San Josetako Trikiti Jaialdia martxoaren 18an, Azpeitiko Soreasu Antzokian
Data
23.03.19
Lekua
Gipuzkoa - Azpeitia

XXXIII. edizioa du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatzen duten San Jose eguneko jaialdiak. Larunbatean 17.30etik aurrera trikitixa eta panderoa izango dira protagonista Soreasu Antzokian.
Azpeitiko Udalaren izenean, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea eta Azpeitiko zein eskualdeko trikiti munduan dabiltzanak eskertu ditu Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak asteazken honetan egindako aurkezpenean. «Trikitia gure herriaren eta eskualdearen iraganaren eta orainaren parte garrantzitsua da. Iraganera begiratzea ezinbestekoa da, gaur, oraindik duen indarra ulertzeko. Gure herriaren, kulturaren eta hizkuntzari erabat lotutako kultur disziplina da eta hori bultzatzeko gu beti ondoan izango gaituzue», adierazi du.
Larunbateko San Josetako Jaialdiaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan du: «Urteroko hitzordua da, hitzordu garrantzitsua trikitixa gustuko dutenentzako». Bertara joateko gonbidapena luzatu diete zaleei.
Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikiti Elkarteko lehendakariak, urtean zehar antolatzen dituzten egitasmoen artean «trikitiaren sentsibilitate eta behar ezberdinak» erantzuten saiatzen direla aipatu du. San Josetako Jaialdia berriz «publiko orokorrari zuzendutako ekitaldia izaten da, ikus entzule helduak eta gazteak berdin inguratzea lortzen dugularik».
Ibon Errazuk, EHTEren antolakuntzako kideak bere aldetik esan du urtero saiatzen direla Soreasuko oholtzan parte hartu izan ez duen bikote eta taldeei aukera ematen, «nahiz eta ez den erraza izaten». Aurten ere, plaza ezberdinetan ezagunak diren bikote batzuk lehen aldiz parte hartuko dute jaialdian. «Era berean, soinu txiki eta panderoarekin batera bestelako instrumentuak ikusi ahal izango dira, hala nola, Traditions & Tradizioak taldearen eskutik, isats-pianoak eta kontrabaxuak, soinu txikiaren doinuak jantziko ditu», iragarri du.
Sarrera batzuk oraindik gelditzen dira salgai 13,5 euroren truke Kulturazen webgunean edo aurrez aurre Sanagustin kulturgunean.
Jaialdiko parte hartzaileak honakoak izango dira: Aritz, Aitziber eta Anaitz; Eneko Arbeo eta Jon Izagirre; Eider eta Lierni Tolosa; Iñorkinak; Garixe eta Maltzeta; Traditions & Tradizioak –Joshua Edelman, Ander Garcia, Xabi Arakama eta Imanol Intxausti, Iñaki Larrañaga gonbidatu berezia dutelarik–; eta Enaitz Alberdi, Amets Bilbao, Jokin Tolosa eta Ander Gorostiaga.
Kokapena
Soreasu Antzokia
Soreasu Auzunea
Azpeitia. Gipuzkoa