'Pier Paolo Pasolini. Poesia zinema egina' zikloa eskainiko du Bilboko Alondegiak

Data

21.01.13 - 21.03.18

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Pier Paolo Pasolini. (NAIZ)

'Pier Paolo Pasolini. Poesia zinema egina' izenburupean zinemagile italiarraren lan esanguratsuenak ikusteko aukera eskainiko du Bilboko Alondegiak. Zinemagile italiarraren film esanguratsuenetako batzuk eskainiko dituen saio monografikoa izango da.

Mugarri izan ziren Pasolinik (Bolonia 1922 - Erroma 1975) pantaila handira eramandako hainbat izenburu. Bere ekoizpen zinematografiko zabaleko lan ospetsuenetako batzuk eskainiko ditu. Hain zuzen, ‘Accatone’, ‘Il Vangelo secondo Matteo’, ‘Uccellacci e uccellini’, ‘Edipo re’, ‘Teorema’, ‘Medea’, ‘Il Decameron’, ‘I racconti di Canterbury’, ‘Il fiore delle mille e una notte’ eta ‘Salò o le 120 giornate di Sodoma’ filmak izango dira ikusgai.

Urtarrilaren 13tik martxoaren 18ra bitarte, asteazken eta ostegunetan izango dira emanaldiak. Saio guztiak jatorrizko bertsioan izango dira, 35mm-tan, gaztelaniazko azpitituluekin, eta sarrerek 5 euroko prezioa izango dute (4 euro Az txartelarekin).

‘Zinemaren historiako 50 harribitxi’ zikloa amaitu berri du Alondegiak. «Denera 7.700 pertsonak baino gehiagok gozatu dute», adierazi dute antolatzaileek. Alondegiko Zinematekak egile sorkuntzetan jarri du arreta berriro, zinemaren historiako zuzendari handien filmografiaren hautaketaren bidez.

Hamar urteotan, Zinematekak zinemagile handien atzera begirako saioak antolatu ditu, besteak beste, John Ford, Pedro Almodovar, Samuel Fuller, Michelangelo Antonioni, Buster Keaton, Dorothy Arzner, Theo Angelopoulos, Juan Antonio Bardem, John Huston, Charles Chaplin eta Christine Vacho egileenak, eta 60.000 pertsona baino gehiago bildu.

«Zinematekak hiru hamarkadatik gorako historia du Bilbon, eta zinema klasikoko eta sorkuntza garaikideko programazio egonkorra du Alondegian. Zentroko ikus-entzunezko programazioaren oinarrizko zutabeetako bat da, eta zikloek sakontzen dute hizkuntza zinematografikoaren eta ikus-entzunezkoen jakintzan, zirkuitu komertzialetik kanpo dauden lanen bidez», adierazi dute.

Gainera, Zinematekaren programazioa Mediateka BBKra zabaldu da, eta Pasoliniren lanari buruzko filmak eta liburuak kontsultatu eta maileguan har daitezke bertan. 'Mamma Roma', 'Porcile' eta 'Ostia' filmak daude eskuragarri bertan, bai eta hainbat zinemagileari buruzko hainbat liburu ere.

Hautsak harrotu

Kaleko bizitzaren gainean jarri zuen fokua egile italiarrak, irudi gordinak ziren bereak, sexualitate gaiak –bere homosexualitatea ere ez– ezkutatu gabe. Militar faxistaren semea, bere burua komunistatzat eta kristau ateotzat zuen. Herri hizkuntzen aldeko jarrera aktiboa hartu zuen, friulieraz ere idatziz, eta gogor gaitzetsi zuen kulturaren eta gizakien homogeneizazioa. Italiako jendarteari egindako kritikek hautsak harrotu zituzten bat baino gehiagotan.

Zineman bakarrik ez, literaturgintzan ere nabarmentzekoa da Pasoliriniren jarduna. Poesia, nobela, antzerkia eta saiakera alorretan aritu zen.

1975eko azaroan modu ilunean eta basatian erail zuten Erromaren Ostia auzoko ur aerodromoan.

Kokapena

Bilboko Alondegia
Arrikibar plaza, 4
Bilbo. Bizkaia