Seaskaren 50. urtebetetzean
2019/02/10 - 2019/02/16
Senpere
Lapurdi
Seaska
AIPAMENAK

50 urte beteko ditu aurten Seaskak Ipar Euskal Herrian euskararen alde lanean eta hainbat ekimen antolatu dituzte ospakizunetarako. Otsailaren 10ean Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak elkartuko dituzte Bectso saioan, 14an ETBko Go!azen telesail musikala izanen da protagonista eta 16an Berri Txarrak, Willis Drummond, Txakatuak, Diabolo Kiwi eta Xiberootsen kontzertua izanen da.

Aurtengo Bectso saioa otsailaren 10ean antolatuko du Seaskak, Senpereko Larreko gelan 16:00etatik aurrera. Bertan, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko finalistak arituko dira: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Joana Itzaina izanen dute gai jartzaile. Seaskak zortziei «eskerrak» eman nahi izan dizkie Ipar Euskal Herriko ikastolen alde haien alea jartzeagatik.

Hilaren 14an, era berean, ETBko Go!azen telesail musikala izanen da protagonista. Hendaiako Sokoburu Antoine d’Abbadie d’Arrast gelan, 18:30ean denboraldiko azken atala ikusgai izanen da eta aktoreak bertan izanen dira. Sarrerak, aldez aurretik, Herri Urratsen webgunean lortu beharko dira.

Otsailaren 16an, berriz, rockak hartuko du protagonismoa. Biarritzeko Iraty aretoan Berri Txarrak eta Willis Drummond izanen dira, baita Seaskako ikasleekin osatuak diren Txakatuk eta Diabolo Kiwi taldeak eta Basabürüko ikastolako haurrekin kantu bat sortu duten Xiberoots xiberutarrak. Sarrera guztiak agortu egin dira dagoeneko.

KOKAPENA
Larreko gela
Senpere
Lapurdi