Miranderen poemak abesti bihurtuz Iruñeko Garaikide jaialdian

Data

22.01.14 - 22.01.14

Lekua

Nafarroa - Iruñea

Mirande
Jon Mirande. (NAIZ)

Euskarazko adierazpen artistiko garaikidearen erakusketa da Garaikide jaialdia. Eta aurtengoa ‘Mirande’ lanarekin abiatuko dute Elena Setien eta Xabi Erkizia musikariek, Joseba Irazoki gitarra-jotzailearen laguntzarekin. Jon Mirande poetaren lanak oinarri hartuta, aspaldi honetan egin den disko bitxi eta interesgarrienetako baten aurkezpena izango da Garaikide jaialdikoa, Iruñeko Alde zaharreko Kondestable aretoan aditzekoa.

Elena Setien, Grande Days taldeak eta Xabier Erkiziak egindako esperimentu sonoroa da ‘Mirande’, disko forma hartu zuena. Jon Miranderen poemekin sortutako kantuak. Letretatik abiatuta, soinuak gehitu eta ahots eder batekin aurkeztuak. Baina ez zegoen jakiterik ‘Mirande’ zuzenean aurkeztuko zenik, talde itxura hartzea bazuenik. Baina Iruñeko Garaikide jaialdiak, euskarazko adierazpen artistiko garaikideenak batu nahi dituen ekitaldi honek, ‘Mirande’ zuzenean ikusteko aukera eskainiko du. Ez da gutxi. Elena Setien, Xabi Erkizia eta Joseba Irazoki arduratuko dira horretaz. Kalitate handiko hiru musikari. Erronkak maitatu ez ezik, gauzatzen ere ausartzen direnak.

‘Mirande’ poesia sonoroa da orain, Jon Miranderen testuen sakoneran murgildu eta abesti ederrak gauzatu dituzte. Latzak, oinazez betetakoak, baina plazera eta nolabaiteko gozotasuna ere ageri da doinuen artean. Hertzainak taldeak bere garaian Miranderen ‘Eder bati’ musikatu zuen, eta ezagun bilakatu ziren bere letrak ‘gaur gero, neska gazte, eskua dut emazte…’. ‘Mirande’ proposamen garaikide honetan, letrak beharbada garai hura gogoraraziko dizute, baina bestelako proposamen artistiko musikal baten baitan datoz. Ederrago eta guzti beharbada. Horretarako parada ederra Iruñeko alde zaharrean.

Kokapena

Civivox Condestable
Civivox Condestable
Iruñea. Nafarroa

Loturak