Balistikaren historiaren ikuspegi kritikoa, aztergai Tabakaleran

Data

23.01.28 - 23.06.04

Lekua

- Donostia

Komisarioak eta Tabakalerako arduradunak, aurtengo denboraldia zabaltzen duen erakusketaren aurkezpenean.
Komisarioak eta Tabakalerako arduradunak, aurtengo denboraldia zabaltzen duen erakusketaren aurkezpenean. (TABAKALERA)

Donostiako Tabakalerak larunbata 28an emango dio hasiera 2023ko erakusketa aldiari ‘Evil Eye: Optikaren eta balistikaren historia paraleloa’ erakusketaren bidez. Idazle eta kultura teorialari Ana Teixeira Pintok eta Tabakalerako programa publikoen arduradun Oier Etxeberriak komisario-lanak egin dituzte, eta erakusketa Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofíako jarduera publikoen zuzendari Germán Labradorrekin lankidetzan antolatu da.

Laginak optikaren eta balistikaren historiaren ikuspegi kritiko bat planteatzen du, eta jatorri ezberdinetako hamar artista garaikide baino gehiagoren obrak izango ditu ikusgai. Tabakalerako erakusketa-areto nagusian egongo da ikusgai ekainaren 4ra arte.

Inoiz neutrala ez den begirada

Erakusketaren oinarria inoiz neutrala ez den begiradari eta balistikari buruzko azterketa bat da, eta aurrerapen teknologikoek, optikaren aurrerakada ekartzeaz gain, armamentuaren garapenean ere baduten eraginari buruzko azterketa kritikoa jorratzen du. Optikaren historia eta balistikaren historia modu paraleloan garatu ziren eta, gaur egun, dronaren figuran, hots, hiltzeko gai den kamera batean, egiten dute bat. Dronea, telegidatutako kamera den heinean, jolaserako, aisialdirako, ekoizpen audiobisualerako eta zaintzarako erabil daiteke; baina, tamalez, eta ezkutuan, gerrarako erabiltzea geroz eta ohikoagoa da.

«Optikaren garapena ikuspegi kritiko eta kulturaletik aztertzen badugu, begiradaz hitz egin behar dugu, hots, kolonialismo zuriak baldintzatutako historian neutrala edo errugabea ez den begiradaz, asmo txarreko parametro ideologikoetatik abiatuta sortutakoa baita –aipatzen dute erakusketako komisarioek–. Hori dela eta, begirada aipatzen dugunean, subjektibotasunari eta alteritateari, proiekzioari eta ikusgaitasunari, gardentasunari eta opakutasunari buruz ari gara, bai eta kontzeptu horiek politikaren arloan dituzten ondorioei buruz ere, arraza eta generoari dagokionez».

Aipatzen dutenez, proiektuan bildutako posizio artistikoen asmoa da arrakalak sortzea, garaikidetasuna arautzen duten logikak alderantzikatzeko eta ikuspuntu berriak sortzeko; horretarako, zenbait jatorritako artista garaikideen obrak baliatu dira: Haig Aivazian, Zach Blas, Pauline Curnier Jardin, Ho Rui An, Izaro Ieregi González, Rajkamal Kahlon, Kiluanji Kia Henda, Kapwani Kiwanga, Prabhakar Pachpute, Miranda Pennell, Natascha Sadr Haghighian eta Azucena Vieites.

Erakusketarako berariaz bost ekoizpen berri sortu dira, horietako bi Azucena Vieites eta Izaro Ieregi González euskal artistek sortutakoak. Prabhakar Pachputek, Veneziako azken Bienalean parte hartu zuen Indiako artistak, proiekturako beste obra bat sortu du: Tabakalerako erakusketa-aretoan mural bat egin du.

Angolako, Kiluanji Kia Hendak, berriz, Donostiako Udaleko osoko bilkuren arteoan egindako argazkiez osatutako obra erakutsiko du. Bestalde, urrian Tabakaleran egonaldia egin zuen Ho Rui An Singapurreko artistak ikus-entzunezko pieza berri bat prestatu du eta, horretarako, Lumière anaien ‘Langileak fabrikatik ateratzen’ lana abiapuntutzat hartu eta garaikidetasunera ekarri du.

Halaber, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofíako jarduera publikoen zuzendari Germán Labradorrek komisariatutako erakusketaren zati berezi batean, karlismoa eta Rifeko gerrak faszismoaren gorakadarekin eta Gerra Zibilaren hasierarekin lotzen dituen continuum kolonialean eremu estatalak eta transnazionalak nola egituratzen diren aztertuko da. Ikerketa-kasu horiek Tabakalerako programa publikoen sailaren eta Madrilgo arte garaikidearen museoaren arteko lankidetzaren emaitza dira.

Jardueren programa

‘Evil Eye. Optikaren eta balistikaren historia paraleloa’ erakusketarekin hainbat jarduera egingo dira modu paraleloan, ekainera arte. Izaro Ieregi Gonzálezen ‘Conjugate one to each other’ performance lana hiru kapitulutan eskainiko da, hiru egun desberdinetan eta Tabakalerako hiru eremu desberdinetan. Lehenengo zatia (‘Chapter 1. Failure’) gaur egongo da ikusgai, eta hurrengo biak martxoaren 23an eta ekainaren 2an aurkeztuko dira, hurrenez hurren.

‘Evil Eye’ zine-zikloaren testuinguruan hilero emanaldi bat eskainiko da, erakusketan dauden tesiak osatzeko. Lehenengo saioa otsailaren 4an egingo da; bertan, Mikel Otxoteko artistak ‘Harun Farockiren Images of World and the Inscription of War’ lana aurkeztuko du.

Arte-makina izeneko arte garaikidera hurbiltzeko ikastaroan, azkenik, Mikel Alberdi, Kimia Kamvari, Martin Etxauri eta Leire Vergara izango dira. Gainera, ohiko bisita solasaldiak eta familientzako arte lantegiak ere eskainiko dira.

Reina Sofia Museoarekin elkarlanean

Reina Sofia Museoarekin batera jarduera-programa antolatu du Tabakalerak, datozen hilabeteetan bi erakundeetan egingo dena, eztabaida-foroak eta publiko orokorrari zein espezializatuari zuzendutako ikerketa-ildoak ezartzeko.

Bi erakundeetako programa publikoen sailek diseinatutako jarduera-programa, Madrilen kasuan, Reina Sofía Museoaren ‘Tejidos conjuntivos’ berezko ikasketa-programaren barruan kokatzen da. Atzo izan zen lehen saioa. Ostiral honetan, berriz, ‘Gerraren begia’ izenburupean, Tabakaleran egingo da ekitaldia 18.00etatik aurrera, Z aretoan (1. solairua), eta publiko orokorrarentzat zabalik egongo da. Fernando Esposito, Jaume Navarro eta Ana Teixeira Pintok parte hartuko dute solasaldian. Oier Etxeberriak egingo ditu gidari lanak.

Lankidetza jakintza eta esperientziak trukatzeko prozesu bat da, eta bi erakundeek ezagutzaren hainbat alorretatik eta ikusizko praktika eta praktika estetiko ezberdinetatik datozen ahotsak eramango dituzte prozesu horretara. Horien artean, Ignacio Mendiola, Joseba Zulaika, Ana Teixeira Pinto, Ramón Amaro, Santiago Alba Rico, Jaume Navarro, Rossana Reguillo edo Antonia Majaca nabarmendu daitezke. «Mundu garaikideko artearen, estetikaren eta garapen teknologikoen arteko elkarreragina ikertzeaz arduratzen diren ahotsak eta ikerketa-ildoak», diote.


Kokapena

Tabakalera

Donostia.