Nafarroako Taldekako Bardoak Bertsolari Txapelketa
2020/01/31 - 2020/03/28
Etxarri Aranatz eta beste
Nafarroa
Bardoak
AIPAMENAK

Nafarroako Taldekako Bardoak  Bertsolari Txapelketaren 5. edizioa urtarrilaren 31tik martxoaren 28ra egingo da eta, guztira, 13 taldek hartuko dute parte. Etxarri-Larraunen egingo duten kanporaketarekin abiatuko da. Finala, berriz, Lizarran jokatuko da, eta, bertsolaritza festa baino gehiago izan dadin, Nafarroa Oinezekin batera antolatu dute ekinema.

Bardoak Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketa 2012an sortu zen, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartu asmoz, eta, orduz geroztik, bi urtetik behin antolatzen dute.

Aurtengoa bosgarren edizioa izango da, eta berrikuntzak aurreikusi dituzte. Oraingoan, talde parte hartzaileen jatorrizko herriez gainera, beste sei batu dira saioak jasotzeko eta bertan izango dira finalaurrekoak.

Guztira, 96 pertsona bilduko ditu txapelketak: bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, sukaldariak... «Helduak eta gazteak, herri batekoak eta bestekoak, beteranoak eta hasiberriak, Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta elkargune izango da Bardoak», azaldu dute.

Guztira hogei saio izango ditu lehiaketak. Finala Lizarran jokatuko dute eta lehiaketaren amaiera izateaz gain, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da. Izan ere, Nafarroa Oinez 2020rekin elkarlanean antolatutako ekitaldia izango da.

Urtarrilaren 31tik otsailaren 14ra bitartean lehen fasea jokatuko dute –lau multzotan banatuta, bertsolarien herrietan txandaka– eta sei talde pasatuko dira finalaurrekoetara. Hauek otsailaren 29tik martxoak 24ra egingo dira Anizen, Atarrabian, Goizuetan, Jaunsaratsen, Tafallan eta Tuteran. Hiru talde pasatuko dira finalera.

Finala salbu, saioak elkarte girokoak izango direla aurreratu dute, eta, kasu gehienetan, gainera, otorduekin osatuko dira.

KOKAPENA
Etxarri Aranatz eta beste
Nafarroa