‘Porno vs Afrodita’, antzerkia eta zuzeneko musika bat eginda

Data

21.03.27 - 21.05.14

Lekua

Gipuzkoa - Errenteria

Antzezlaneko eskena. (NAIZ)

‘Porno vs Afrodita (edo I ♥#gorkaurbizu)’ sexu heziketa eta afektiboa ardatz hartuta, helduei eta heldu ez direnei zuzendutako ikuskizuna da, zuzeneko musikaz jantzita. Antzerkia eta musika uztartu ditu Benetan Be Teatroak ordubeteko iraupena duen lanean.

Iazko urrian taularatu zen lana lehen aldiz. «Euskaraz, antzerkiaren bitartez bizitzan sortzen diren galdera, zirrara, eta beharren aurrean hausnarketarako sormen gunea izateko indarragaz jaio zitzaigun», kontatu du Patricia Urrutiak.

Berak idatzia da testua. Aktore moduan ere ari da eta zuzentzeko orduan Pablo Ibarluzea eta Elena Olivieriren elkarlana izan du. «Zuzendaritzarako aurretik jadanik arrakastarekin erabili izan dugun formula errepikatzeko asmoa dugu. Sortzeko eta lan egiteko modu integratzaileagoen bidean, zuzendaritzan hiru pertsona ari gara elkarlanean, bi emakumezko eta gizonezko bat».

«Ikasleek, Skolae moduko programen faltan, ez dute eskolan informaziorik aurkitzen eta beste nonbait bilatzen dute: Interneten eta pornografian. Han ikusten dutena euren harremanetara eramaten dute eta horrek ondorio sikologiko eta fisiko larriak dakartza. Ez da makala gizarte mailan daukagun erantzukizuna eta erronka», esan du Urrutiak.

Pandemiak pandemia, aurrera doaz emanaldiekin. Martxoaren 27an Errenteria eta 28an Oñatin; apirilaren 17an eta 18an Donostiako Gazteszenan, 23an Zornotzan eta 30ean Getxon; eta maiatzaren 14ean Gasteizen eskainiko dute antzezlana.

«Gure eta gure gazteon ezintasun eta aseezintasunak taularatuko ditugu. Mina ez dugu ukatuko, baina barre, barre ere egingo dugu. Izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola», iragarri du Patricia Urrutiak.

Bizi ditugun garai indibidualizatu hauetan, «antzerkiaren izaera kolektiboaren indar askatzailea eta musikaren ahalmen bateratzailea» aldarrikatzen dute.

Hiru aktorek eta teknikari batek osatzen dute taldea. Laurak musikari ere badira dira lan honetan. «Umorezko proposamen erradikal eta bortitza» da Urrutiaren esanetan. «Dramaturgiarako bide berrien bila: alde batetik, alor ezberdinak bateratzen ditu proiektuak: antzerkia, musika zuzenean (sorkuntza originalak eta bertsioren bat), ikus-entzunezko grabazio originalen proiekzioak... Bestetik, idazketa taulari loturik dago. Idazlearen proposamenen eta aktoreen aurkikuntzen arteko hartu-eman estuan», azaldu du.

Proposamen eszenografikoa praktikoa eta garbia da. Mikroentzako oinak, anpliak, instrumentuak eta sofa bat. Elementu horien bidez sortu eta transformatuko da espazioa. Denboraren tratamenduari dagokionez, Internetek bideratzen duen orainaldi anitzean laguntzeko, proiektatu egingo dira whatsapp elkarrizketak, entzungo ditugu whatsapp audioak, ikusi eta entzun egingo ditugu aurretik sorkuntzarako berariaz grabatutako interneteko edukiak».

«Antzerkirako eta umorerako, bidelagun izango ditugu, batetik, klownaren espiritua (ezin hobea, norbere buruaren ergelkeriaz trufatzeko), eta, bestetik, txanponaren beste aurpegia den bufoiarena. Izan ere, sexuari buruz ari behar garenean, hain da askatzailea bufoiaren ikuspuntu gupidagabea!», gaineratu du.

Patricia Urrutiarekin batera Ion Zumelaga eta Juanjo Otero igo dira eszenara. Musika alorraren ardura Asier Ituartek du eta Amaia Garatek eszenografiarena.

Musika da elementu bateragarria. «Helduen artean eta gazteen artean, antzezleen eta ikusleen artean. Musikak aurrera eta atzera eramango gaitu eta orainaldira ekarriko. Batetik, abesti propioak eta klasikoen bertsioak zuzenean joko ditugu. Bestetik, antzerkirako sortutako soinu-espazioak batasuna emango dio proposamenari. Eta isiltasuna ere egongo da. Zarataz, musikaz, irudiz gainezka egiten duen garai honetan, isiluneak gozatuko ditugu».




Kokapena

Niessen Kulturgunea
Alfonso XI, z/g
Errenteria. Gipuzkoa