Elirale konpainiaren estrenoa: ‘O!’
2020/02/03 - 2020/05/23
Sohüta
Zuberoa
0
AIPAMENAK

Dantza garaikideko «O!» lan berria estreinatuko du Elirale konpainiak otsailaren 3an eta 4an Sohütan, Euskal Herrian zehar eginen duen bira hasi aitzin. Domo puzgarri baten barnean sartuta, dantzak eta itzalek elkarrekin sortutako osotasuna deskubrituko du ikusleak.

Lau metro eta erdiko gaztelu puzgarri baten gisakoa da domoa, eta argiztapena azpiko aldean duenez, kupulan ikusten diren itzalekin ikuskizunak 360 graduko ikuspuntua hartzen du. Ikusleak, Pantxika Telleriaren koreografiari segituta, Oihan Indart dantzariak egiten dituen mugimenduak eta bere gaineko itzalak ikus ditzake.

«Bizitzaren zikloa kontatzen dugu, ez dakit ilargi bat edo utero bat den, baina zirkulartasuna espazio arras ezberdina da dantzariontzat, eta musikari begira ere bai. Ondorioz, erreferentziak hautsi nahi izan ditugu eta ikusleentzat esperientzia berri bat sortu».

Lanak kontakizunarekin bat egiten duen azpiegitura izatea nahi zuten egileek: «Pentsatu nuen dispositibo berezia behar genuela, ikusmira aldaturik eta agian gorputzak eginen lituzkeen itzaletan pentsatuz, eta kupula puzgarri bat otu zitzaigun. Ikusleak bertan erdi etzanik egonen dira eta Oihanen ikusmira osoa izanen dute», azaldu du Telleriak.

Hiru urtetik gorako pertsonentzako ikuskizuna da, eta, ohi bezala, Telleriak adinaren araberako irakurketa maila ezberdinak landu nahi izan ditu. Itzalei ematen zaien garrantzia ere horren erakusle da: «Azken errepika publikoetan ikusi dugu publiko helduak itzalak ahanzten dituela eta Oihanen jestuetara lotzen dela. 3 eta 10 urte arteko haurrek, jestuetan galtzen direlarik, itzalen efektuetara jotzen dute, eta gero itzultzen dira».

Dantza eta itzala bi adierazpide bilakatzen dira obra bakar horren baitan, eta horiei ematen dien atentzioari dagozkien erabakiek ikuslea aktibo bilakatzen dute: «Ikusleak, erdi etzanik egonda, egiten ahal du kamera bat izanen balitz bezala, edo domo osoari begira geratzea, edo itzalei begira».

Ibilbide luzea aurreikusia du jadanik obrak Euskal Herri osoan zehar, baita atzerrian ere. Ikuskizunaren agertokiak, kupula itxurako horrek, ohiko antzokiekin alderatuta ikusle gutxiago har ditzakeenez, egun bakoitzean bizpahiru emanaldi egitea aurreikusi dute.

Hurrengo datak:

Zuberoan abiatuko da bira, Sohütan otsailaren 3 eta 4an. Senperen izanen da hilaren 6 eta 7an. Ondoren, Luhuson antzeztuko da 9, 10 eta 11n, eta Donazaharren 13 eta 14an. Martxoan ere emanaldi ugari dituzte: 7an, Iruñean; 12an, Orthezen; 19 eta 20an, Bordelen; 21ean, Bilbon eta 27an, Zornotzan. Apirilaren 19an, berriz, Senperen izanen dira, eta 24an Errenterian, 25ean Bergaran eta 26an Donostian. Maiatzaren 23an Hernanin eta 11 eta 12an Bretainiako Ploermelen izanen dira.

KOKAPENA
Sohüta
Zuberoa
LOTURAK