Serigrafiaren barrunbeak bistaratu ditu Usoa Zumetak Aieteko erakusketan

Data

20.11.06 - 21.01.31

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Usoa Zumeta, bere tailerrean, lanean. (XXXX)

25 urte daramatza lanean, publiko zabalari oraindik ere arrotza zaion teknika lantzen, serigrafia. Artelekun aitaren eskutik ezagutu zuen giroak erakarrita hasi zen langintzan. Bere eskutik hasi zuen ibilbidea eta puntako euskal artistekin aritu da elkarlanean.

2007. urtetik hasi eta 2019. urtera arte egindako lanak jarri ditu ikusgai Zumetak. Inpresio teknikaren aniztasuna islatzen du erakusketak. «Gustuko ditudan artistekin egindakoak aukeratu ditut», kontatu dio NAIZ-i. «Teknika berak eskaintzen dituen aukerak erakutsi nahi izan ditut», esan du.

Ez hori bakarrik. Serigrafia nola sortzen den, pausuz pausu ikusteko aukera aparta da. Erakusketaren lehenengo zatiaren protagonista Jesus Mari Lazkanoren ‘Svatvat II’ margoa da. Aproposa teknikaren barrunbeak erakusteko.

Geruzaz geruza, kolorez kolore, artelana erantziz joan zen margolari bergararraren eskuetan eta ondoren Zumetak egin zuen estanpazioa. Orain ikusleek beren begiez ikus dezakete prozesua, bertatik bertara. «Hamalau tinta erabili zituen Lazkanok bere margoan. Berak oso efektu errealista lortu du, beladura bat, beste bat... hamalaura arte. Orain irudiaren tripak ikus daitezke, hamalauak hor ikustea oso ikusgarria da. Lan izugarria izan zen eta aproposa da teknikaren exigentzia maila ere ikusteko». 

«Aitaren lanetan kolore gehiago ikusiko dugu, baina sei tinta besterik ez zituen erabiltzen. Lazkanok, berriz, hamalau, eta emaitza oso sotila da», nabarmendu du.

Bilboko FIG nazioarteko grabatu azokan jarri zuten ikusgai lehen aldiz eta hantxe jaso zuten publikoaren feed-backa. «Jendeak ez du pentsatzen hainbesterako lana dagoenik –dio–. Ahalegina batetik, eta bestetik, asko pentsatu beharreko lana da, marrazkia hainbat koloretan deskonposatu behar da. Hasieratik garbi izan behar da bidea zein den, nahiz bide horretan gero sorpresak hartu». Horixe politena, bidearen ezustekoak.

«Lazkano nire irakaslea izan zen fakultatean eta gertutik jarraitu dut bere lana. Azken seriea, Antartidakoa, izugarri gustatzen zait baina zinezkoa iruditzen zitzaidan teknika honetara moldatzea; lan asko eginda, atera da».

‘Gara’ egunkariaren espolioari aurre egiteko ekimena izan zen ARTEA GARA eta bertan ekin zioten elkarlanari Zumetak eta Lazkanok. «Orduan ikusi genuen oso ondo funtzionatzen zuela bere obrak eta ondoren beste bi lan editatu genituen», adierazi du.  

Bi hizkuntza desberdin dira, margoarena eta grabatuarena, eta itzulpen lana egitea da lehenengo pausua. Artistak berak egiten du. «Eurentzat ere erronka da»  Zumetaren esanetan. Alor teknikoa –prozesu fotografikoa dago oinarrian, argia, emultsioa...– dago bere gain, ofizioa.

Erakusketaren bigarren zatian 15 pieza aurkituko ditu bisitariak. Jose Luis Zumeta, Dora Salazar, Koldobika Jauregi, J.M. Lazkano, Ana Roman, Edu Lopez, Jose Antonio Sistiaga, Judas Arrieta, Nestor Basterretxea, Juan Luis Goenaga, Ainize Txopitea, Vicente Larrea eta Elena Asins aukeratutako artistak. Baita bi argentinar ere, Pablo Gonzalez eta German Gargano. Gustura ageri da Zumeta emaitzarekin. Azkenik, gonbita luzatu die NAIZ-eko irakurleei Aieteko erakusketa bertaratzeko. 

 

Kokapena

Aiete kultur etxea
Aiete Pasealekua, 63
Donostia. Gipuzkoa