Sistiagaren ibilbide txiki bat, Arte Bideak galerian
2020/09/12 - 2020/11/01
Ziburu
Lapurdi
Siatiaga
AIPAMENAK

Irailaren 12tik azaroaren 1era arte Jose Antonio Sistiagaren obran zehar ibilbide txiki bat egiteko parada eskainiko du Ziburuko Arte Bideak galeriak. 1961ean egin zuen «Gesto» serieko hiru obratatik hasi eta aurten margotutako «En la naturaleza» serieko margo handi batera arte, lan oso ezberdinak biltzen ditu erakusketak. Bere sorkuntzarako bidearen eta horrek dakarzkion sentsazioen berri ematen du artistak.

Ziburun ikusgai dauden obrak egiteko momentuan, lehenak bezala azkenak ere «kuriositateak eramanda» egin dituela baieztatu du Sistiagak. Denbora horretan guztian, hamarkadaz hamarkada egindako zenbait lan hautatu ikus daitezke Arte Bideak galerian.

Egindako margoek beti badute zer begiratu Sistiagarentzat, «loreak eta belarra bezala, koloreak ezberdinak dira, horrek erakartzen nau». Deskubritzeko ahaleginean aritu da beti artista, eta, Ziburuko erakusketan jasotako obra berrienari so, besteak jada ondo ezagutzen ditu, oraindik zer deskubritu badela nabarmendu du: «Ikusten dudana begiratzen dut, energia, indarra eta orekaren erreakzioa. Elkar atxikitzen duten pintzelkada askeak».

“En la naturaleza” du izena azken margo horrek, eta erakusketan toki nagusietako bat hartzen du, bere tamaina handiagatik, bereziki. Serie berean iaz egindako beste obra bat ere bada, eta bietan pintzelkada askeak ageri dira. Beste batzuetan, berriz, pintzelkada horiek askoz ere hertsiagoak dira, erakusketan ikusgai dauden 1987ko izenik gabeko obretan esaterako.

Hala ere, pintzelkadarik gabekoak ere badira, 2015 eta 2019 artean egindako ‘Como en la naturaleza’ seriekoak edo 2010 eta 2015 artean egindako ‘Vitesse, lumiere, couleur’ serietik Ziburun daudenak kasu. Bertan margoaren mugimendua ageri da, baina ez pintzelkaden bitartez; pintzelkada horiek oihalaren inguruan utzi duten mugimendu koloreztatua jasotzen da, margo zipriztinak, pintzelen mugimenduak kartoi batean elkartuta. Izan ere, artistaren arabera, «ideiak akzioan ateratzen dira, akzioak emozioak sortzen ditu nire baitan».

Akzio horiek elkartuz, mugimendu ezberdinak bilduz egindako lanak ere badaude, 2014tik 2019ra sortutako ‘Como en la naturaleza’ sortako lau obrak esaterako.

 



KOKAPENA
2 Rue Pocalette, 64500
Arte Bideak galeria
Ziburu
Lapurdi
LOTURAK