Patti Smithek irekiko du Donostiako Kursaaleko denboraldi berria

Data

22.09.28 - 23.01.01

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Patti Smith, 2010ean Jazzaldian eskaini zuen kontzertuan.
Patti Smith, 2010ean Jazzaldian eskaini zuen kontzertuan. (Gari GARAIALDE | FOKU)

‘Punk-aren amabitxia’, Patti Smith handia, irailaren 28an bere taldeak lagunduta itzuliko da Donostiara. Bera izango da, Emir Kusturica edo Benito Lertxundi bezalako izenekin batera, Donostiako Kursaal Eszenaren denboraldi berrirako prestaturiko eskaintzaren izar nagusienetarikoa.

Irailaren 28 hasi eta 2023ko urtarrilaren 13ra arte luzatuko den Donostiako Kursaaleko egitarau berrian nazioarteko sona eta ibilbide luzedun artistak aurkitu daitezke; esate baterako, Patti Smith eta Mitsuko Uchida, hurrenez hurren, denboraldia ireki eta itxiko duten musikako dama handiak. Baina mundu zabalari so egitearekin batera, Kursaal Eszenak aintzat hartu nahi izan du gertukoena ere, eta hitzordu azpimarragarriak dakartza, ez bakarrik kulturalki (Benito Lertxundiren errezitala), baita gizarte balioak bultzatzeagatik ere (José María Arizmendiarrietaren inguruko ‘Hazia’ musikala eta ‘Sutan Musikala’, arte eszenikoen bidez gizarte kontzientzia piztarazteko egitasmoa).

Herri musika

Herri musikaren alorrean, irailaren 28a mugarria izango da Kursaal Eszena-n; 75 urte beteak dituela, Patti Smith polifazetikoa, rockaren historiako pertsonaia nabarmena da eta horren erakusle izango da bere bandarekin batera emango duen kontzertua.

Bi aste beranduago, urriaren 13an, Emir Kusturica & The No Smoking Orchestra-k Kursaalen geraldia egingo dute, euren agur biraren baitan; emanaldiak festa herrikoi anitzaren tankera izango du, Europako zein mundu osoko doinuen erritmora.

Azaroaren 26an, Gontzal Mendibilek ‘Hazia’ ikuskizuna ekarriko du Kursaaleko eszenatokira, José María Arizmendiarrieta, Mondragon kooperatiba-ereduaren bultzatzaile izandakoaren irudikatze artistikoa; musikalak bertakoa eta, aldi berean, unibertsala den istorioa kontatzen du.

Azkenik, urtarrilaren 6an, Errege Egunean, Benito Lertxundi kantautore oriotarra Kursaal Auditoriora itzuliko da eta, beti lagun dituen musikariekin batera, bere kantu ezagunenak eta abesti berriak ekarriko ditu.

Musika klasikoa

Musika klasikoari dagokionez, urriaren 12an, William Christie-k zuzenduko du berak 1979an sortutako Les Arts Florissants ahots zein instrumentu talde barrokoa, Haendelen oratoriorik berezienetako baten interpretazioan, ‘L’allegro, il penseroso ed il moderato HWV 55 oda’, hain zuzen ere. Ondoren, azaroaren 6an Scapino Ballet Rotterdam balletak ‘Casablanca’ eszenaratuko du Kursaalen; Ed Wubbe-ren koreografia horrek errealitatearen eta fantasiaren arteko mundua iradokitzen du, askotariko dantza estiloak, zirkuko elementuak eta zineko klasiko horren soinu bandako zatiak erabilita.

Dantzaren ostean, kantuari eskainitako emanaldiaren txanda izango da (azaroaren 15ean). Piotr Beczala poloniar tenorra, antzinako tenor lirikoen kantu tradizioa gogora ekartzen duten kantu moldea eta estiloa dituena, lehenbiziko bisita egin eta lau urteren buruan dator Kursaalera.

Abenduaren 11n, musika barrokoa atriletan izango da berriz ere, Giovanni Antonini gidari duen Il Giardino Armonico taldeari esker. Isabelle Faust biolinista lagun dutela, Pietro Antonio Locatelli konpositorea hizpide izango dute, bere birtuosismoagatik eta biolinari eskainitako lan eskergari esker ‘XVIII. mendeko Paganini’ gisa ezaguna.

Eta denboraldiari amaiera emateko, 2023ko urtarrilaren 13an, Mozart protagonista izango da, egun haren lanaren interprete gailenetakoa den Mitsuko Uchida pianistak eta Mahler Chamber Orchestrak emango duten kontzertuan; izan ere, pianistak eta orkestrak urte asko daramatzate Salzburgeko maisuaren piano kontzertuen inguruan elkarlanean.

Haurrentzat

Musika Familian, Kursaal Eszena-k haurrei eta familiarteko publikoari zuzendutako ildoak denboraldi honetan arreta berezia eskainiko dio, txikienen garapenerako oinarri gisa, gizarte eta ingurumenaren aldeko kontzientzia bultzatzeari. Urriaren 22an, ‘Sutan Musikala’ izango da ikusgai; azken hamar urteotan giza balioak sustatzea helburu duten arte eszenikotako proiektuak garatzen diharduen Jaso Fundazioaren ikuskizunak gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak azaleratu eta eskubide berdintasuna aldarrikatzen du, Clara Lemlichen bizipenak oinarri hartuta.

Eta azaroaren 12an, La Maquiné konpainiak aurkeztuko du ‘Parade, el circo de los valientes’; garai bateko zirkua inspirazio iturri dutela, eta Satie, Poulenc zein Stravinskyren musika baliatuta, animalienganako errespetua eta horiekin elkarbizitza aldarrikatzen dute, Babar elefantetxoaren istorioa aitzaki.

Abonuak eta sarrerak

Musika Klasikoko abonuak 5 ikuskizun biltzen ditu (Les Arts Florissants, Scapino Ballet Rotterdam, Piotr Beczala, Il Giardino Armonico, Mahler Chamber Orchestra & Mitsuko Uchida) eta % 20ko aurrezkia suposatzen du sarrera solteen prezioarekin alderatuz gero, bestelako abantailak eskaintzeaz gain.

Abonuak Kursaal Eszenako bulegoetan erosi ahalko dira, irailaren 7tik urriaren 12ra bitartean.

Sarrera soltei dagokionez, irailaren 7an, asteazkenarekin, 11.30etan abiatu da Kursaal Eszena-ren denboraldi berriko kontzertuetarako sarrera solteen salmenta, Patti Smith eta Emir Kusturicaren kontzertuetarako sarrerak izan ezik, horiek joandako uztailean jarri baitziren salgai.

Kursaal Eszena-ko ikuskizunetarako sarrera solteak eros daitezke Kursaaleko leihatiletan eta www.kursaal.eus webgunean.

Bestalde, Kursaal Eskura ekimenaren bidez, Kursaal Eszena-k ahalbidetzen du Donostiatik urrun dauden Gipuzkoako herrietako biztanleek bere ikuskizunetara bertaratzeko aukera izatea, garraiobide kolektiboen erabilpena bultzatzearekin batera. Gipuzkoako zenbait udalen arteko elkarlanari esker, ekimen honek Kursaal Eszenaren programazioko publikoaren esku jartzen du emanaldietara bertaratzeko doako autobus zerbitzua; ekimenean parte hartzen duten herrietatik abiatu eta, ikuskizunaren ondoren, horietara itzultzen da.

Joan zen denboraldian Kursaal Eskura-n parte hartu zuten udalerriak dira Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Legazpi, Antzuola, Zumarraga, Urretxu, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaia.

 

Kokapena

Kursaal

Donostia. Gipuzkoa