Maskaradak, Urdiñarbeko gazteen eskutik
2019/01/06 - 2019/04/21
Urdiñarbe
Zuberoa
Maskaradacarrusel
AIPAMENAK

Urtarrilaren 6an hasiko dira Maskaradak Urdiñarben eta apirilaren 21era bitarte Zuberoako itzulia egingo du. Inauteri tradizionalak ohitura zaharretan oinarrituriko berritasunak izanen ditu: emazte kopuru handia dela-eta, belagileak aterako dira plazara eta, bestalde, dantzari beltzak ere izanen dira.

Beraz, tradizioa aireberrituta helduko da Zuberoako plazetara 2019an. Normalean 30 bat parte-hartzaile biltzen dituen ekitaldiak aurten 51 elkartu ditu. Gazte gogotsu guztiei tokia emateko, sorkuntza batzuk integratu dituzte, baina ohiturak kontuan harturik. Horrela, François Fourquet-en, Georges Herelle-ren eta maskaradetako beste aditu batzuen testuak kontsultatu dituzte, lehen zer egiten zen ikusteko, eta bihar estreinatuko den ikusgarriaren moldaketak zentzuz eta inauteri zuberotarraren usadioen errespetuz egiteko.

Emakume anitzek parte hartuko dutela-eta, sorginak ere izanen direla azaldu du Maiana Barreix arizaleak, hots, aktoreak: «Beltzerian usu mutikoak dituzu, eta emeki-emeki emazteak sartzen dituzu joko horietan. Aurten bagenituen emazte andana bat, nahi genituen beltzerian ezarri, eta ez ditugu ez kauteretan, ezta buhameetan ere ezarri, baina beraientzako joko berezi bat asmatu dugu, belagileak».

Pertsonaia berri horien lana ere gaineratu du urdiñarbetarrak: «Izanen dituzu belagileak zopa berezi baten egiten, hartz baten iratzarrarazteko. Eta gero Pitxu ere atzarraraziko dute, baina zoparik gabe. Hori sorpresa izan behar zen, baina bozak fite ibiltzen dira».

Dantzari kopurua da aurtengo beste berezitasun nagusietako bat; normalean gorrien taldean izaten dira soilik, baina biharkoan beltzen artean ere ikusi ahal izanen dira oinkariak. «Hamabi gaituzu dantzarietan, anitz garelarik usu duzu bi talde egitea, baina ez duzu sinple», azaldu du hamabi horien parte den Barreixek. Izan ere, dantzariek urte eta erdi daramate pausoak sortzen, ikasten eta entseatzen.

Ohi bezala, herri antolatzailea izanen da ibilbidearen abiapuntu eta bukaera, urtarrilaren 6an hasi eta apirilaren 21ean finitzeko. Zuberoan barna herriz herri ibiliko da bitartean:

Egitaraua:

Urtarrilaren 6a: Urdiñarbe
    •    Urtarrilaren 13a: Ürrüstoi Larrabile
    •    Urtarrilaren 20a: Altzürükü
    •    Urtarrilaren 27a: Lexantzü
    •    Otsailaren 3a: Mendikota
    •    Otsailaren 10a: Eskiula
    •    Otsailaren 17a: Pagola
    •    Otsailaren 23a: Maule
    •    Martxoaren 3a: Barkoxe
    •    Martxoaren 10a: Idauze-Mendi
    •    Martxoaren 17a: Garindaine
    •    Martxoaren 24a: Larraine
    •    Martxoaren 30a: Aloze
    •    Apirilaren 7a: Hoki
    •    Apirilaren 14a: Muskildi
    •    Apirilaren 21a: Urdiñarbe

KOKAPENA
Plaza
Urdiñarbe
Zuberoa