‘Tarara’ agertokira eramango du Hika Teatroak

Data

22.01.15 - 22.03.30

Lekua

Gipuzkoa - Errenteria

Jasmin prostitutaren larruan sartu da Kepa Errasti ‘Tarara’ antzezlanean.
Jasmin prostitutaren larruan sartu da Kepa Errasti ‘Tarara’ antzezlanean. (David BERNUÉS)

‘Tarara’ lanaren euskarazko estreinaldia larunbat honetan egingo du Errenterian Hika antzerki konpainiak eta gaztelaniazkoa 28an estreinatuko du Bilboko Arriagan –27an euskaraz eskainiko dute–. Barkamenari buruz Josi Alvaradok idatzitako istorioa da. Beste hainbat hari-mutur ditu: zahartzaroa, amatasuna eta adingabeen sexu abusuak.

Josi Alvarado alacantarrak 2019an argitaratutako idatzia da ‘Tarara’ eta hainbat sari irabazitakoa. Irakurri bezain pronto irudietan ikusi zuen Agurtzane Intxaurragak. «Oso testu poetikoa da, irudiz josia ikusi nuen eta asko erakarri ninduen», gogoratu du Hika Teatroa konpainiaren zuzendariak.

Rosa, biolinjotzaile birtuosoa, du protagonista eta bere ondoan Jasmin du, haurtzaroko lagunik onena, prostituta. «Thriller poetikoa» bezala definitu du zuzendariak obra, sute baten inguruan gertatzen dena. 42 urteko emakumea da gaur egun Rosa. «9-10 urte bitartean ikusiko dugu Rosa. Bere iragana eraiki beharko du, eta berarekin batera, publikoak. Bere amarengana doa, hura bizi den adineko zentrura eta harekin dituen enkontruetan osatuz doa bere iragana», gaineratu du.

Isiltasunak paper garrantzitsua du bien solasaldietan. «Kontu asko isilduta daude obran. Emozioak gordeta dude, eta sekretuak ere. Kontatzen ez dena kasik kontatzen dena baino garrantzitsuagoa da», bere esanetan.   

«Oso istorio potenteak kontatzen dira. Elegantzia handiz daude esanda eta era berean benetakotasun handia dute, kalean entzundakoak dirudite; uste dut Josik horretan asmatu duela», adierazi du.

Aktore talde handia dabil buru-belarri proiektuan. «Nire asmoa sei aktore izatea zen bi bertsioetan baina arrazoi desberdinengatik azkenan bederatzi aktore dira», dio.

Rosaren pertsonaia bi aktorek jokatzen dute, musikaria bata –Jurdana Ochoa biolinjotzailea–, antzezlanaren bizkar-hezurra den istorioaren narratzailea bestea –Tania Fornieles euskaraz, Sandra Ferrus erderaz–. «Biak bat dira, horretara jokatu dut», esan du.

Kepa Errastik –oraindik askok gogoan dugu Hikaren ‘Txarriboda’ antzezlanean egindako lana– jokatuko du Jasminenen papera. «Hasieratik pentsatu nuen berarengan. Oso lan polita egin du, abaniko zabala ateratzeko aukera eman dio pertsonaiak, luzitzeko (modu onean) eta euskal antzerkia maila altuan jartzeko», aitortu du Intxaurragak. Errastirentzat, «gozokia» Jasminen larruan sartzea.

Itziar Ituño eta Eneritz Artetxek, biek, emanaldiaren arabera txandakatuz, amaren papera beteko dute. «Erronka handia bientzat, izan ere oraintxe dira 70 urteko ama eta oraintxe 42 urtekoa, denboran atzera-aurrean» zuzendariaren esanetan. Jose Cruz Gurrutxagak, berriz, hiru pertsonaia egiten ditu.

Zuzeneko musika

Ez da musikala, baina musikak presentzia handia du antzezlanean, beste protagonista bat bihurtzeraino. Rosaren mundua komunikatzeko tresna da. Musika klasikoa –Paganini, Lizst, Debussy– entzungo du ikusleak. Ochoarekin batera Adrián Garcia de los Ojos eta Iñar Sastre pianojotzaileak txandakatuko dira Liszt musikariaren paperean. Baita herri musika ere, ‘La Tarara’, ‘Llorona’ eta Leteren ‘Habanera’, tartean.

Jasminen gaueko lana aipatu bai, baina ez da erakusten idazlanean. Intxaurraga saiatu da hori iruditan jartzen. «Giro horretan eszenaratu dugu herri musika», adierazi du zuzendariak. «Memoria historikoa ere bada, giro hori ez da askotan ukitu euskarazko lanetan», esan   du.

Bi ezaugarri nabarmendu ditu zuzendariak: «Testuak duen lirismoa, batetik, eta bestetik, kaleko hizkuntza bizia, zuzena, batez ere umearen eta prostitutaren arteko elkarrizketatan».

Alvararok berak aitortu du eragin bikoitza: Lorcaren lirismoa eta Almodovarren technicolor-a. «Biak sentitu egin nituen irakurtzerakoan», dio Intxaurragak.

60. hamarkadan girotu zuen autoreak eta Intxaurragak hamarkada bat atzeratu du, 70. hamarkadara, eta Bilbora ekarri, La Palanca auzora. Bertan bizi dira Rosa, ama eta Jasmin.

Alvaradoeren esanetan barkamenari buruzko kanta da. «Egia da. Horrekin batera amatasuna, adingabeen aurkako abusuak eta prostituzioa. Edertasunaren aldarrikapena ere egiten da, egiaren edertasuna. Horren bila dabil Rosa. Eta edertasun hori eszenara eramaten saiatu naiz; geruza asko ditu».

Alvaradoren hitzak bere sentitu zituen. «Nik sentitzen nuena berak idatzia zuen jada; oso nirea sentitu nuen», dio.  
Arantxa Iturbek ekarri du testua euskarara.

Badu ilunetik. «Agertzen diren gertaera batzuk oso ilunak dira, eta horren barruan Rosak Jasmin izango du lagun umezarotik nerabetasunerako pausu horretan otsoei aurre egiteko, egin beharko die-eta aurre».

Bilboko kaleak. «Maitasuna eta izua, biak batera ematen dira bertan. Hori adierazi nahi izan dut. Bilboko kaleetan emozioak dira inportanteenak, eta niretzako antzerkia era horixe da, emozioa. Eta espero dut publikoa ere emozionatzea. 

Muntaiak suposatu dion ahalegina aipatu du zuzendariak. Baita bi bertsio egiteak ere. «Garbi neukan idazlan hau euskarara ekarri behar nuela, baina ze esfortzu den euskalduna izatea gaur egun, ikaragarria! Euskal Herritik kanpora atera nahi baduzu gaztelaniazko bertsioa ere behar duzu. Eta sekulako ahalegina da bi bertsioak prestatzea, bi estreinaldien datak bata bestearen atzean dituzu», esan du.

Gasteiz (otsailak 10), Zornotza (otsaila 18), Lasarte-Oria (otsailak 19), Eibar (martxoak 9), Ermua (martxoak 18), Arrasate (martxoak 20), Barakaldo (martxoak 26) eta Getxo (martxoak 30) dira hurrengo emanaldien lekuak. Valencia eta Alacantera ere joango dira.

Kokapena

Lekuona Fabrika Kulturgunea
Ugarritza, 1
Errenteria. Gipuzkoa