Ramon de Zubiaurreren artelanak erakutsiko ditu Durangoko Arte eta Historia Museoak

Data

22.12.02 - 23.02.05

Lekua

Bizkaia - Durango

Erakusketa asteazken honetan aurkeztu da.
Erakusketa asteazken honetan aurkeztu da. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ramon de Zubiaurre (1882-1969) margolariaren 30 lan eta dokumentu eta objektu argitaragabeekin erakusketa berri bat inauguratuko du ostiral honetan Durangoko Arte eta Historia Museoak. Erakusketa otsailaren 5era arte luzatuko da. 

Garain jaio zen Zubiaurre. XIX. mendetik XX. mendera bitarteko trantsizioko euskal arte adierazpenen erreferente garrantzitsuenetako bat izan zen. Museoko zuzendariak, Garazi Arrizabalagak, museoak orain arte egin duen erakusketarik handienetakotzat jo du. Artistaren jaiotzaren 140. urteurrenean dator eta ikerketa egin dute bere figuraren inguruan. 

Erreferentea

«Zubiaurre erreferente garrantzitsuenetako bat da XIX. mendetik XX. mendera bitarteko trantsizioan euskal arte adierazpenetan. Gainera, bere jatorri familiarragatik eta Garain jaio zelako, Durangaldean bereziki estimatzen den artista da, eta, hain zuzen ere, bertatik jaso zuen bere ekoizpen piktorikoaren inspirazioaren zati handi bat», adierazi dute gaurko aurkezpenean.

Erakusketa proiektu honek erakargarritasun berezia du. Margolaria hil ondoren, bere lan artistikoa modu indibidualizatuan lantzen lehena da (Valentin de Zubiaurre anaiaren ekarpena alde batera utzita). Horri esker, orain arte ezezagunak ziren alderdi biografikoak eta artistikoak ezagutu ahal izango dira.

Horretarako, bisitariari margolariaren bilakaera artistikoari buruzko ikuspegi kronologikoki ordenatua emango dioten hainbat lan bildu dira, Arte Ederretako ikasle gisa hasi zenetik beranduagoko ekarpenetara arte. Museoaren bildumako Durango artelanaz gain, hainbat museotako lanak ere ikusgai jarri dira, hala nola Arabako Arte Ederren Museoa, Bilboko Arte Eder Museoa, Bilboko Arte Sakratuen Museoa, Asturiasko Arte Eder Museoa, Iberdrola Bilduma, BBK Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilboko Rembrandt eta Gasteizko Apellaniz galeriak eta bilduma partikularretako lanak. Baita Zubiaurreko Gutierrez familiarenak eta Ortiz-Elejosterenak ere.

Margolariaren ibilbide artistikoa ezagutzen laguntzen duten artelan, dokumentu eta objektuak –hauetariko batzuk aurretik erakutsi ez direnak– eskainiko dira erakusketan, bere heziketa eta ospe artistikoaren arotik, bere jarduera artistikoaren azken hamarkadetara arte. 29 obra Durangotik kanpoko erakundeetatik iritsi dira, hala nola Bilboko, Gasteizko edo Oviedoko Arte Ederren Museoetatik, besteak beste.

Gainera, katalogo berezi bat argitaratu da, non lehen aldiz argitaratzen diren Garaiko margolariari buruzko datu eta lan ezezagunak eta erakusketari buruzko informazioa.

Bisita ordutegia honakoa da: asteartetik ostiralera: 11.00etatik 13.30era eta 16.30etik 20.00etara. Larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Igande eta jaiegunetan 11.00etatik 14.00etara. Sarrera doan.

 

Kokapena

Arte eta Historia Museoa
San Agustinalde, 16
Durango. Bizkaia