Mitologia ardatz hartuta hainbat ekitaldi prestatu dituzte Ataunen
Data
22.06.25 - 22.07.09
Lekua
Gipuzkoa - Donostia

Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Hala nabarmendu dute Mitoaldiaren arduradunek ostegun honetan egindako aurkezpen ekitaldian.
«Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar», adierazi dute.
Ataunen Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. «Zehazki, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, esate baterako, Jentilen Etorrera edota Gau Ibilaldi Mitologikoa ospatuz, Ataungo hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero herritarren zein bisitarien artean Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik», gogoratu dute.
Aipatu jarduerak antolatzen dituen Jentilbaratza Kultur Elkartearen eta Barandiaran Museoaren arteko lankidetza ez da gaurkoa. Urteak daramatzate elkarlanean, beti ere «euskal ondarearen berrerabiltzean, ingurumen sentikortzearen sustapenean eta Ataunen osoko garapenean ekarpentxoa egiteko itxaropenarekin».
Lankidetza giro horri eusteko eta aipatu helburuak aitzineratzen jarraitzeko Mitoaldia egitasmoa jarri zuten abian Jentilbaratza Kultur Elkarteak eta Barandiaran Museoak Ataungo Udalaren laguntzarekin.
Erreferentzia
Ataun Euskal Herriko mitologiaren erreferentzia nagusi izan dadin nahi dute. «Horrexegatik antolatu dugu aurtengoan ere V. Mitoaldia, ekainaren 25etik uztailaren 9ra», diote.
Irteera eta ibilaldi gidatu bereziak, hitzaldiak, udalekuentzat tailer bereziak... prestatu dituzte. Batetik, Troskaetako kobara irteera egingo da ekainaren 25ean, larunbatean, 8.30ean. Ion Fontenlaren eskutik eta Felix Ugarte espeleologi taldearen laguntzarekin. Ataungo koba bisitatzeko aukera eskainiko dute. Ataungo San Martin plazatik, 8.30ean irtengo dira. Kobako bisita 90 minutukoa izango da. Troskaetako koba babesteko, ikusle kopurua mugatua izango da, 25 lagun sartuko dira, hain zuzen ere.
Bestalde, Arbasoen Arrastoan ibilaldi gidatua iragarri dute EHUko Joxan Mujikarekin Aralarren (Igaratza). Uztailaren 2an, 8.00etan. «San Martingo plazatik abiatuta, Aralar aldera hurbilduko gara, autoetan zati bat egingo dugularik, azken urte hauetan Igaratza inguruan egiten ari diren indusketen berri izateko», esan dute.
Gainera, Juan Kruz Igerabidek hitzaldia eskainiko du ‘Zazpi koloreko herensugea’ izenburupean. Uztailaren 5ean, asteartean, 19.30ean, Barandiaran museoan da hitzordua.
«Idazle, irakasle eta euskaltzain urgazleak, bere azken lanaren berri emango digu, bere ikuspegitik murgilduko gaituelarik euskal mitologiaren munduan», iragarri dute.
Mitoaldiak irauten duen bitartean, udalekuentzat, mitologia tailerrak eskainiko dira txikienak mundu mitologikoan murgil daitezen. Tailerrok goizez burutuko dira eta, toki mugatua dagoenez, berandu baino lehen erreserba egitea komeni da barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidean.
Gau Ibilaldi Mitologikoa ere egingo da uztailaren 9an, larunbatean. Bi txandatan, 20.00etan eta 20.30ean. «Garai bateko ipuin eta legenda harrigarrien munduan sartuko gara Ataunen barrena. Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango ditugu bidelagun eta, horretarako, garai bateko herri bidean zehar, oinez egingo dugu Barandiaran Museotik San Martingo plazaraino. Ibilaldi harrigarria eta sorpresaz beterikoa izango da», diote. Sarrerak aurrez hartu behar dira www.jentilbaratza.eus atarian, leku mugatua dago eta.
Egitaraua kontsultagarri eta sarrerak eskuragarri webgunean.
Kokapena
Barandiaran Museoa
Larruntza Errota
Donostia. Gipuzkoa