Nobela beltzaren giroan murgilduko da Baztan (H)ilbeltzaren eskutik

Data

23.01.23 - 23.01.29

Lekua

Nafarroa - Elizondo

(H)ilbeltzaren antolatzaileak.
(H)ilbeltzaren antolatzaileak. ((H)ILBELTZA)

(H)ilbeltza badator. Pozik iragarri dute antolatzaileek jaialdiaren egitaraua. IX. edizioa izango da 2023koa eta ilbeltzaren 23tik 29ra egingo da Baztanen.

BIRA produkzioak egindako spotak ere ikusi du argia. Orain arte ‘Argituko da...’ trilogiaren bi atal ezagutu dira eta orain hirugarrena dator, dena argituko duena. «Urtero bezala, zuri-beltzera jo dugu bideoa egiterako orduan, gauzak ez baitira inoiz uste bezalakoak eta guztiak izaten baitu bere argiluna.
 Aurten gainera formatua aldatu nahi izan dugu eta miniserie edo pilula moduan egin dugu spota, jakin mina pizteko eta istorioan zer demontre gertatzen den jakin nahi izateko», adierazi dute.

Bost egunez luzatuko da edizio berria eta bost herrik, Arizkunek, Anizek, Elizondok, Iruritak eta Erratzuk hartuko dituzte ekitaldiak. Ohikoa den gisan mahainguruak, solasaldiak, liburu aurkezpenak eta zinema emanaldiak prestatu ditu antolatzaile taldeak.

Egitaraua

Ilbeltzaren 23an, astelehena, ‘idazleekin solasean’ saioa egingo da. Eneko Barberenak eskuratu zuen iazko beka eta haren emaitza, ‘Suak erreko ez balu’ nobela beltza izango dute solasgai. Hitzordua 19.30ean Arizkungo Medikuaren etxean.

«Eneko Barberenaren liburua (H)ilbeltza bekaren baitan argitaratutako bosgarren liburua dugu, hirugarren sormen lana. Izan ere, (H)ilbeltza bekak aldizkatuz argitaratzen ditu sormena eta itzulpena. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean euskal literatura beltza sustatu, hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko (H)ilbeltza beka sortu genuen 2017. urtean. Esan bezala, sormena eta itzulpena aldizkatuz aritzen gara», kontatu dute.

Hilaren 25ean, asteazkena, ‘Odol bearbaguea, agirtuco da eguia eurea’ izenburupean hitzaldia eskainiko du Joseba Sarrionandiak 19.00etan Anizko Mendiarte elkartean.

«Krimen aztarnak bilatu ditu Sarrionandiak 1596ko errefrauetan eta testu eta kanta zaharretan. Antzinako euskal literaturak hainbat gai gorri edo beltz eskaintzen ditu, oraindik ere ikertu beharrekoak. Aipatu nahiko genuke, aurten zorionez presentzialki izanen dugula Sarrionandia, baina ez dela bere lehenbiziko parte hartzea izango. 2018ko (H)ilbeltzan gure artean izan baitzen. Orduko hartan, Hamahiru ate liburuan oinarriturik, (Sarrionandia bera eta Mitxel Sarasketak eskribitutako liburua) (H)ilbeltzakideok ikuskizun bat prestatu genuen, tartean Sarrionandiak Kubatik eskribitutako karta bat leitu zuen Sarasketak. Bertzetik, (H)ilbeltzak Txomin Peillenen ‘Zaldi Beltzak’ zeruan ipuin liburua argitaratu genuen Pamiela argitaletxearekin, liburuaren aitzinsolasa Sarrionandiak egin zuen», diote.

27, ostiralean ‘Kareletik’ (Anjel Lertxundi,1987) filmaren emanaldia iragarri da 19.00etan Iruritako Gizarte Bilgunean. «Zinema beltza aipatzerakoan Estatu Batuetarat begira jartzeko joera dugu, edo Frantzia eta Britania Handirat. Herrialde horietako lanak goraipatu eta miresten ditugu, baina, ba al dugu euskarazko film beltzik? Aurtengo (H)ilbeltzan galdera hau argitzeko euskal zinemaren erroetarat joanen gara», iragarri dute. 

Larunbatean, berriz, mahaingurua antolatu da. ‘Zurian beltz, literatur itzulpenak eta itzulpozak’ izenburu hartuta Garazi Arrula eta Garazi Ugalde arituko dira. Moderatzaile lanak Amaia Apalauzak hartuko ditu. 11.00etan izango da ekitaldia Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

«Urtero, euskarazko haur eta gazte literatura argitalpenetan, lautik hiru dira itzulpenak, eta helduen literaturan lautik bat dagokio itzuliari. Aldea nabarmena bada ere, bietan kopuru esanguratsua da euskaratutakoa. Badira argitaletxeak literatura itzulia bakarrik argitaratzen dutenak, eta ez dago itzulpenik argitaratzen ez duen etxerik. Zeintzuk dira, ordea, itzulpenerako irizpideak? Zer itzultzen da eta zer noranzkotan? Nola eragiten dio euskararen egoerak literatura itzuliari forman eta mamian? Eta itzulpenak euskal literaturari?», bota dute galdera. 

14.00etan bazkarian elkartuko dira Erratzuko elkartean. Interesatuek txartelak ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidean eskuratu ahal izango dute.

Bazkal ondoren liburu aurkezpenak etorriko dira: Jon Alonsok ‘Amaiur bat urtero’ liburua (Amaiurko Gaztelu Elkartea+(H)ilbeltza) aurkeztuko du; Mikel Alvarezek ‘Euskalia’ (Elkar); eta Gaizka Ugaldek –berak ekarri du euskarara– Leonardo Sciasciaren ‘Todo modo’ liburua (Erein). Iluntzean, Susmagarrien gaua ospatuko da Erratzun barna.

Igandean emango zaio amaiera aurtengo egitarauari. 11.00etan Itzuli beltza, gorputz gorrituen solasa iragarri da 11.00etan Oronozko aparkalekuan. Eta 19.00etan Ruper Ordorikaren emanaldia Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

Egitaraua webgunean aurki daiteke. Sarrera doan da.

Antolatzaileek gure artetik joan berria den Txomin Peilleni aipamena egin nahi izan diote. «Klasikoen atalaren barnean etorri zen Amaiurrera 2018ko (H)ilbeltzara.  Omenaldirik ez diogu eginen, orduan egin genion, baina aurtengoan ere aipatu gabe ezin dugu utzi, ezin baita (H)ilbeltzarik egin Txomin Peillen gabe», esan dute.

Bestalde, martxan dago aurtengo beka. Oinarriak eta lagina gure web orrian daude. Martxoaren 10 arteko epea dago laginak aurkezteko. Irabazlearen izena maiatzaren 10a baino lehen jakinaraziko da, eta laguntza emango zaiola jakinda, urtebeteko epea izango du idazlana aurkezteko. Hauxe izango da 2025eko (H)ilbeltzan aurkeztuko duten liburua.

Kokapena

Arizkunenea Kultur Etxea
Foruen Plaza, 1
Elizondo. Nafarroa