PI LT Iruñeko Oinez Txokoan
Data
24.07.13 - 24.07.13
Lekua
Nafarroa - Iruñea

Iruñeko San Fermin jaietan zuzeneko musika hiriko txoko eta gune ezberdinetara zabalduko da. Gazteluko plazako agertoki nagusiaz gain, Herri San Ferminen txosnagunean aukera ederra izango da, bai eta Karmen kaleko Herriko Taberna eta Arranoren arteko agertokian ere.
Era berean, Takonera parkeko Oinez Txokoan ere egitarau anitz eta koloretsua prestatu dute, guztien gozamenerako. Azken honetan ariko da zuzenean hain zuzen ere PI LT taldea. Uztailaren 13an izango da hitzordua, larunbat gauez, 23.30etik aurrera. Hainbat urte lozorroan eman eta gero, Mungiako taldea egurra banatzeko prest da agertokietan, eta Oinez Txokoan eskainiko duen emanaldia aukera ederra izan daiteke taldearen egungo egoera ezagutzeko. Eztitan taldeak borobilduko du gaua.
PI LT
PI LT taldea bueltan da. 90.eko hamarkadan abiatu zuen taldeak Mungian bere ibilbidea, eta hamarkada batez diskoak eta zuzenekoak uztartu zituzten etenik gabeko bidean. Gerora, taldea itzaltzen joan zen, eta musikariak bestelako abenturetan murgildu ziren, taldea lozorro batean sartuz. Taldeak, ordea, ez du inoiz bere bidea amaitutzat eman, eta itzulera puntuak batzuk izan ditu urte hauetan guztietan. Urteak dira agertokira igotzen ez dela, eta 2024 honetan itzuli da, ‘Garai honetan’ abesti berria aitzakia hartuta. Taldearen zuzeneko azken formazioaz taularatzen da egun PI LT, eta bide horretan Rafa Rueda (ahotsa eta gitarra), Aitor Abio (teklatua), David Gonzalez (baxua) eta Xanpe (bateria) dira berriz PI LT.
Iruñean eskainiko duten emanaldiaz gain, Madril hiriko MadCool jaialdi ezagunean (uztailak 12), Gernikako jaietan (abuztuak 15) eta Bermeon ospatuko den Halloween Metal Fest jaialdian (azaroak 2) ariko da Mungiako banda.
Kokapena
Oinez Txokoa
Takonera
Iruñea. Nafarroa