Petti, Audience, Freedonia eta The Cuban Jazz Syndicate Musikaire jaialdian

Data

21.07.03 - 21.08.01

Lekua

Bizkaia - Elorrio

Fredonia. (NAIZ)

Dena prest da Elorrion Musikaireren edizio berri bat egiteko, uztailaren 3an hasi eta abuztuaren 1a bitartean. Pandemia egoerak hala behartuta, Ganondo Parkeak hartuko ditu kontzertuak. Kartela ia bere osotasunean musikariez osatuta dago aurten. Freedonia, Juanma Urriza boskotea, Paul San Martin, Petti, Audience, Maria Berasarte, The Cuban Jazz Syndicate eta Boney Fields nabarmendu daitezke. ‘Loreak eta zauriak, Xabier Leteri kantari’ emanaldia era iragarri da.

Pirrit, Porrotx eta Marimotots ere gonbidatuen artean daude. Horrez gain, etxeko txikienek ‘Ene kantak’ ikuskizuna dute.

Bada antzerki saio bat Yllana taldearena. Izurriaren eraginez dantza emanaldirik ez da.

Berezia da Musikaire guneari zein eskaintzari dagokionez. Uztailean zehar, asteburuero, izango da zer ikusi eta zer entzun. «Egitarau osoa asteburu bakar batean bildu eta hurrengoetan herria basamortu bihurtu ordez, nahiago izan genuen hasieratik horrela egin. Dosifikatu egiten dugu eta jendeak ohitura hartzen du, badaki kultur ekitaldiren bat zain duela», kontatu du Aitor Iriartek. Arriola antzokiko kideak eta hastapenetatik antolatzaile lanetan aritu denak.

Musika estilo aldetik aniztasuna aurkituko du entzuleak Elorrion. «Trikitia, latin jazz, bluesa edo folk doinuak, denetarik entzun daiteke jaialdian. Inguruan, nik behintzat, ez dut horrelako beste jaialdirik ezagutzen», dio Iriartek.

‘Mazedonia’ bezala definitzen dute arduradunek kultur egitasmoa, ahalik eta publikorik zabalarengana iritsi nahian. Eta lortu dute. Aurten ere ez du gutxiago espero. «Parkea jendez gainezkoa izango dugu aurten, ez dut zalantzarik», esan du.

Zerura begira egongo dira antolatzaileak. Euria eginez gero Arriola antzokian egin beharko dira emanaldiak. «Antzokian 200 pertsona sartzen dira eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta ‘Ene Kantak’ saioetara hainbeste ume etorri eta esaiezu ez dagoela lekurik sartzeko!», dio, kezkati.

24 urte dira jaialdia hasi zenetik, Musikaire izenez 21 badira ere. Kultura kalera ateratzea izan zen hasierako asmoa eta horretan dihardute. Herritarrek Elorrion bertan kulturaz gozatzeko aukera eskaintzearekin batera bisitariak erakartzea ere badu helburua.  

Hasieratik izan du publikoaren babesa eta antolatzaileak pozarren daude. Egun bateko ametsa gainditu dute. «Uda partean zaila da herritarrak areto itxira erakartzea eta ez dugu programaziorik antolatzen. Elorrio bezalako herrian egonik ermitetan hasi ginen saioak egiten. Gainezka egoten zirenez –jendea kanpoan geratzen zen– beste formatu baten bila hasi ginen. Eta hainbeste jauregi daudenez eskaera egin eta bertan kokatu genituen agertokiak. Sekulako gorakada izan zuen jaialdiak orduan. Gero eta talde indartsuagoak hasi ginen ekartzen eta mundu mailan izen handiko gonbidatuak izan ditugu», azpimarratu du.

Ostiral eta larunbatetan 20.00etan eta igandetan 19.00etan dira kontzertuak. Sarrera doan da.

 

Kokapena

Ganondo Parkea
Ganondo Parkea
Elorrio. Bizkaia

Loturak