Musika Hamabostaldiko Organo Zikloa inoiz baino oparoago, 15 kontzerturekin

Data

22.08.02 - 22.08.15

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Ana Belen Garcia, Francois Espinasse eta Patrick Alfaya, aurkezpenean.
Ana Belen Garcia, Francois Espinasse eta Patrick Alfaya, aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Musika Hamabostaldiko Organo Zikloa, jaialdiko ziklo emankorrenetako bat, astearte honetan hasiko da, eta bi astez luzatuko da, abuztuaren 15era arte. «2021ean izan zuen hazkunde handiaren ondoren, aurten ere 15 kontzertuko kopuru errekorra eskainiko du zikloak, Gipuzkoako organo-ondare aberatsa ezagutzera emateko; hain zuzen ere, munduan parerik ez duen organo-bilduma berezia du Gipuzkoak, erakargarritasun handienetakoa», adierazi dute.

Mundu osoko organista handiak etortzen dira ziklo honetara, eta horren arrazoia da, neurri batean, Gipuzkoako organo erromantiko askok jatorrizko egoeran jarraitzen dutela. Hala esan dute. «Hain zuzen ere, sonoritate original hori bilatzen dute munduko hainbat tokitako organistek eta organo-ikasleek urtez urte gure lurraldean», azaldu dute gaurko aurkezpenean. Ana Belen Garcia, zikloaren koordinatzailea; Francois Espinasse, zikloan parte hartuko duen organojotzailea eta Patrick Alfaya, Musika Hamabostaldiaren zuzendaria egon dira.

Aurten nabarmentzekoa da abuztuko lehen hamabostaldian Gipuzkoara etorriko diren nazioarteko organisten kopurua. Hamahiru artistetatik sei lehen aldiz ariko dira Musika Hamabostaldian: Jon Laukvik, François Espinasse, Brett Leighton, Masaaki Suzuki, Gunnar Idenstam eta Wayne Marshall. Zikloan izango diren euskal organistekin batera, askotariko errepertorioa emango dute: aipagarria da programa askotan musika frantsesak izango duen lekua, baita Johann Sebastian Bach konpositorearen ekoizpenari eskainitako bi kontzertuak ere, Karsten Dobers y Loïc Mallié (abuztuak 4) organisten eskutik, batetik, eta Bach konpositorearen lanean aditua den Masaaki Suzuki-ren (abuztuak 10) eskutik, bestetik.

Inprobisazioak, organisten artean adierazgarria den espezialitatea, leku nabarmena izango du ere aurtengo programetan, Gunnar Idenstam (abuztuak 11 eta 14), Marie-Bernadette Dufourcet (abuztuak 13), Wayne Marshall (abuztuak 15) eta David Briggs (abuztuak 9) inprobisatzaileekin. Azken honek egun berean obra berri bat estreinatuko du: ‘Agur Jesusen Ama’-ren gaineko fantasia, Musika Hamabostaldiak enkargatutako lana. Hain zuzen zikloko hainbat ikuskizunetan musika garaikideak izango duen lekuari batuko zaio obra hau ere.

Gipuzkoan zehar

Zikloaren egoitza nagusia Donostia bada ere, zazpi proposamen egingo dira hiritik kanpo, agerian jartzeko Donostia, Tolosa, Loiola, Deba, Ataun, Usurbil eta Azkoitiko elizak babesleku dituzten organoen kalitatea. «Hain zuzen ere, datozen egunetan martxan jarriko diren instrumentuetako batzuk benetako maisulanak dira, hala nola Ataungo organo barroko iberikoa (Lorenzo de Arrázola), Donostiako San Bizente elizako eta Azkoitiko Santa Maria la Real elizako Cavaillé-Coll organoak, Tolosako Santa Mariako Sotlz-Frères organoa edo Donostiako Iesu elizako Johannes Klais organo garaikidea», kontatu dute.

Zikloak publikoaren babes handia izan du beti, urteko 4.500 ikusletik gorakoa, eta uda oro gora jarraitzen dutela nabarmendu dute. Zenbait kontzertuk Organo Zikloa bisitari izango duten udalerrietako udalen laguntza izango dute.

Musika-proposamen horiez gain, abuztuaren 10ean, 17.00etan, Esteban Elizondo organo-jotzaileak Koruko Santa Maria Basilikako Cavaillé-Coll organoaren ezaugarriak ezagutzeko aukera emango dio publikoari, laster berriz inauguratuko dutela-eta. Basilikan bertan hitzaldi horretan, Aristide Cavaillé-Coll sortzailearekin lotuko du organoa Elizondok, eta Euskal Herriko eta, bereziki, Gipuzkoako organo erromantikoaren testuinguruan kokatuko du.

Bestalde, abuztuaren 8tik 12ra, Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroa ere egingo da (XXXVIII. edizioa). Zikloarekin batera egingo da, eta, aurten, Michel Bouvardek emango du. Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan 27 urtez irakasle izandako aditua gidari dutela, beraz, munduko hainbat herrialdetako ikasleak izango dira ikastaroan, eta ikasitakoa erakusteko aukera izango dute abuztuaren 12an Donostiako San Bizente elizan elkarrekin egingo duten errezitaldian.

Organo zikloaren egitarauaren kontsulta eta sarreren erosketa webgunean egin daitezke.

 

 

Kokapena

San Bizente Eliza
San Juan Kalea, 15
Donostia. Gipuzkoa