Mikel Azpirozen musika eta Bernardo Atxagaren literatura eskutik helduta

Data

21.04.13

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Mikel Azpiroz eta Bernardo Atxaga. (NAIZ)

Mikel Azpirozen musika eta Bernardo Atxagaren literatura eskutik helduta datoz ‘Denbora, kantak eta islak’ ikuskizunean. Apirilaren 13an izango da Bilboko Arriaga antzokiak ekoiztutako emanaldia. Saio bakarra izango da, ez daukate aurrerago errepikatzeko asmorik.

Azpirozen gonbidapena jaso zuen Atxagak. «Pertsonalki elkar ezagutzen dugu eta ezagutzen dut bere musika, aspalditik. Arriagak ekitaldi bat eskatu ziola eta ea lagunduko nion deitu zidan. Oso pozik jaso nuen eskaintza, asko estimatzen baitut musika bezala», kontatu dio NAIZi.

Bidaia da Atxagarentzat musika. «Musikak, eta kasu honetan pianoak, denbora ezabatzen dit. Mikelen diskoak entzuten jarri eta denbora oharkabean pasatzen da. Bidaia da niretzat, eta pianoaz lagunduta ondo bidaiatzen dut. Nire buru-bidaia, barne-bidaia egiten dut».

Egun argiko ametsa. «Burua leku batera edo bestera joaten zait», gaineratu du.

Donostiar musikariaren ‘Isla’ diskoak egingo du bi sortzaileen arteko zubi lana, 1978. urteko Steinway&Sons B ereduko isats-pianoarekin interpretatutako bederatzi konposizio biltzen dituena.

Azpirozen piano doinuei hitzak jarriko dizkie Atxagak. Arriagan irakurketa asko egina da. Testu berria sortzerakoan Maialen Lujanbiok Tabakaleran egindako ekitaldi baterako eskatu zion hitzaldia izan du abiapuntu. «Oso egokia da. Aspalditik idazteko gogoa neukan bidea ireki zidan berak hitzaldiaren izenburua eman zidanean: ‘sehaska kanta bat Etiopian’», adierazi du.

Denboraren eraginak harilkatuko du jarduna. «Denbora ez da inon era berean ezartzen: ez gauzetan, ez animalietan, ez beste errealitateetan. Poliki-poliki ezartzen da esate baterako harrian; harri batzuetan, ehunka edo milaka urte behar dira antz emateko moduko aldaketa bat gertatu aurretik. Lorean, berriz, ez da halakorik; gehienek sasoi bat irauten dute, hilabete banaka batzuk. Animalien erresumari dagokionez, modu batean jasotzen dute loroek eta dortokek denbora; tximeletek, bestean. Zer esanik ez ephémeros deitzen diren eltxoek. Gogoan izan beste errealitate batzuk ere: idatzita iristen zaizkigun musikak, testuak…», azaldu du.

Eta denbora nola doa testuetan? «Batzuetan, kazetariok badakizue hori, oso arin pasatzen da. Aldiz, zehazka kantek, hileta kantuek, asko eusten diote denborari; oso poliki doa», esan du.

Sehaska kantuak izango ditu hizpide saioan. «Nik azkena entzun nuen sehaska kanta, orain 40 urte, eta duela 4.000 urte Sumerian kantatzen zuten beste batekin alderatu eta oso paraleloak dira. Bata bestearekin parekatu daitezke. Genero batzuk ez dira aldatzen, beste denbora bat dute», gaineratu du.

‘Obaba’ hitza belarrira xuxurlatu zion sehaska kanta du gogoan idazleak.  Deustuatik abiatu eta ibaian zehar Arriaga antzokiraino bidaiatuko du Atxagak, eta bere eskutik, entzuleek. «Deustuan iritsi zen nigana sehaska kantua. Ni nengoen tokitik jeitsi eta ibaian zaude, pixka bat aurrera jarraitu eta Arriagara ailegatzen zara. Poemaz poema antzokira bertara iritsiko naiz. Ibai horrekin lotura duten testu eta poema batzuk –horietako batzuk ‘Etiopia’ liburuan jasoak– irakurriko ditut. Eta zorte pixka batekin, eta musak lagun baditut, Arriagari ere poema bat irakurriko diot», aurreratu du.

Asteasuarraren hainbat idatzietan ageri den paisaia da. «‘Etiopia’ liburuko poema batzuetako paisaia da. Esaterako, Ruperrek kantatzen duen ‘Kalatxoriarena’ hortxe egina da: Arriaga, Areatzako zubia, Santanderreko tren geltokia aurrean eta kaioak gainean. Eta ‘Berandu dabiltza’ abestiaren letra ere bertan egina da».

‘Etiopia’ poema liburua du oinarri hitzaldiak. ‘Obabakoak’ ere zerrendan jarria du. Eta atzetik etorriko dira besteak. «Aspaldiko nahia da nire liburuen inguruan gertatutakoak idaztea, liburu bakoitzaren historia zein den azaltzea», kontatu du.

Arratsaldeko 19.00etan da emanaldia. Sarrerak leihatilan eros daitezke asteazken, ostegun eta ostiraletan: 11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00era. Larunbat, igande, astelehen eta astearteetan: 11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara.

Webgunean ere bai.



 

Kokapena

Arriaga Antzokia
Arriaga Plaza
Bilbo. Bizkaia