Manu Chao Euskal Herrira itzuliko da zazpi urteren ondoren
Data
23.07.09
Lekua
- Arrasate

Atzera zazpi urte eginda topatuko dugu Manu Chaok Euskal Herrira egin zuen azken bisitaldia. Lizarran aritu zen orduko hartan musikaria, 2016ko abuztuan, milaka jarraitzaileren aurrean eskaini zuen doako kontzertuan. Oraingo honetan gure geografian iparralderago eginda, Arrasatera etorriko da ‘Clandestino’ eta ‘Me gustas tú’ gisako kantuen sortzaileak.
Uztailaren 9an izango da hitzordua, Arrasateko Monterron parkean. Antolakuntzatik nabarmendu dutenez, Mondra n' Roll jaialdiaren azpiegitura erabiliko da kontzertua antolatzeko. Sarrerak, aldiz, maiatzaren 30ean jarriko dira salgai musikaze.net plataformaren bitartez, 10.00etatik aurrera eta 22 euroren truke (gehi kudeaketa gastuak). NAIZeko harpidedunek %20ko deskontua izango dute:maiatzaren 30ean 10.00etan jasoko dituzte argibideak email bidez, edo harpidedunen txokoan.
1990ean Pirinioak zeharkatu zituen lehen aldiz, Bilbon geldialdia eginez, eta jende beteranoak bere emanaldi bortitzak gogoratuko ditu Gasteizko txosnetan emandako kontzertu sorpresa batean, Lakuntzako Ilargira egindako bisitan (91ko martxoan) edo Negu Gorriak taldearekin Mutrikuko Venezia aretoan (92ko urtarrilean) eskainitakoan. Fermin Muguruza lagunak Irungo jaietan egindako parrandak komentatu izan ditu, taldearekin batera, eta baten batek balkoian lo egin izan duela baieztatu. Orain ere, ongietorria eman nahi izan dio sare sozialen bitartez. «Ongietorria beti anaia».
Gogoangarria da ere 2014an, Donostiako Aste Nagusian Piratek antolatuta Zurriolan eskaini zuen kontzertua. Antolatzaileen arabera, 55.000 lagun bildu ziren han. Bere azken diskoa Baionarena '(2009) izan zen, Lapurdiko hiriburuko jaietan zuzenean erregistratua. Euskal sustraia presente egon da ibilbide guztian egindako bisita eta kontzertu jendetsuekin.
Burutik eta Eirerekin
Manu Chao ez da bakarrik ariko Arrasateko kontzertuan. Giroa berotzeko bi talde gazte izango ditu lagun Chaok: Burutik eta Eire.
Lehena Iruñean sortutako taldea da eta iaz kaleratu zuten euren lehen lan luzea, ‘Hamabost segundu’. Ez dira geldirik egon ordutik, aurtengo otsailean bertan hiru kantuz osatutako ‘Zerua eta zorua: hiru kanta bakardadeari’ lana kaleratu baitute. Eire, bere aldetik, Zumaian sortutako bikotea da. Hauek ere musika eszenan hasiberriak badira ere, azken urtean hainbat single argitaratu dituzte sareetan.
Kokapena
Monterron
Arrasate.