‘Mauriziak ez du inor hil’, kopla zaharren berrirakurketa eta proposamen artistiko berritzailea
Data
23.03.23
Lekua
Bizkaia - Bilbo

Ines Osinaga, Lorea Argarate, Eneritz Dueso, Garazi Egiguren, Itziar Garaluce eta Elena Garciak osatutako kolektiboak ‘Mauriziak ez du inor hil’ ikuskizuna eskainiko du Loraldia Festibalean.
Hilaren 23an 19.30etik aurrera koplak abestu, sintetizadoreak eta panderoak joko ditu Osinagak. Argarate (beats & noises), Garazi Egiguren (arin ariña eta perreoa), Dueso (soinu espazioa), Itziar Garaluce (arte bisualak) eta Elena Garcia (argi diseinua ) izango ditu alboan. Sarrerak agortuta daude.
Aldeiturriagaren kopletatik abiatutako zuzeneko emankizuna da ‘Mauriziak ez du inor hil’. Emanaldi bakoitza ezberdina eta bakarra da eta propio prestatzen da espazio eta baldintza bakoitzerako. Oraingoan Bilboko Alondegian egingo dute. Hilabete daramatzate erresidentzia formatuan bertan ikuskizuna sortzen.
Sormenaren aldetik ere proposamen bakarra bilakatzen da eta inoiz ez da bera errepikatzen. Beste sortzaile batzurekiko sinergiak sustatzen dituzte. Sortzaile bat gonbidatzen dute emanaldi bakoitzean. «Lekuan lekuko Mauriziekin elkarlanean ekintzak sortzen ditugu», dio Osinagak.
Olatz Salvador, La Basu, Garazi Egiguren, Uxue Alberdi, Leire Palacios... izan dituzte anfitrioi aurreko hitzordutean. Saio honetan Maurizia Aldeiturriagaren rola Julene Gregoriok gorpuztuko du interbentzio artistiko baten bitartez.
Moda diseinatzailea da Gregorio eta bere eskutik espazio eszenikoa, jantziak eta estetikaren inguruan ikertuko dute. «Eulalia Abaituaren argazkiekin zianotipiaz zapiak diseinatu ditu Gregoriok, eta egunean bertan estilismoarekin jolasteko proposamena egingo du. Izan ere, diseinatzaileak berak sortu ditu emanaldi horretan kolektiboko kideek jantziko dituzten arropak, eta moda desfilea eta kontzertu baten artean egongo den performancean bilakatuko da emanaldia», aurreratu dute Loraldiako arduradunek.
Berta Bittersweet abeslari eta konpositorea ere batuko zaie ostegunean eta euskal folklorea bestelako proposamen estetikoekin uztartzera jolastuko dute berarekin batera kolektiboko kideak.
Zergatik Maurizia? «Bere iruditeria osoaz jabetu nahi genuen gure ariketa delako kultur erreferenteen genealogiaren errebisio kritikoa. Berak sinbolizatzen du plaza hartze bat, kopla zaharrak, errelato batzuk, zapia buruan jarri eta edozein lekutara bere galazko arropa jantzita joatea, panderoa jotzea...».
Koplei irakurketa berria
Kopla zaharrak eta narratiba berriak. «Koplak kontestutik atera eta tradizioaren izenean egiten diren errelatoak zalantzan jarri nahi ditugu. Kopla zaharrak maite ditugu baina ez haietan emakumeei buruz esaten den hori. ‘Neska zaharrak bentanetan’, dio batek. Nortzu dira kopla zaharrak kantatzen dituztenak? Eta zeri buruz kantatzen dute? Horri guztiari buelta ematen diogu kopla berriak idatziz, ala zaharrak beste gorputz batek abestuta, edo beste kontestualizazio batekin.. narratibak beste zentzu bat hartzen du», azpimarratu du.
«Lourdes Iriondoren kantu bateko ahotsa sanpleatu dugu, autotunearekin Kai Nakairekin jarri dugu abesti berean kantatzen, egiten dugunaren proposamen musikalaren salgarritasuna baino hackeatzea bera interesatzen zaigu», dio.
2017tik
2017ko Feministaldian egin zuten lehenengo aldiz ekintza Argarate eta Osinagak. Mauriziaren bi piezen bertsioak eskaini zituzten. «Orduan hasi ginen saretzen eta elkar konspiratzen. Gaur egun kooperatiba txiki bat gara. Sormen kolektibo feminista ez mistoa da ‘Mauriziak ez du inor hil’. Festara gonbidatutako andrazkoa eta kontzertuko emakumea izateaz –kupoa betetzen duen hori– nekatuta gaude. Elkarren ordezkagarri izaten gara eta ondorioz ez dugu elkarrekin inoiz koinziditzen».
Euren plazak asmatzen dituzte, «plaza ez baita bizigarria, gozagarria eta jasangarria denontzat». Plazaz jabetzen dira, kontzertu itxura hartzen duten emanaldiekin, baina ez beti. «Ez gara musika taldea, nahiz musika egin».
Zuzenekoez gain, ‘konspirazio ekintzak’ ere jorratzen dituzte. «Sorkuntza bekara proiektu bat aurkeztu emanaldi multidisziplinarrak sortzeko, Inteligentzia Artifizialaren bidez koplak idatziko dituen Mauriziaren avatar bat sortzea, Twitch-etik panderoa jotzeko ‘kedadak’ egitea Galizako beste Maurizia batzurekin.... Dena delako proiektua ‘zoroak’ prototipatu eta martxan jartzeko baliabideak sortzen ditugu. Start-up bat da, azken finean», kontatu du.
Ez dituzte musikaren industriak markatzen dituen jarduteko moduak jarraitzen. «Beste mundu bat asmatu nahi dugu, zeren daukagunak ez digu balio. Dukaguna ez da ez feminista, ez berdinzalea, ez anitza, ez ezer», azaldu du.
Ez ditu ikusgarritasunak mugitzen. «Daukagun sormen industriatan beti eduki behar du errentagarritasun ekonomikoa aurrera ateratzeko. Eta guk egin nahi ditugun proiektu batzuk ez datoz bat horrekin. Ez dugu ikusgarritasunaren izenean egiten, egin nahi ditugun gauzak beti ez direlako errentagarri musika eszenan. Diru piloa kobratu beharko genuke, eta ez da kasua. ‘Egin nahi duguna egiteko nondik atera dezakegu dirua?’, galdetzen diogu geure buruari», gaineratu du.
Kokapena
Alondegia
Arrikibar Plaza, 4
Bilbo. Bizkaia