Lekeitioko Euskal Zine Bilera, online

Data

20.11.21 - 20.11.29

Lekua

Bizkaia - Lekeitio

online

Euskal Herrian eta euskaraz egiten den zinema jaialdirik beteranoenak, Lekeitioko Euskal Zine Bilera alegia, «online» egingo du bere 43. edizioa, azaroaren 21etik 29ra bitartean.

Egia esan, inoiz baino errazagoa izango da Euskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko jaialdiaz gozatzea, pantaila guztietara heldu eta publiko zabalago batera hurbilduko baita.

Eduki guztiak zinebilera.eus orrialdean ikusi ahalko dira oso modu errazean, gainera. Ordenagailua, tableta edo mugikor bat besterik ez da behar izango.... eta, noski, estaldura ona.

Norabide berri honetan, jaialdia hiru ataletan bananduko da: Euskarazko zinema ‘Sortuz’, Euskararen zinema ‘Partekatuz’ eta Euskal zinemagintzarekin ‘Saretuz’.



‘Sortu’ atalean zinemaren esperimentazio eta alfabetatzearekin lotutako ekimena aurkeztuko dute. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia antolatu da. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izango film labur bat egiteko.

Bestetik, Benito Ansola saria izango dute. Aurreko urtean saria eraman zuen Oier Fuentesek bere filmaren produkzioa nolakoa izaten ari den azalduko du, egungo osasun egoerak sortu dituen zailtasunak zehaztuko dituen working progress batekin. ‘Zoom’ atalean, Hazparneko Zinegin festibalarekin elkarlanaren bidez sortutako egitasmoa aurkeztuko da.

 ‘Partekatu’ atalean zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azaltzen dira.

Alde batetik, aurre aukeratuak izan diren 19 lanek osatuko duten lehiaketa egingo da. Irabazleak aukeratzearen arduradunak Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda izango dira.
Beste aldetik, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango da. Nork eramango du? Hori ezagutzeko oraindik aste batzuk itxaron beharko ditugu.



‘Saretu’atalean euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko dira harremanetan. (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da.

Era berean, ‘Pantaila Zuria’ espazioa estreinatuko dute, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiz, aurten Zinegoak izango da gonbidatua. Azkenik, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duen ‘Atzo8’ izango dute, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.

Kokapena

Online
Resurreccion Maria de Azkue Kalea, 5, 48280
Lekeitio. Bizkaia

Loturak

Lekeitioko Euskal Zine Bilera