PreFANT zinemaldia
2019/01/31 - 2019/05/01
Bilbo
Bizkaia
Fant
AIPAMENAK

FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 25. edizioa ospatuko du maiatzaren 2tik 11ra bitartean, eta ezuste eta ekitaldi berezi ugari eskainiko ditu urteurrena ospatzeko.

Aurrerapen gisa, zinemaldiaren antolatzailea den Bilboko Udalak zenbait jarduera eskainiko ditu beste jaialdi batzuekin edo hiriko erakundeekin lankidetzan, besteak beste, film berrien aurretiko estreinaldiak, klasiko batzuen berrikuspena, hitzaldiak, emanaldiak eta beste proposamen batzuk.

Horrela, maiatza aurretik bere ikus-entzuleekin elkartzeko aitzakia bilatzen du jaialdiak, eta, horrela, hilean behin, Golem-Alhondiga zinema aretoetan estatu mailako aurretiko estreinaldi bat eskainiko du. Lehenengo emanaldia urtarrilaren 31n izango da, 20:00etan, Anouk Whissell, François Simard eta Yoann eta Karl Whissell-en ‘Summer of 84’ (2018) film kanadiarrarekin. Otsailaren 21ean, Nicole Kidman protagonista duen Karyn Kusama zinemagile estatubatuarraren ‘Destroyer’ (2018) lanaren txanda izango da, eta martxoaren 7an, Koldo Serra bilbotarrak zuzendu eta Emma Suárez, Nathalie Poza eta Hugo Silva protagonista dituen ‘70 binladens’ estreinatuko da.

Zinemaldiak generoaren klasikoei ere helduko die, eta, BilbaoArterekin lankidetzan, Mary Shelley idazle britainiarrak zinean utzitako ondoreari buruzko zikloa eskainiko du, eta sei emanaldi izango dira, martxoaren 28tik aurrera.

Zine garaikidera itzuliz, eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen Istorio Biziak programaren barruan, Javier Gullón eta Alfredo Montero-ren ‘La Cueva’ (2014) eta Paul Urkijo gasteiztarraren ‘Errementari’ eskainiko dira otsailean.

Bestalde, Zinegoak jaialdiarekin lankidetzan, otsailaren amaieran, Yann González zinemagilearen ‘Un couteau dans le coeur’ filma eskainiko da, eta Loraldia jaialdiaren eskutik, Iratxe Fresneda zinemagile, zine kritikari eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak ‘Lurralde hotzak’ aurkeztuko du apirilean, fikziozkoa ez den bere lehenengo film luzea.

Gainera, jaialdiaren aurretiko hilabeteotako egitarauaren barruan, FANTek zenbait topaketa antolatuko ditu misterioa maisutasunez lantzen duten egileekin, Bidebarrieta Kulturgunerarekin elkarlanean.

KOKAPENA
Arriquíbar Plaza, 4, 48001
Golem-Alhondiga zinema aretoak
Bilbo
Bizkaia
LOTURAK