, bizirik mantendu dugu Lautan Hiru, eta jendeak beti erantzun izan du. Nola egin dugun? Elkarlanean. Guretzako modurik eraginkorrena da. Eskerrik asko, beraz, Bilboko Udalari, BIRA espazioari eta Cafe Bar Bilbaori, bost urte hauetan bidelagun izan ditugulako, eta laguntzaile izan ditugun eta ditugun 7Katu gaztetxeari eta Kalderapekori ere beste horrenbeste, nola ez».

Lantaldeak gogotsu hartu du bosgarren edizioa antolatzeko erronka. «Ekitaldi gutxiago antolatzeko erabakia hartu da, kalitatearen mesedetan; hala ere, zaletuak asetuko dituzten sei antzerki-lan eder eta mamitsu programatu dira, irakurraldi bat eta solasaldi performatiboa, eta azken honetan Jokin Oregik, Aizpea Goenagak eta Eneritz Artetxek parte hartuko dute, Matxalen de Pedroren gidaritzapean», azaldu du Urrutiak.

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, ‘Hauts artean’ lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, ‘Udaberria heldu da’ obrarengatik. 2022koa eman gabe gelditu da, baina aurten beste deialdi bat egingo da, 2024ko edizioari begira.

‘Dramaren komeriak deseraikitzen’ solasaldi taularatua esperientzia berriari dagokionez Matxalen de Pedrok gidatuko du. Bertan, Aizpea Goenaga, Jokin Oregi eta Eneritz Artetxe ahaleginduko dira antzerkigintzaren gakoak azaltzen, modu umoretsu eta jostarian.
   

Eta Patxo Telleriak jaialdirako beren-beregi idatzi du ‘Eta Txizatoki bat eszenatokian’ gidoia. Telleriak berak antzeztuko du, Lautan Hiruren estreinako egunean.

Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, Ikusle kluba antolatu zen iaz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusle talde batek Maren Basterretxearen ‘Igaro’ antzezlana aztertuko du. Igaro otsailaren 9an taularatuko du Basterretxeak, 7Katu gaztetxean, eta Ikusle-kluba aurreko egunean bilduko da. Hala, bizipenak partekatzeko gunea sortu nahi da, helburua antzezlanez gogotik gozatzea dela.

Urtero bezala, bonuak eta sarrerak jarriko dira salgai. Bonuak 7 eurotan, eta jardunaldi bakoitzeko lan guztiak ikusteko aukera izango dute erosleek (ostegun bakoitzean bi). Sarrera bakarra erosteko aukera ere izango da, jakina (emanaldi bakoitzeko 4 euro). Bonuak (7 euro) Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA Kulturgunean salduko dira, bihartik hasita agortu arte. Gogoratu behar da bonua erosi duten zaleen artean ‘opariak’ zozkatuko direla astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.

Egitaraua webgunean ikus daiteke.

Kokapena

Euskaltzaindiaren Egoitza
Plaza Barria, 15
Bilbo. Bizkaia