Idazle, argitaletxe zein irakurleen bilgune izango da Zarautz maiatzaren 27tik 29ra

Data

22.05.27 - 22.05.29

Lekua

Gipuzkoa - Zarautz

Ostiral honetan aurkeztu dute jaialdia Garoa liburu dendan.
Ostiral honetan aurkeztu dute jaialdia Garoa liburu dendan. (Jon URBE | FOKU)

Maiatzaren 27tik 29ra literaturaz jantziko dira Zarauzko erdiguneko kaleak. Izurriaren ondorioz udazkenean egin da jaialdia azken bi urteotan eta ohi bezala udaberrian izango da aurten. Piztia da aukeratutako gaia.

Hiru egunez, idazleak, argitaletxeak zein irakurleak batuko dira. Ohi bezala, askotariko errezital, solasaldi eta aurkezpenez osatu dute egitaraua, baina literaturatik haragoko kultur emanaldiak ere izango dira.

Lege Zaharren Enparantzan kokatuko da aurten ere liburu azoka. Antolatzaileek aurreratu dute azoka «indartsua» izango dela, «azken urteetan baino argitaletxe gehiagok» adierazi baitute bertaratzeko asmoa.

Ahotsenea eta Sormenekin batera antolatu dira liburua aurkezpenak, batzuk karpan bertan, eta beste batzuk Garoa liburu dendan. Eta beste hainbat ekitaldi hartuko ditu Modelo aretoak.

Ana Malagonek izango du ohiko hasierako manifestua irakurtzearen ardura bertan. Sarrera 7 eurokoa izango da eta erosten duenari liburutan erabiltzeko 2 euroko bonua oparituko zaio.

Jarraian, ‘Istanbul’ ikuskizun literario-musikala aurkeztuko da. Migrazioen inguruko begirada ‘tragikomikoa’ ematen du obrak. Lutxo Egiak idatzi du gidoia, eta Unai Pelayo Pelax-ek sortu du musika. Haiekin batera, Oier Guillan, Telmo Trenor eta Elena Ramirez­ agertoki gainean izango dira.

Larunbatean 11.30ean irekiko ditu ateak liburu azokak. 12.00etan izango da azokaren irekiera ekitaldia eta bertan Itxaropena argitaletxe eta inprimategia omenduko da urte luze eta zailetan –frankismo garaian– egindako lanagatik.

Azoka 11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara egongo da irekita.

Saioak

Literatura da Literaturiaren ardatza, baina lekua egingo die beste kultur adierazpenetako emanaldiei ere. Larunbatean 12.30ean (Etxezabalan) ‘Berrabiaraziko dugu literatura eskolan?’ mahaingurua iragarri dute Imanol Epelde, Intza Alkain, Uxue Ostolaza eta Nerea Lasaren eskutik.

‘Frankenstein agurgarria’ gutun musikatua eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak 18.00etan. Sarrera 7 eurokoa izango da eta erosten duenari liburutan erabiltzeko 2 euroko bonua oparituko zaio.

Iñaki Martiarena Mattin-ek, berriz, haurrentzako sormen tailerra emango du, argitaratu berri duen Kamishibaizalea komikia oinarri hartuta. Odei Barrosoren kontzertua ere izango da larunbat iluntzean.

‘rr #5 marrak’ izeneko ikuskizuna ere eskainiko du Maialen Lujanbiok igandean 12.30ean Merkatu Plazakogoiko solairuan. Sarrera 5 eurokoa da.

Horrez gain, literatura unibertsalaren iraganaz eta etorkizunaz egingo dute hausnarketa Manu Lopez Gasenik, Angel Errok eta Irati Jimenezek (11.30ean). ‘Elkarrizketa baten soinua eta notak’ izenburupean Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez eta Miren Narbaiza arituko dira solasean (17.00etan). Bi hitzorduak Modelo aretoan dira.

Egitaraua webgunean kontsulta daiteke. Ekitaldietako sarrerak interneten egongo dira eskuragarri astelehenetik aurrera –estekak Litetaturiaren webgunean–. Modelo aretoko lehiatila emanaldia hasi baino ordutebete lehenago irekiko da eta edozein saiorako sarrerak eskuratu ahal izango dira aurretik amaitu ez badira.

Antolatzaileek deia luzatu die literaturzaleei «asteburu eder honetaz goza dezaten».

Kokapena

Modelo Aretoa
Zigordia Kalea, 1
Zarautz. Gipuzkoa