Stupenda Jones Olaztiko gaztetxearen urteurren jaialdirako itzuli da

Data

22.05.14 - 22.05.14

Lekua

Nafarroa - Olazti

Jon Morcillo, Javier Santano eta  Xabi Zelaia  izango dira Stupenda Jones.
Jon Morcillo, Javier Santano eta Xabi Zelaia izango dira Stupenda Jones. (Stupenda Jones)

Olaztiko gaztetxeak urteurren berezia ospatuko du eta okasiorako Sakanatik Euskal Herri osoan entzutetsua izan zen taldea itzuliko da: Stupenda Jones. Beste hiru musika proposamen ere izango dira Olaztin: Streetwise, Ahuntzak eta Stepi Selektah. Kontzertuen sarrerak honako lekuetan eskuragarri izango dira aurrez 5 euroan. Xapa (Etxarri), Idergi (Altsasu), Clinker (Olazti) eta Herriko (Agurain). Agortzen ez badira jaialdia hasi baino lehen salgai jarriko dira gaztetxeko atean,

Stupenda Jones

Duela ia 20 urte elkartu ziren Olazti eta Altsasuko lau gazte musika talde bat egiteko: Stupenda Jones.  Sortu eta gutxira oso disko entzutetsua osatu zuten Brigada Criminalekin batera, erdibana. Sakanakoek sei abesti sartu zituzten ‘Osti bi’ izeneko lan mitiko hartan. Gor diskoetxeak plazaratu zuen diskoa. Geroago beste lan bat kaleratu zuten, ‘Etorkizuna lehertu’, hau ere Gor diskoetxearekin. Eta hirugarrena, eta azkena  Maldito Records zigiluarekin atera zuen Stupenda Jones taldeak: ‘Hiru’. Aspaldian jo gabe egon dira taldekideak, baina Olaztiko gaztetxearen urteurrenak gogoa piztu eta emanaldi bakarra egingo dute. Horretarako prestatzen ari dira entsegu lokalean, eta hiruko gisara taularatuko da banda.

Streetwise

Iruñean 2017an sortutako banda bat da Streetwise. Ibon, Adri, Jon eta Aritz dira. 2019an plazaratu zuten beraien lehen lana eta bertan hamaika korte azkar entzuteko aukera eskaini zuten. ‘Kaosa Euskal Herrian’ aspaldian Euskal Herrian oi! doinuekin eta kaleko soinu azkarrekin egin den bilduma handienean ere abesti bat sartu zuten iruindarrek: ‘Amaiera’. Eta berriki beste lan bat plazaratu dute: ‘Egia ala gezurra’. Lau kanta azkar, eta etorkizun oso bat aurretik.

Ahuntzak eta Stepi Selektah

Ahuntzak taldea ezagutzeko aukera izan daiteke Olaztikoa eta reggae eta rap doinuekin dantzan jarriko ditu guztiak Stepik. Sound system erako emanaldiak izaten dira bereak, eta aspaldion gero eta gehiago entzuten diren erritmoekin bukatuko da Olaztiko gaztetxearen 27. urteurrena ospatzeko egun osoko egitaraua.

Kokapena

Maisunea gaztetxea
20 Kale Nagusia
Olazti. Nafarroa

Loturak