Skasti, Azkena eta Etxera

Data

23.05.27 - 23.05.27

Lekua

Gipuzkoa - Zarautz

Skasti taldearen azken afaria eta azken emanaldia larunbatean
Skasti taldearen azken afaria eta azken emanaldia larunbatean (Skasti)

Skasti taldeak bere azken emanaldia eskainiko du Azkena eta Etxera biraren barruan. Maiatzaren 27an izango da, Zarauzko Hiruputzu gaztetxe berrian. Zarautzen bertan osatu zen taldea 2005. urtean, eta etxean emango diote amaiera musika bideari. Azken dantza arratseko 19.30ean hasiko da, Xiarroman disko-jartzailearen saioarekin. 22.30ean igoko da agertokira Jikura taldea kontzertuari hasiera emateko, eta gauerdian izango da Skastiren txanda. Gaualdi honetarako sarrera guztiak amaitu dira dagoeneko.

Ska giroak abiapuntu

Beste ehunka talde bezala, Salbatore Mitxelena Ikastolako lagunek osatu zuten Skasti taldea 2005. urtean. Hasierako garaiak ska musikari lotuak izan ziren, eta hortik dator taldearen izena. Denboraren poderioz, baina, taldea garatuz joan da, eta musika eragin berriak lagun, rock alternatiboa, pop-a, indie-a eta funka bezalako estiloak nagusitu dira taldean elektronikaren presentzia gora egin duen neurrian.

Musika bidean iraupen luzeko hiru disko kaleratu ditu talde gipuzkoarrak. Musikalki, garapen handia izan dute lehen diskotik estudioko azkenera, eta zuzeneko estrategia ere aldatu dute musika eragin berrien eraginez. Aldatu ez dena taldearen jarrera izan da. Kontzertu bakoitza festa bat bilakatzen dute, dantza eta algara nagusituz eskaini duten zuzeneko bakoitzean. 18 urte eta gero, taldeak agur esango dio musika bideari, eta afitxean ‘Azkena eta Etxera’ leloa idatzi badute ere, segur aski eguzkia irtengo da taldekideak etxeko bidea hartu baino lehen.

Ordutegiak

19.30: DJ Xiarroman
22.30: Jikuri
00.00: Skasti

Kokapena

Hiruputzu gaztetxea
Zehar Kalea
Zarautz. Gipuzkoa

Loturak