Tom Kublin moda-argazkilariari buruzko erakusketa Balenciaga Museoan

Data

22.06.10 - 22.10.16

Lekua

Gipuzkoa - Getaria

Urria bitartean dago zabalik erakusketa.
Urria bitartean dago zabalik erakusketa. (Jon URBE | FOKU)

Getariako Cristobal Balenciaga Museoak ‘Tom Kublin, Balenciagarentzat. Ezohiko lankidetza’ erakusketa zabaldu du; ekainaren 10etik urriaren 16ra egongo da ikusgai, asteartetik igandera 11.00etatik 19.00etara. 10 eurotan eskuratu daitezke sarrerak esteka honetan.

Diseinatzaile getariarraren bildumekin egiten zuen lan Tom Kublin (Zalaszentgrot, 1924 - Locarno, 1966) argazkilari hungariarrak. ‘Harper's Bazaar’, ‘Jardin des Modes’ edo ‘Weekend Telegraph’ moda-aldizkariek beraien azaletara eraman zituzten bere irudiak eta bi hamarkadaz baino gehiagoz egin zuen lana. Bere izena, ordea, ez da ezaguna. «Balenciagaren bueltan gabiltzanok bagenekien Kublin delako batek argazkiak sinatu zituela, baina ez genekien beste ezer», esan du Ana Baldak.

Getariako Balenciaga Museoak zabaldu duen ‘Tom Kublin, Balenciagarentzat. Ezohiko lankidetza’ erakusketaren komisarioetako bat da Balda; bestea, Maria Kublin, argazkilariaren alaba eta arte-historialaria. Orain hiru urte izan zuten batak bestearen berri. Maria Kublin interneten bere aitari buruzko informazio bila ari zela egin zuen topo Tom Kublini buruz Ana Baldak egin zuen tesiarekin eta harremanetan jarri zen berarekin. Hura izan zen ostiral honetatik urriaren 16ra arte Cristobal Balenciaga Museoan ikusgai egongo den erakusketaren hazia.

Erakusketak, Maria Kublinen hitzetan, «Balenciaga beste artista baten bidez erakusteko modu berri bat» proposatzen du.

Landa-lana

Izan zuen bizitza laburrerako –47 urte zituela hil zen–, gizon «produktiboa» izan zen Kublin, Baldaren esanetan. «Hala ere, zorte txarra izan dugu, oso negatibo gutxi daude eta landa-lan handia egin behar izan dugu», aitortu du erakusketa aurkezpenean.

Baina lortu dute bilduma oparo bat berreskuratzea: Kublinen 100 argazki inguru (gehienak aurrez erakutsi gabekoak) eta bost film –horietako bat, ‘Le Dix’ lurrinaren iragarkia, gordeta zeukan Super8 batean topatu zuen Maria Kublinek, zer zen ez zekiela– daude ikusgai museoan. Parisko Balenciagaren Artxiboa, Suitzako Museo Nazionala eta Züricheko Diseinuaren Museoa izan dituzte bidelagun argazkilari hungariarraren obra berreskuratzeko bidean.

Dena digitalizatu dute. «Informazio hau digitalizatuko ez balitz, artistak anonimoa izaten jarraituko luke», nabarmendu du Baldak.

Zürich-etik Parisera

Bigarren Mundu Gerraren ostean sartu zen modako argazkilaritzara Kublin. Zürich-en hasi zuen bidea; orduan, bertatik hornitzen zen Estatu frantseseko goi-mailako jantzigintzaren eskaria. Han, argazki-estudio bat ireki zuen, eta lotura izan zuen Abraham zeta-enpresarekin. Zürich-etik Parisera egin zuen salto, han beste estudio bat irekitzeko.

1950eko hamarkadaren erdialdean jo zuen Cristobal Balenciagak Kublin argazkilariarengana eta orduan hasi zen bien arteko harremana. Parisen ohikoa zen bezala, bere bildumak argazkietan dokumentatu nahi zituen diseinatzaileak, haien copyrighta babesteko, eta hungariarrari egokitu zitzaion lan hori.

Balenciaga Museoko arduradunen arabera, «urte horietan, argazkilaritzaren artea moda beste perspektiba eta ikusmolde batzuetatik aurkezten hasi zen, eta, zenbaitetan, goi-mailako jantzigintzak eskatzen zuen izaera berritzailea eta gaitasun teknikoa lausotuta gelditzen ziren».

Kublinenak, ordea, argazki soilak ziren, arteari gutxienekoa eskaintzen ziotenak: Balenciagaren diseinuek zuten protagonismo oso-osoa, haren puntadak, mendelak eta detailerik txikienak. Argazkien atzealdea, gehienetan, beltza da, distortsiorik gabe erakusten du jostunaren trebetasuna. Modeloa ere, ia espresiorik gabekoa.

Gutxi batzuetan, elementu batzuk sartzen zituen Kublinek, Balenciagaren ikonografia propioa eraikiz: gortina dotore bat edo aurkezpen-aretoko aulkiak, kasurako. 1960ko hamarkadaren hasieratik aurrera, argazkiez gainera, bildumak eta desfileak filmatzen ere hasi ziren. Bost daude ikusgai ‘Tom Kublin, Balenciagarentzat. Ezohiko lankidetza’ erakusketan.

Kokapena

Cristobal Balenciaga Museoa

Getaria. Gipuzkoa