‘Lemoiz gelditu’ murala, Arte Ederren Museoan

Data

20.11.10 - 21.01.31

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Lemoizi buruzko murala.

Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai dago Vicente Ameztoyk, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala ‘Arrastalu’-k 1980an margotutako ‘Lemoiz gelditu’ horma-irudia. 5x8 metroko tamaina du eta zentral nuklearren kontrako Herrikoi Topaketak jardunaldietan egin zen.

‘Lemoiz gelditu’ artelana duela gutxi dohaintzan jaso zuen museoak. Duela 40 urte margotu zuten. Zehazki,

 1980ko azaroaren 8an eta 9an egin ziren Herrikoi Topaketak Bilboko Nazioarteko Azoka zaharreko hiru pabiloitan, Euskadiko Batzorde Antinuklearrek eta Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Defentsarako Batzordeak antolatuta.

Bertan, musika, antzerkia, bertsolariak, zinema eta arte eta artisau erakusketak eskaini ziren. 40.000 pertsona inguruk hartu zuten parte.



Antolatzaileek Vicente Ameztoy, Jose Luis Zumeta eta Carlos Zabala Arrastalu margolariak gonbidatu zituzten parte hartzera, horma-irudi bat zuzenean egiteko. Aldamio bat erabiliz eta ikusleen aurrean, hiru artistok ‘Lemoiz gelditu’ izenburua duen lana margotu zuten topaketek iraun zuten bi egunetan zehar. 5x8 metroko tamaina du, eta 12 panelekin dago osatuta.



Topaketen ondoren, horma-irudia Erandioko lokal sindikal batzuetan egon zen, 90eko hamarkadaren hasieran Bilboko Gezia Fundazioak bereganatu zuen arte. 2016an, berriz, Geziak Otxandioko Andikona 1936 fundazioari eman zion, eta, Zumetak artelana zaharberritu ondoren, Bizkaiko herri horretako eskolan geratu zen. Orain, dohaintzaren ondoren, Bilboko Arte Ederren Museoko 32. aretoan izango da ikusgai artelana, printzipioz urtarrilera bitartean.

 

 

Kokapena

Museo Bbellas Artes
Museo Plaza, 2, 48009
Bilbo. Bizkaia

Loturak

BBAA