Subh, Al–Andalus gobernatu zuen emakumezko esklabo baskoia

Data

21.06.09

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Euskalbarroque taldea. (NAIZ)

Euskal Barrokensemblek ‘Subh, Al–Andalus gobernatu zuen emakumezko esklabo baskoia’ estreinatuko du ekainaren 9an Kursaalen. Bi emanaldi izango dira, Kursaal Eszenaren Klasikako programazioan, 17.00etan eta 19.30etan.

Enrike Solinis zuzendari duen antzinako musika taldearen proiektu berriak musika, kantu flamenkoa, dantza, narrazioa, kantua eta bertsolaritza uztartu ditu pertsonaia historiko baten nondik norakoa marrazteko. Subh, hain zuzen ere.

«Emakume baskoi hori esklabo zela iritsi zen Al-Andalusera eta, ziur asko bere musika eta literatura ezagutza sakonak medio, Al-Hakam II kalifaren begiko bihurtu eta andere handi izendatu zuten; ondoren, kalifaren seme zaharrenaren, Hishamen ama izanagatik erregina izan zen. Hogei bat urtean, 976tik 996ra, kalifatoa gobernatu zuen eta Almanzor-i berari ere aurre egin zion, bere semearen herentzia babesteko asmoz betiere; izan ere, horretarako adina nortasunik ez zuelako edo gaixotasunen zuelako, Hisham ez zen kalifatoa bere kabuz gobernatzeko gai izan. Hartara, Subh, esklabo baskoia kalifatoaren historian protagonista izan zen, Almanzor-ek agintaritzatik baztertu zuen arte; Almanzor handik urte gutxira zendu eta kalifatoa taifa txikitan banatzeak horren gainbehera ekarri zuen», adierazi dute Kursaletik.

Al-Andalus-en historiaren baitan kokatutako Subhen historia kontatzeko, Euskal Barrokensemblek eta Enrike Solinisek askotariko diziplinak biltzen dituen ikuskizuna sortu dute eta, garaiko musika testuingurua islatzeko, alor desberdinetako artistak lagun hartuta. «Aro hartan, orduko errealitatearen ildotik, musika kultura anitzek bat egin zuten; horien artean, arabiarraren eta judu-kristauaren bat egitetik sortu zen musika andalusia, XI eta XII. mendeetan garatu zena», gaineratu dute. Publikoak Subh, esklabo baskoiaren historia errazago jarrai dezan, Mikel Zuzak hautatutako testuak baliatu dituzte.    

Euskal Barrokensemblerekin batera, ikuskizunean ariko dira Warda Mallal andalusi dantza bikotea, Bilaka Dantza Kolektiboa, Rosario La Tremendita flamenko-kantaria, Josean Bengoetxea –narratzaile lanetan– Julio Soto bertsolaria eta Capilla Wasconiae abesbatza.

Enrike Solinisek, antzinako musikan nabarmendu den bilbotar musikariak 2006. urtean sortu zuen Euskal Barrokensemble. Estilo ezberdinetan adituak diren musikariek osatzen duten taldea da eta, zeharkakotasuna oinarri hartuta, Errenazimenduko, Barrokoko eta XX. mendeko musikak interpretatzen eta birsortzen dituzte, arreta berezia jarriz ahozko tradizioaren bidez transmititutako musikatan.

Euren proiektuetan, birsortzearekin batera inprobisazioari tartea egiten diote (‘Colores del Sur, baroque dances for guitar’,  ‘Euskel Antiqva, le legs musical du Pays Basque’, ‘El Amor Brujo, esencias de la música de Manuel de Falla’). Nazioarte mailan aitortua, honakoetan izan da, besteak beste: Vienako Konzerthaus, Ludwigsburgeko Jaialdia, Stockholm Early Music Festival jaialdia, Spring Festival Prague, Bilboko Musika-Música, Musika Hamabostaldia, Madrilgo Auditorio Nazionala eta Brujaseko Konzertgebouw.

Erabateko estreinaldi horren bi saioetarako sarrerak eros daitezke Kursaaleko webgunean eta Kursaaleko leihatilan.

Kokapena

Kursaal
Zurriola Hiribidea, 1
Donostia. Gipuzkoa