Miren Agur Meaberen ‘Kristalezko begi bat’ klasikoaren etenik gabeko irakurketa Arriagan

Data

23.06.08

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Miren Agur Meabe Bilbo Zaharra euskaltegiko eta erakundeetako ordezkarien inguratuta.
Miren Agur Meabe Bilbo Zaharra euskaltegiko eta erakundeetako ordezkariz inguratuta. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVI. edizioa antolatu du aurten ere Bilbo Zaharra euskaltegiak. Ostegun honetan, ekainak 8an, Arriaga Antzokian irakurriko dute Miren Agur Meabe idazle Lekeitiarraren ‘Kristalezko begi bat’ liburua. Aurtengo edizioa berezia da Zazpi Kaleetako euskaltegiarentzat, ekimen honen bidez bere 50. urteurrena ospatuko baitute.

Aurtengo edizioa Arriaga Antzokian bertan aurkeztu dute astearte honetan. Bertan, osteguneko ekimenaren inguruko nondik norakoak eskaini dituzte Arantza Camarero Bilbo Zaharra euskaltegiaren ordezkariak, Koldo Narbaiza Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatuak eta Miren Agur Meabe idazleak.

Ekitaldia ikusteko aukera librea izango dute Arriaga Antzokiaren kanpoaldean egongo den pantaila erraldoiaren bitartez, goizeko 8.00etatik eguerdiko 14.00etara. Gainera, streaming bidez ikusteko aukera ere egongo da EITB-ren webgunearen bitartez.

Meaberen laugarren liburua

XVI. edizio honetan Miren Agur Meaberen ‘Kristalezko begi bat’ liburua hautatu dute, emakume idazle baten irakurtzen den laugarren liburua. Arantza Camareroren hitzetan, aurten eleberri hau hautatu dute emakume guztiak omentzeko helburuarekin.

Meabe euskal literaturaren zeresan handiko idazlea da, eta ostegunean irakurriko den liburua ‘auto-imitazioa’ generoaren barnean sailkatzen du. Bere eleberrian emakume izatearen kontzientzia eta konplizitatea nabari daiteke.

Aurreko urtetan bezala, irakurketan gizarte arlo guztietako 200 pertsonak parte hartuko dute irakurketan. Eleberri honen lehen lerroak idazleak berak irakurriko ditu, XVI. edizio honi hasiera emateko. Horretaz gain, Bilbo Zahar euskaltegiko, euskara elkarteen eta Bilboko zenbait institutuen ikasleek ere irakurriko dituzte zenbait pasarte.

Ospakizuna

Ekitaldi nagusiaz aparte, Bilbo Zahar euskaltegiak beste ekintza batzuk antolatu ditu irakurketaren harira eta euskaltegiaren 50. urteurrena ospatzeko. Egun hauetan Zazpi Kaleetako eta Abandoko metro geltokietan aurreko edizioen argazkien eta ekimenaren kartelen erakusketa egongo da.

Gainera, astearte eta asteazkenenean arratsaldeko 19.00etan Euskaltzaindiko egoitzan bi hitzaldi antolatu ditu euskaltegiak. Lehena ‘Kristalezko sabaiak apurtuz’ izenekoa, Josune Muñozek eta Seroie taldeak emango dute eta asteazkenekoa Miren Agur Meabek eskainiko du eta ‘Flash batzuk nire begi kutunari’ du izena.

Ekitaldi honek euskararen zabalkunderako duen garrantzia azpimarratu dute Meabek eta Bilbaok. «Idaztea itsas belarretako kurkuilu bat deskorapilatzea bezala da», adierazi du idazleak. Horren ildotik, irakurketaren bitartez elkarrekin askatzeko eta euskara «lau haizetara» zabaltzeko aukera paregabea izango dela adierazi du diputatuak.

Sarrera librea da.

Kokapena

Arriaga Antzokia
Arrikibar Plaza, 4
Bilbo. Bizkaia