Ondarroako Radixu irratiaren festa Kristonak eta Doe taldeekin
Data
23.01.28 - 23.01.28
Lekua
Bizkaia - Ondarroa

Ondarroako Radixu irratiak 32 urte bete berri ditu uhinetan eta hori ospatzeko kontzertua antolatu du Portu Ranpi gunean. Urtarrilaren 28an Kristonak taldearen emanaldia iragarri dute, eta gaualdia zabaltzen Doe talde gaztea ariko da. Sarrera fisikoak aurrez Zurrumurrun eta Noyan eskuratu daitezke zortzi euroren truke, eta online salmentan Wegow plataforman. Egunean bertan 10 euro ordaindu beharko dira Portuko Ranpiko atean.
Radixu Irratia
Radixu bezalako irrati libreak ezinbestekoak izan dira gurean musika talde gazteen musika zabaltzeko. Internetak eta sare sozialek dena eztandarazi aurretik uhinetan barna zabaltzen ziren kantuak, irrati komertzialetan tokirik ez zuten diskoak lau haizetara zabalduz. Radixu irratiak tinko eusten dio programazioari eta musika saioek toki berezia dute parrillan. Larunbatekoa beraz, festa handia izango da, Portuko ranpi bezalako toki magikoan.
Rock gaualdia
Doe talde gazteak zabalduko du gaualdia, taldearen laugarren zuzeneko emanaldian. Rock koordenadetan dator banda, eta nagusitzen ari diren musika joera berrien aurrean oraindik badira gitarrak zorrozteko prest diren nerabeak. Kristonak taldeak ere horrela abiatu zuen musika bidea garaian oraindik Eskean Kristo zirenean. Orain, izen berriarekin, aurretik jorratutako rockean sakontzen dute, nahiz eta musikalki berrikuntzak ere badiren lan berrian. Elkar zigiluaren babesean kaleratu du banda arratiarrak lan berria, eta ‘AhOBETEhORTZ’ diskoan ederki islatzen da taldeak ‘hit’ak idazteko duen gaitasuna.
Kokapena
Portuko Ranpi
Portuko Ranpi
Ondarroa. Bizkaia