NAIZ Kontzertuak otsailaren 26tik 28ra egingo dira Hernaniko Kiroldegian

Data

21.02.26 - 21.02.28

Lekua

Gipuzkoa - Hernani

Skabidean, 2020ko abuztuan, kontzertuan. (Gaizka PENAFIEL)

Izurriaren eraginez NAIZ Kontzertuak atzeratu beharrean izan ziren antolatzaileak duela aste batzuk. Egoerak hobera egin duenez, zehaztu da hitzordu berria: otsailaren 26tik 28ra Hernaniko kiroldegian.

Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays taldeak igoko dira agertokira. Kartelak ez du aldaketarik izan. Bai, ordea, ordutegiak. Skakeitan taldeko kideek irekiko dute kontzertua. Ostiralean, otsailak 26, arratsaldeko 19.30ean izango da. Larunbatean Des-Kontrol eta Brigade Locoren txanda izango da. Eta hemen dator aldaketa. Brigade Locok eguerdiko 13.00etan eskainiko du zuzenekoa eta Des-Kontrol arratsaldean ariko da, 19.30ean. NAIZ Kontzertuen itxiera Zea Maysek eskainiko du, igandean, 19.30ean.

Ordubeteko saioak izango dira. Eredu mistoan egingo dira berriz ere kontzertuak. Aurreko saioek izan duten harrera ikusita, aukera hori mantentzea erabaki da eta kontzertu bakoitza 2,5 euroren truke ikusteko moduan izango da. Bonuak ere mantenduko dira streaming bidez saio guztiak ikusteko. Sarrera fisikoek, berriz, 10 euro balioko dute eta Hernaniko kiroldegian bertatik bertara ikusteko aukera izango da.

Orain arte eskuratutako sarrera guztiak, bai fisikoak zein online jarraitzekoak, guztiak mantendu egingo dira. Nolanahi, sarrera fisikoak erosi zituztenei hauek erabiliko dituzten edo itzuli nahi ote dituzten erantzuteko eskatu zaie SMSz eta e-posta bidez.

Itzultzen diren sarrerok berriro salgai jarriko dira datorren asteazkenean, goizeko 11.00etatik aurrera, webgunean. Saioak streaming bidez ikusteko sarrerak erosteko aukera ere zabalik egongo da.

Berriz ere kalitatearen alde indar berezia egin du NAIZek eta TAOM eta Fokurekin elkarlanean arituko gara etxetik kontzertuak ahalik eta modurik onenean disfrutatu ahal izateko. Goi definizioko zortzi kamera jarriko dira kiroldegian.

«Musikari eta musikaren inguruan dagoen lan guztiari eman digutena bueltan emateko garaia» zela nabarmendu zuten antolatzaileek NAIZ Kontzertuen itzulera iragarri zenean. Saioetan bildutako dirua egitasmoan parte hartuko duten taldeentzako izango da.

Dena prest zegoen baina ezinezkoa izan zen. Orain bai, hemen datoz NAIZ Kontzertuak. Talde guztiak ezagunak dira euskal musikaren eszenan. Skakeitan donostiarrek iaz atera zuten ‘Nola galdu denbora’ izeneko lana. Etengabeko eboluzioan dabilen musika taldea da Skakeitan eta hori bere soinuan igartzen da. Azken lan honetan doinu elektronikoagoen aldeko apustua egin dute eta indar berezia hartu dute horren ondorioz beren kantuek. ‘Ezpainetan odola’, ‘Apatia’ edota ‘2 minutu’ bezalako kantuak aurkezteko aukera ona eta entzuleentzako gozatzeko moduko emanaldia osatuko dute.

Brigade Loco taldekoak izango dira eguneko otsailaren 26ko lehendabiziko protagonistak. Bergara, Hernani eta Debako kideek osatzen dute taldea. ‘Ekintzek dute hitza’ izeneko lana kaleratu zuten duela pare bat urte eta azken urtebetean hiru kantu atera dituzte. Bata futbolaren bueltan idatzitakoa, ‘Bultzada’ izeneko kantua, eta beste biak memoria historikoari erreferentzia argia egiten diotenak: ‘Ez dira pasako’ eta ‘Arbasoak’. Hiru kantu beste hainbeste bideoklip dotorez jantzita.

Des-Kontrol Arrasateko talde klasikoetako bat bihurtu da dagoeneko eta, nahiz eta 2009an atera zuten beren azken diskoa, oholtzara igotzen diren bakoitzean eztanda egiten du bueltan dagoen guztiak.

Zea Maysek itxiko ditu NAIZ kontzertuak. ‘Atera’ lana kaleratu zuen 2019an ‘Kea’ edota ‘Hiri eri’ bezalako kantuekin. Indar handiko kantuak, soinu aldaketa nabarmenarekin baina esentzia gordez.


Kokapena

Hernaniko Kiroldegia
Elkano Kalea, 29
Hernani. Gipuzkoa