Neomak, Iker Lauroba, Leire Letu eta Amaia Elizaran gehitu dira Atlantikaldira

Data

22.09.15 - 22.09.18

Lekua

Gipuzkoa - Errenteria

Iazko edizioaren irudia.
Iazko edizioaren irudia. (ATLANTIKALDIA)

Tanxugueiras eta Neomak; Kolinga, Iker Lauroba eta Leire Letu; Las Karamba eta Amaia Elizaran; Les Amazones D'Afrique eta Tony Viser; eta España Circo Este eta Moonshine Wagon izango dira Atlantikaldia jaialdiko agertokian. Irailaren 15etik 18ra egingo da jaialdia eta ohiko esentzia nahiz formatua berreskuratuko ditu Errenteriako kaleak berriro ere hartuta.

«Atlantikaldiak nortasuna badu, urte hauetan guztiotan arte diziplina ezberdinen bidez eraiki ditugun lengoaia komunei esker lortu du. Eta horixe dira itsas kodeak, herrien arteko ulermenerako erabili izan diren lengoaia unibertsalak. Kontzeptu hau gurera ekarri dugu kulturen arteko elkarbizitza ahalbidetu eta sustatzeko egiten dugun apustuaren adierazgarri», azaldu zuen Errenteriako alkate Aizpea Otaegik aurkezpenean. 


Tolosak, bere aldetik, jaialdian sorkuntzak duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen: «‘Itsas elkarrizketen’ bidez jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzen ditugu, nazioartekoak eta bertakoak, eta inoiz taularatu gabeko proposamenak eskaintzen ditugu».

«Baionako Kolinga taldeak Iker Lauroba eta Leire Letu izango ditu aldamenean; Las Karamba taldearen erritmo latinoek Amaia Elizaran dantzariaren gorputza gidatuko dute; Tanxugueiras galiziarrek Neomak taldeko zazpi emakumeekin ahotsa emango diote euren herrietako tradizioari; Les Amazones D’Afrique musikari afrikar aktibistak Tony Viser dantzariarekin arituko dira oholtza gainean, eta España Circo Este talde italiarrari Moonshine Wagon laukote euskalduna gehituko zaio», iragarri zuten.

Beste esparruak

Musika alorra gaindituta beste diziplina batzuetan ere izango dela ‘elkarrizketa’ hauetaz gozatzeko aukera, hala esan zuen Tolosak: «‘Nongoa Zara’ bertso saio musikatua ikusteko aukera izango da batetik, jatorri aniztasuna abiapuntutzat hartuta, Errenteriako ikastetxe guztietako haurrekin prestatutako emanaldia. Ikuskizunean parte hartuko duten bertsolariak Andoni Egaña, Alaia Martin, Aitor Sarriegi eta Maddi Ane Txoperena izango dira, musika Gari Otamendiren eskutik etorriko da, eta Unai Gaztelumendi zuzenean marrazten arituko da».

Bestetik, ‘Kataluniar Konexioa: Rumba eta beste!’ ikuskizuna aurkeztuko dute. Errenteriako Herri Arte eskolak El Prat de Llobregateko Escola d’Arts en Viurekin egindako hilabeteko elkartrukearen ostean sortutako musika eta dantza ikuskizuna da, Katalunia eta Euskal Herriko doinuak taularatuko dituena.

Gainera, Oreretako hainbat jatorrietako pertsonek Sergio Cuartero sukaldariarekin egindako sorkuntza lan-prozesu baten emaitza diren pintxoak dastatu ahal izango dira jaialdi osoan zehar Herrixkan izango den foodtruckean.

Ekintza gehiagok osatuko dute aurtengo edizioaren egitaraua eta guztien ordutegiak eta xehetasunak dagoeneko webgunean kontsulta daitezke.

Atlantikaldia Errenteriako Udalak antolatzen duen kultur topagune eta musika jaialdia da, aniztasunari gorazarre egiten dion festa. Jaialdiaren 9. edizioa izango da aurtengoa.

Ideia hau jaialdiak izango dituen lau gune nagusietara eramango dute. Lehendakari Agirre plaza, Panier orubea, Herriko plaza eta Foru plaza izango dira gune horiek nahiz eta ibaia eta herrian zehar ere ekimenak antolatuko dituzten. Egitura honekin, aurtengoa herriko txoko ezberdinetan jaialdiarekin bat egitearen sentsazioa berreskuratzeko ekitaldia izango da.





Kokapena

Herriko plaza
Herriko plaza
Errenteria. Gipuzkoa