Presoen aldeko ‘Zama doinuz arindu’ jaialdia Etxarrin

Data

22.01.16 - 22.01.16

Lekua

Nafarroa - Etxarri Aranatz

amak
Amak taldea. (Arri Studioa)

Zama doinuz arindu asmotan, aurten ere presoen aldeko jaialdi ikusgarria prestatu dute Etxarrin. Urtero bezala, eta aurtengoa zazpigarrena da dagoeneko, Euskal Herriko talde eta estilo ezberdinak, taulatu gainean. Bi emanaldi igande arratsaldez. 17.00etan eta 19.30ean. Elkartasun giro beroa, eta presoen eskubideen aldeko jaialdiak batzen dituen taupada eta arnasaldi ezberdinak Etxarriko Kultur Etxearen abaroan. Espetxearen, urte luzeen, kilometroen zama doinuz arindu guran. Elkartasunari eskainitako kantuak, hitzartzeak, txalo zaparradak. Eta dirua. Dirua ere behar delako zama guzti hori arintzeko.

Etxarri Aranatz beti izan da herri solidarioa. Bertako Sareko kideak dira antolatzaileak, musikari lagunak, herritarrak, boluntarioak, udala eta hedabide laguntzaileak. Guztien artean sortzen den elkartasun sarea da berotasun horren sortzaile eta bultzatzaile. Eta urtero hurbiltzen diren musikari prestuak, eta entzuleak, lagunak. Sarrerak dagoeneko salgai daude Etxarri Aranatzeko udaletxearen atari digitalean.

Bulego

Gaur egun talde berrien artean, arrakasta gehien eskuratzen ari den proposamena. Berritzaileak eta freskoak, melodia ustez errazen atzean rock eta pop doinu erakargarriak. Modernoak. Lirainak. Eta arrakastatsuak.

Onki Xin

Dantzarako musika, rock jarrerarekin. Rock doinuak, elektronikarekin. Fer Apoak eta DZk sortutako egitasmo musikala, biko formatuan emanaldi honetan. Jarrera. Posea. Estiloa. Eta askoz adjektibo gehiago. Baina funtsean, dantzarako musika atsegin eta zuzena. Letra zainduak.

Zelanda

Etxarriar batek sortutako talde berria. Zelanda. Orain arte Hesian taldeko kide eta kantari izateagatik ezagutu dugun Fran Uriasek talde berria sortu du. Ondoan ditu Bastida neba-arrebak. Eta hirukoteak, Eñaut Gaztañagaren estudioan eta haren gidaritzapean lan berria aurkeztu du. Lagin bat ezagutuko dugu Etxarrin.

McOnak

Hamar urte betetzen eta ospatzen ari den Lekeitioko taldea. Pirata jarreraz, doinu zeltiarrak euskal kutsuz jotzen dituen marinel tropa. Rocka eta folka, euskaraz. Eta elkartasun doinuak non, beraien musika beti han.

Amak

Lau trikitilari. Lau ama. Lau emakume. Lau instrumentu jotzaile iaio. Amaia, Maixa, Alaitz eta Kris. Eta makina bat emanaldi orain arte egin dituztenak. Jesarrita ikusteko sortu ziren, eta dantzan jarri dituzte entzuleak hamaika saiotan. Trikiti doinu berriak elkartasunari jarriak.

Lehiotikan

Aspaldiko hardcore talde iruindarra. Bizi bizia. Beraien doinuak eta erreferentziak oraindik zale asko ditu gure artean. Joan jinean aritu dira, baina agertokietan jarraitzen dute. Gogotsu. Azkar. Melodietan aberats. Garai bateko estilo maitatu izan zenak, jarraitzen du oraindik.

Unidad Alavesa

Etxarritik Goierrira zer dago ba? Baso batzuk, eta ezagutza handia. Etxarrira etorriko dira beraien ironia, musika eta doinuekin. Elkartasun jaialdi batean ezinbesteko, orain arte ere erakutsi dutelako. Hainbat disko besapean, eta esperientziadun askoko musikariak taula gainean. Unidad Alavesak batuko ditu Goierri eta Sakana.

Modus Operandi

Gasteiztik, eta tartean Sakanako musikariak ere badituztela, ska doinu berrituak. Betagarri taldeko errautsetatik sortutako proiektu berria. Presoen aldeko jaialdian, bere elkartasun alea jarriko dutenak.

Bakarrizketak

Eta elkartasun jaialdi honetan, ohikoa izaten da aurkezle, eta hizlari apartak izatea. Aurten lau halako izango dira. Bi gizon eta bi emakume. Bertoko eta kanpoko. Baina laurak aski ezagunak, Euskal Herrian umoreak gero eta tarte gehiago hartzen duelako. Joxe Aldasoro Etxarriko semea da. Fin ari da bakarrizketetan. Mirari Martiarenak makina bat plaza jarri ditu barrezka dagoeneko. Nerea Arriola aktorea ere bada, eta youtuben jarraitzen ahal ditugu bere piezetako asko. Antton Telleriak telebista eta irratitik antzokietara ere jauzia egin du. Ez dago brometarako kontua, baina barre ere egingo dugu. Zama arindu nahian edo.

Kokapena

Kultur Etxea
Kale Nagusia, 20
Etxarri Aranatz. Nafarroa

Loturak