Sormen Ola, gazteentzako euskal kulturaren transmisiorako tailerrak Loraldiaren eta EHUren eskutik

Data

23.01.28 - 23.05.27

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Miren Amuriza izango da tailerren gidarietako bat.
Miren Amuriza izango da tailerren gidarietako bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Belaunaldi gazteenei zuzendutako Sormen Ola egitasmoa prestatu dute Loraldiak eta EHUk. Amaia Ocerinek Loraldiaren izenean adierazi duenez «Loraldiak konpromiso sendoa du gure kulturaren transmisioarekin. Eta, zalantzarik gabe, belaunaldi gazteengan jarri behar dugu arreta handiena. Haiek dira eta izango dira sortzaile berriak eta kulturaren kontsumitzaile publikoa orainean eta etorkizunean. Prestakuntza eskaini nahi diegu, esperimentatzeko aukera eta proposamen kultural berrienez gozatzeko eta beren sorkuntzak eskaini ahal izateko gune bat».

Gorka Morenok, EHU Bizkaiko Campuseko errektoreordeak honakoa azpimarratu du: «Sormen Ola proiektua gizartearekiko lankidetzaren adibide argia da; izan ere, gure ikasleak modu aktiboan parte hartzen du hainbat arlotan kultura-sorkuntzan».

Patxo Telleria da saio hauetako parte hartzaileetako bat. Bere esanetan «honelako ekimenak guztiz beharrezkoak dira. Sortzaile bilakatu nahi diren gazteek beharrezkoa dute trebatzea eta esperimentatzea. Aurreko udan izan genuen esperientzia oso aberasgarria izan zen eta etorkizunean modu profesionalean arituko direnak hemendik sortuko dira».

Sormen Ola 16-29 urte bitarteko gazteentzat zuzendutako euskal kulturaren transmisioa bilatzen duen tailer-programa da.

Hilean behin burutuko da, larunbata goizez eta ikastaro trinkoen formatoan. Horrela aukera izango dute aste bitartean tarterik ez daukaten gazteek eta Bilbotik kanpo etor daitezkeenek ere. EHUko Bizkaia Aretoan burutuko dira tailer guztiak.

Monografikoak

Gaiak monografikoak izango dira, sormenaren alor ezberdinak landuko direla, urtarrila eta maiatza bitartean: dantza, musika, arte eszenikoak, literatura, ikus-entzunezkoak eta hitzak eta irudiak. Eta erreferentziazko profesionalek eskainita: Jon Maya, Patxo Telleria, Joseba Sarrionandia, Paul Urkijo edota Miren Amuriza, besteak beste.

EHUkulturaren ekimenez, Bizkaiko campuseko ikasleentzat doakoa izango da. Beste parte hartzaileentzat 15 euroko kostua izango du saio bakoitzak.

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Abandoibarra, 3
Bilbo. Bizkaia