LegoReggae festibala Legorretan

Data

23.03.25 - 23.03.25

Lekua

Gipuzkoa - Legorreta

Skarra Mucci jamaikarra izango da festibalaren kartelburu
Skarra Mucci jamaikarra izango da festibalaren kartelburu (Skarra Mucci)

Asteburu honetan LegoReggae jaialdiaren edizio berri bat ospatuko da Legorretan (Gipuzkoa). Urtez urte sendotzen eta indarra hartzen joan den reggae festibala da honakoa, udaran Armintzan egiten den Txapelreggae jaialdiarekin batera Euskal Herriko reggae zaletuentzako arnasgune garrantzitsu bat. Sarrerak dagoeneko salgai daude interneten, eta fisikoan ere eskura daitezke Legorretako Olaso, Insausti, Jubilatuak eta Ezkizu tabernetan, Ordiziako Kirkil tabernan, Beasaingo Koiote zaharra taberna eta Tolosako The Nest tabernan. Aiaraldeko Sound System, Steady Rockets, Marina P, King Konsul, Kulto Kultibo eta Skarra Mucci musikari eta taldeak osatuko dute aurtengo afixa koloretsua.

Aiaraldeko Sound System

Festibala zabaltzeko eta ixteko ardura izango du Aiaraldeko Sound Systemak. Beraien soinu sistema lurrikara baten antzekoa da, bafleetatik irteten diren reggae unibertsoko roots, dub eta stepp giro bero eta dantzagarriekin.

Skarra Mucci

Gaueko izar nagusia Skarra Mucci abeslari jamaikarra izango da. Musikalki soula, gospela, reggaea, dancehalla, rapa eta R&B doinuak uztartzen ditu bere kantuetan, eta abeslari esanguratsua da mundu mailako reggae eszenan. Egun Alemanian bizi da eta bertatik bideratzen du bere musika bidea. Sarri izan da Euskal Herrian eta zaletu mordoa du dagoeneko gurean.

Steady Rockets

‘Reggaean Jarrai’ disko bilduman ezagutu genuen Steady Rockets talde bizkaitarra, eta kantu bakar bat nahiko izan zen taldearen potentziala ikusteko. Bidean zuzenean grabaturiko ‘Zuzenean 2022’ kantu sorta zintzilikatu zuten sareetan, beti ere reggae, ska eta rocksteady koordenadetan.

Marina P

Italian jaioa Parisen bizi da egun Marina P abeslaria. Reggae eta dub giroetan sakontzen du nagusiki, eta soul trip hop, eta robadub erritmoez bustiak datoz bere doinuak. Azken urteetan sona berezia lortu du, eta produkzio ezberdinetan hartu izan du parte.

King Konsul

Euskal Herriko reggae mugimenduko aktore garrantzitsua da King Konsul. Urteak atzera 12 Tribu bezalako taldeetan ibilitakoa, egun bere izenpean ari da makina lankidetza eta kolaborazio eginez artista ezberdinekin.

Kulto Kultibo

2010. urtetik jardunean Kulto Kultibo taldearen izena urtez urte gora joan da. Legorretako emanaldian ‘Level’ diskoa aurkeztuko du banda gipuzkoarrak, 2023 honetan labetik atera duten estudioko lan berria. Musikalki 90. hamarraldiko rapa dute abiapuntu, bidean, reggae eta raggamuffing giroekin bustiz taldearen eraginak.


Kokapena

Herri Kiroldegia
Herri Kiroldegia
Legorreta. Gipuzkoa

Loturak