Loraldia festibala: «Udagoienean loratzen da»
2020/09/26 - 2020/10/22
Bilbo
Bizkaia
Loraldia
AIPAMENAK

Osasun alertak Bilboko Loraldia Festibalaren seigarren edizioa gelditu eta sei hilabetera, Loraldia Udagoiena ospatuko da, irailaren 26a eta urriaren 22ra bitartean, «Udagoienean loratzen da» lelopean. Berritasun bat dakar jaialdiak: hiru eguneko esperientzia digitala eskainiko du, oraingo mugak gaindituz.

Ez da izan erraza, baina «sormena da irtenbidea» leloa aldarrikatu eta Festibala berreskuratu da. Hala, Loraldia Festibaleko Udagoieneko edizioak euskal kultura izango du oinarri. Euskal Herriko zein nazioarteko pertsonak ekarriko ditu gurera, Loraldiaren sormenak ez baitu mugarik.

Euskal Herria digitala

Irailaren 26an hasi eta urriaren 22ra arte luzatuko da udazkeneko Festibala. Oraingo honek, gainera, berrikuntza izugarria dakar; ohiko zuzeneko ikuskizunez gain, esperientzia digitala eskainiko baitu. Izan ere, aro berriari bide berriak dagozkio. ‘Esperientzia Digitala’ izena eman dio proposamen berriari Loraldia Kultur Elkarteak, streaming bidezko ekintza eta ikuskizunen erretransmisioa baino gehiago izango direlako, bai Loraldiaren nola EITBen web orrialdeen bidez.

Lehenengoa urriaren 4an izango da, ‘Kanta batek mundua eral dezake?’ galderari erantzuteko. Noam Chomskyren ‘Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak’ abiapuntu hartuta, Harkaitz Cano idazlearen, Petti musikariaren eta Ana Galarraga aurkezlearen arteko solasaldia izango da.

Bigarren hitzordua urriaren 8an finkatu da. Alos Quartet laukoteak ‘Lau’ izeneko diskoa kaleratu du aurreko urtean eta horrekin batera taldearen 20. urteurrena ospatuko du Loraldia

Udagoienean.

Sormen festa honetara bi dantza unibertso gonbidatu dituzte: alde batetik, Aukera Dantza Konpainia; bestaldetik, Amaia Elizaran, dantza garaikidearen irudimena eszenaratzeko. Eta, beraiekin batera, musikari lagun apartak: Oskorri taldeko kide ohi batzuk, Gorka Hermosa eta Aitor Etxebarria, besteak beste.

Hirugarrena eta azkena urriaren 18an izango da, ‘Gure herriaren soinu banda lelopean. Mikel Urdangarinek solasaldia eta kontzertua eskainiko du, lehenengoa Ilaski Serranoren laguntzaz. Kantautorea lehenengoz bakarrik pianoarekin arituko da oholtzan iluntzean eskainiko duen kontzertuan. Horrez gain, hitzordu honetan ez dira faltako lagunak: Karmele Jaio, Elizabeth Macklin eta Txani Rodriguez.

Esperientzia digitalak eskainiko dituen ikuskizunez gain, ohiko zuzeneko hamaika ekitaldi izango dituzte. Diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira. Udazkeneko edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, artea eta bertsolaritza presente izango dira. Euskal kulturaren adierazpen berritzaileenak plazaratuko dira.

Musika zuzenean

Urriaren 4an ‘Manipulazio estrategiak’ ikuskizuna izango dute. Pentsamendua, poesia eta doinua batzen dituen egitasmoa aurkeztuko du Pettik, goi mailako musikariz inguratuta. Hain zuzen, hedabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen Noam Chomskyk pentsalariak. Hamar estrategia destilatu, eta poesia bihurtu ditu Harkaitz Canok.

Urriaren 8an Alos Quartet taldeak bere 20. urteurrena ospatzeko kontzertua eskainiko du, esan bezala. Urriaren 16an, Bob Dylan artista eta literaturgilerik bikainenetakoaren omenez antolatutako ikuskizunaz gozatuko dute Bidebarrieta liburutegian. Bertan Minessotako kantautorearen zenbait kantu hilezkorren letrak euskaraz entzun ahal izango dira. Iker Diaz Letamendi aktoreak (itzulpengintzaz ere arduratu da) errezitatu egiten ditu, Adolfo Garcia perkusionistak pultsu literarioari eusten dion bitartean.

Hurrengo egunean aurkeztuko du Thierry Biscary kantari baxe nafarrak ‘Muda’ izeneko proposamen artistikoa Itsasmuseum-en. Uxue Alberdi, Jon Benito, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze eta Jon Maiaren hitzak erabili ditu abestiak ehuntzeko. Proiektu honen musikari gehienek musika tresna sokadunak jotzen dituzte: gitarrak, mandolina, kontrabaxua, txeloa eta eskusoinua eszenan izango dira.

Eta urriaren 18an Mikel Udangarinen kontzertua izango da Euskalduna Jauregian. Esan bezala, pianoan arituko da oraingoan Urdangarin. Errepertorio zaharra izango du abiapuntu, azken bi urteetan ondutako bertsioak plazaratzeko asmoarekin baina sorkuntza berri zenbaiti uko egin gabe.

Literatura

Iñigo Astiz idazlearen ‘Analfabetoa’ liburua ixten duen testua oinarri hartuta, mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei eskainitako poema irakurketa eszenikoa prestatu dute Astizek berak eta Mikel Ayerbek: ‘Högeitavat’. Irailaren 26an egingo dute Itsasmuseum-en.
Irailaren 30ean, Xabier Berasaluze, Leturiaren ‘Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea!’ liburuari buruzko solasaldia izango da Itsasmuseumen. Astebetean panderoa ikasteko metodoa eta DVDa eskaintzen du liburu honek.

Literaturarekin jarraituko dute urriaren 7an, Iñaki Sotoren ‘Suak pizten direnean’ poesia liburuaren aurkezpena izango da. Liburu bi horien aurkezpenerako Elkar Fundazioaren laguntza izan dute. Oraingoan, espazio eta aforo mugak gainditzeko, Itsasmuseumen egingo dituzte aurkezpen hauek.

‘Hariak’ ikuskizunearekin jarraituko dute. Yoseba Peña idazlearen nobela batetik abiatuta sortu da sentikaria eta emakumea. Lau emakumeren bizitza-pasarteak hartuko ditu kontagai urriaren 10ean Itsasmuseumean bertso, testu literario, kanta eta audiobisualen bidez. Horretarako, Rafa Rueda, Iraia Elias, Nahikari Gabilondo eta Yoseba Peña izango dira elkarrekin.

Urriaren 14an, poema berriak plazaratuko ditu Miren Agur Meabek Bidebarrieta liburutegian, ‘Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe’. Egilearen ohiko gaiak azalduko zaizkigu: oroitzapenen gaurkotzea, nortasunaren berrespena, indarkeriazko ekintzekiko ardura edota hitz poetikoaren balioa eta eginkizuna.

Eta literaturarekin amaitzeko, urriaren 22an, ‘Muga’ proiektua ikusteko aukera izango da Euskararen Etxean. Xabier Montoiaren ‘Anfetamiña’ liburutik abiatzen da. Berez, disziplina anitzeko ikuskizuna da. Poesia, musika eta ikus-entzunezkoak batzen dituen ekinaldi artistikoa, hain zuzen. ‘Anfetamiña’ izan zen Xabier Montoiaren lehen poema liburua eta Alberto Gonzalez musikariak kanta bihurtu. Horrez gain, proiektua burutzeko Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista...), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas...) eta Itziar Beristain (taldearen ahotsa) batu ditu. J.A. Goñi Areta Juxe argazkilaria izan da proiekzioen irudien egilea.

Dantza, antzerkia eta bertsolaritza
Urriaren 9an, ‘Diagonalean zehar’ koreografia plazaratuko du Mizel Theret iparraldeko dantza sortzailerik garaikidenetakoak. Esku pilotarien keinua du abiapuntu.

Urriaren 1ean eta 2an ‘Lurrun minez’ izeneko antzezlana eskainiko da La Fundicion-en. Orain dela urte bete, Galder Perezek idatzi zuen gidoia eta orain estreinaldia dator. Sauna batean hiru gizon elkartuko dira eta horien arteko hitz-aspertuan hainbat gaiez eztabaidatuko dute. Nabarmenduko dugu Joseba B. Lenoir musikagilearen presentzia teatro lanean.

Eta, azkenik, urriaren 11n, Garbiñe Ubeda idazleak etorkizunari buruz idatzitako ‘Zaharkitze programatua’ izeneko testuaren gainean inprobisatuko dute Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariek Guggenheim Bilbao Museoan. Testuaren irakurrialdiari Don Inorrez taldeak jarriko dio soinu banda.

KOKAPENA
Zenbait toki
Bilbo
Bizkaia
LOTURAK