Rueda eta Euskeria abesbatza Mungian zuzenean

Data

21.10.16 - 21.10.16

Lekua

Bizkaia - Mungia

rafa rueda

‘Rueda’ deitu dio lan berriari. Izen artistiko bezala ere hori hartu du Rafak. Eta disko berezia landu du bakarlariak. Oso biluzik ari da lan berrian, baina inoiz baino laguntza handiagoa izango du zuzenekoan. Mungiako Olalde aretoan asteburu honetan, eta urriaren 24an Donostiako Victoria Eugenia antzokian emango dituen kontzertuetan Bilboko Euskeria abesbatza izango baitu ondoan Rafa Ruedak. Azken laneko kantu batzuetan lagun izan du Bilboko abeslari multzoa.

‘Rueda’ diskoa aski biluzia da. Rafa Ruedaren ahotsa eta gitarrak, WAS taldeko Jon Agirrezabalagak sortutako atmosfera elektronikoak eta ezer gutxi gehiago. Jon Agirrezabalaga bera arduratu da ekoizpenaz, eta lehen entzunaldian oso sinplea dirudien arren, elektronika txatalen doinutegi horrek sortzen du musikaren espazio ia guztia; gero gainetik Rafaren ahotsak eta gitarrak geruza berriak gehitzen dizkiote.

Euskal idazle ezagunen letrak baliatu ditu Ruedak kanturako: Joseba Sarrionandia, Elena Olave, Iñigo Astiz, Mari Luz Esteban, Audre Lorde, Inge Müller eta Josu Goikoetxearen poemak.

Zortzi abesti batzen ditu ‘Rueda’ lan berriak. Aurretik disko eta kolaborazio asko egindakoa da musikari mungiarra. PI.LT taldearekin jo zuen goia beharbada rock eszenan, baina gerora ekoizle, musikari laguntzaile eta bakarlari gisa Euskal Herri osoa zeharkatu du. Oraingoan, Mungian Euskeria abesbatzaz gain, musikari iaioak izango ditu taula gainean ondoan: Jaime Nieto teklatuetan eta baxuarekin, Koldo Uriarte teklatuekin, Alvaro Olaetxea baterian eta sanplerrak disparatzen. Eta Urko Sangroniz zuzendariaren ardurapean Euskeria abesbatzako 15 ahots arituko dira Rafa Ruedari laguntzen.

Kokapena

Olalde aretoa
Olalde Beresia Kalea, S/N
Mungia. Bizkaia

Loturak